Joxemari Iturralde: “Haikuak modu ezin hobea dira jendea poesiara erakartzeko”

0

Idazle tolosarrak Udaberria sutan. Ia ehun haiku liburua kaleratu du Pamiela etxearen eskutik

Japoniar erara, haiku modura egindako poemak dira Joxemari Iturralde (Tolosa, 1951) idazle tolosarraren Udaberria sutan. Ia ehun haiku lan berria osatzen dutenak. Iturraldek idazten dituen haikuek tradizio japoniarrean oinarritzen diren funtsezko hiru arauak betetzen dituzte: batetik, 5-7-5 silabako olerkiak dira; bestetik, ez dute errimarik; eta azkenik, kigo izenaz ezagutzen den urtaro hitza dute. “Kigo hitzak gogoratzen digu naturaren parte garela. Japoniarrek kigo hori oso zehatz erabiltzen zuten. Esate baterako, poema batean ageri bazen liztorra hitza kigo bezala, irakurle japoniarrak berehalaxe ulertzen zuen udaberria esan nahi zuela. Gauza bera erlea hitzarekin: poema batean erlea azaltzen zenean, irakurle japoniarrak bazekien horren azpian poetak udaberria esan nahi zuela. Oreina azaltzen baldin bazen, udazkena zen, lehen geruza batean; eta bigarren geruza batean zen gurasoek euren seme-alabekiko duten maitasuna, japoniarrek bai baitzekiten oreinak, nonbait, asko zaintzen eta maitatzen dituela bere kumeak”.

Unibertsitate garaian literatura ikasten ari zela entzun zuen lehen aldiz Joxemari Iturraldek Octavio Paz poeta mexikarraren izena, eta haren liburuak irakurrita izan zuen lehenengoz  haikuaren berri. “Gero, 1971n uda pasatzera Ingalaterrara joan nintzen, eta han nire ingeles kaxkarrarekin hasi nintzen liburutegietan (hemen oso gutxi baitzegoen) mundu horretara pixka bat inguratzen. 73n soldaduskara joan nintzen nire zoritxarrerako, eta urte eta erdi penagarri hartan eskerrak haikuak hasi nintzen idazten, efektu baltsamiko moduko bat izan baitzuten niretzat une hartan. Soldaduskako garai harekin lotura duten bizpahiru sartu ditut liburuan”. Horiez gain, orain 45 urte San Franciscon Allen Ginsberg-en emanaldi bat ikusi zuen Iturraldek. “Ginsberg zen filosofiaren fasean zegoen une hartan, hindu bat bezala jantzita… Mundu bat deskubritzea bezala izan zen hura niretzat. Eta han indartu nintzen haikuekin eta poesia japoniarrarekin. Noski, nik alde batera uzten ditut erlijioa, sekta horiek… baina hor ikusi nuen mundu bat bazegoela. Beraz, aspaldiko ohitura dut haikuak idatzi eta karpetetan gordetzearena. 2000-3000tik gora ditut eginda euskaraz eta gaztelaniaz. Eta liburu hau antologia txiki bat baino ez da”.

Joxemari Iturraldek uste du haikuak modu ezin hobea direla jendea poesiaren mundura erakartzeko. “Jende askok errespetua, beldurra dio poesiari, eta uste dut haikuak irakurtzea oso modu aproposa izan daitekeela poesiarekin zaletzen eta gozatzen hasteko. Poema laburrak dira, trinkoak, oso ulergarriak, ikusgarritasun handikoak, irudi biziak eskaintzen dituztenak…” Urtean zehar eskaintzen dituen literatura tailer eta ikastaroetan lantzen ditu haikuak Iturraldek ikasle helduekin, eta ikastaro horietan garbi ikusi du “sistema honek oso ondo funtzionatzen duela” hurbilketa horretan.

 

 

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments