Karmele Jaioren obra aztertuko dute irailaren 2an eta 3an EHUko Udako Ikastaroetan

0

Miramar Jauregian eskainiko diren saioak online ere jarraitu ahal izango dira

Karmele Jaio idazle gasteiztarraren ibilbide literarioa aztertuko dute irailaren 2 eta 3an, EHUren Udako Ikastaroen baitan, ‘Karmele Jaiorekin literaturaz’ ikastaroan. Ikastaroaren aurkezpenean diotenez, “Jaioren obra guztietan gailentzen da genero rolek mugatzen dituzten pertsonaien arteko ixilune, inkomunikazio edo desiretan barneratzeko gaitasuna. Emakumezkoak dira gehienetan Jaioren literatur lanetako protagonistak eta euren begirada, oroimen, edo keinuei esker barneratzen gara euren barrunbeetan, euren emozioetan».

Mari Jose Olaziregi Euskal Filologian doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko irakasleak zuzendutako ikastaroan, Karmele Jaioren obra aztertzeaz eta obraz solas egiteaz gain, haren “literatur lanetan nabarmentzen den genero politikaz eta baita maskulinitate/feminitate ereduez ere” mintzatuko dira, Jaioren eleberrien zinema-egokitzapenez hausnarketa egingo da eta itzulpenak aurkeztuko dira.

Ikastaroa bimodala da; hau da, aurrez aurre parte hartu liteke, edo online egin daiteke, Zoom bidez. Bietarako eman behar da izena Udako Ikastaroen webgunean, eta matrikula egiteko orduan aukeratu zein modalitatean jarraituko den.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments