Goizane Aizpuruak IZARAK eleberria aurkeztu du

0

“Emakume ahotsa ardatz sendotzat hartuz, bizitzan hartutako erabakiak zalantzan jartzea da xedea, ordu arte oinarri sendo izan den guztia kuestionatzeraino”, azpimarratu du egileak aurkezpenean

Deban jaioa da Goizane Aizpurua, eta Arte Ederretan lizentziatua. Lanbidez, zaharberritze eta kontserbazioan dihardu. Formazioz eta lanbidez dago, beraz, sormenetik hurbil, eta, Jorge Giménez Bech editorearen hitzetan, «horren araberakoa du sentiberatasun artistikoa, artegintzaren hainbat alorretan jardutera eraman duena».

Antzerkiaren munduan hasi zen testuaren inguruko esperientzia estetikoa lantzen, Goaz antzerki taldeko kide izan baitzen. Alor horretan bertan, gertuko harremanak izan ditu hainbat antzerki idazlerekin, besteak beste Oier Guillan eta Galder Perezekin (Orratx eta Gilkitxaro antzerki taldeko kideak, hurrenez hurren). 2006an idatzi zuen bere lehen antzerki gidoi luzea, Goaz taldearentzat: Kanika zuri-beltzak. Ez da hori izan, hala ere, plazaratu duen idazlan bakarra: 2013an, Irarrazabalgo hormarteratua izeneko kondaira-bildumarako kontakizun bat eskatu zioten, liburua itxiko zuena hain zuzen ere, eta 2018an, Afasia Airlines poesia-liburua argitaratu zuen, Pasaia Hiria – Xabier Portugal saria irabazi ondoren.

“Lehen eleberria du –azaldu du Giménez Bechek– Goizane Aizpuruak, gaur aurkezten duen IZARAK izenekoa. Eta gezurra dirudi. Gezurra dirudi, apustu zehatz bezain osotua dakarrelako Goizaneren nobelak. Ekoizpen umotua da, zalantzarik gabe, nobela hau, bai formaz, bai idazkeraz umotua. Lorpen harrigarria, lehen eleberri baterako, egilearengan dagoen idazle-senaz pista esanguratsua ematen digun zeinua”.

Editoreak azaldu duenez, hiru pertsonaia nagusi ditu kontakizunak: Ane eta Xabi, “bizitza arrunta duen bikote gazte arrunta –adierazi du editoreak–, eta haien lagun mina, Elene. Oporretan doaz hiruak elkarrekin, eta bidaia horren ondorengo urtebetearen buruan, ezerk ere ez du lehenean iraungo».

Abiapuntu horretatik, plano diferenteetan mugitzen den kontakizuna osatu du Aizpuruak. Ez dago narratzaile bakarra: “Anek hitz egiten du hainbat pasartetan –azaldu du eleberrigileak–, baina baita narratzaile neutro batek ere beste hainbatetan, eta atal bakoitzaren hasieran ahots ezberdin bat ageri da, gogoetatsua, poetika zeharo propio bat duena, nobelako gainerako ahotsetatik aldenduta baina gehiegi urrutiratu gabe mintzo dena».

Ane eta Eleneren arteko harremanak osoki inplikatuko ditu biak, arima zein gorputz, eta harreman horren bilakaerak osatzen du eleberriaren hezurdura, “esan genezake –jarraitu du idazleak– bi emakume horien identitatearen eraikuntza dela eleberriaren mamia. Alor guztietara zabaltzen den eraikuntza da: gorputzaren bizipena; intimitatea; rolen banaketa eta haiek barneratzeko modua; bikotea, sexu eta bestelako harremanak; maitasuna… Den-dena”.

Egileak azpimarratu duenez, bila dabiltza etengabe bi emakumeak, dena kuestionatzeraino daramatzan bilaketa batean bizi dira, ziurgabetasunaren erdian. Elkarren bila, norberaren bila, irtenbide bila: “Emakume ahotsa ardatz sendo hartuz, bizitzan hartutako erabakiak zalantzan jartzea da xedea. Inoiz lehenago izan gabeko zalantzak agertzen hasten zaizkio bereziki Aneri, besteen begiraden bitartez sortutako identitateak eta berak gizarteratu duen ohiko identitateak bat-batean huts egingo balute bezala, lehen dena oinarritzeko balio bazuten ere, orain kolokan ageri baitira, erortzear”.

Eleberriko pertsonaia maskulinoak, Xabik, aldiz, bilaketaren antipodetan dagoela dirudi, ziurtasunez eraikitako dorre batean, antza.

“Garrantzi berezia dute –amaitu du Goizane Aizpuruak– eleberriaren eraikinean ‘intro’ modura funtzionatzen duten sarrerek, atal bakoitzari hasiera ematen baitiote. Horrez gain, Txuma Murugarrenen ‘Bizitza garratza da (oraindik ere)’ abestiko bostgarren urtaroa ekarri dut, ‘zerbait hoberen esperoan ematen den denbora’, hain zuzen. Eleberriaren giroa ongi jasotzen duela iruditzen zait».

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments