Teresa Calok eta Amaia Telleriak Alberdaniaren Erria Txikota! saileko lehen bi lanak aurkeztu dituzte

0

Irakurle gaztetxoentzako eleberri sorta bilduko du sail berriak

Teresa Calo eta Amaia Telleria idazlea Aurkituko zaitut eta Pitzatuta gaude denok! izenburuko eleberriak aurkeztu dituzte, Mitxel Murua itzultzaile eta Alberdaniako kolaboratzailea eta Jorge Giménez Bech editorea lagun zituztela. “Aspaldian ari ginen Alberdanian –azaldu du editoreak, ekitaldia irekitzerakoan– irakurle gaztetxoentzako eleberri sorta bat sortzeko ideiaren inguruan lanean, eta gaur aurkezten ditugun bi liburu hauek dira, hain zuzen ere, bide horretan jarri ditugun lehen bi harlauzak”.

ERRIA TXIKOTA! izenburua jarri diote argitaletxeko arduradunek gaur jaio den bildumari, esapideak ederki biltzen duelako, haien ustez, sail berriaren irakurleen adin eta bizipenei estu-estu lotzen zaien nahia edo borondatea: “12/14 urte bitarteko gazteak–adierazi du Muruak– orduantxe ari dira, Serraten kanta ospetsu batek zioenez ‘haurtzaroaren lozorroa’ atzean uzten, helduen unibertsoan oin propioez bidea egiten hasteko”, eta, marinelen hizkeratik ateratako ERRIA TXIKOTA! lokuzioak, hain zuzen ere, haurraren munduarekiko azken loturak askatzeko dei bat da.

“Sail berriaren planteamenduan –azaldu du editoreak–, bat datoz izena eta izana: 12/14 urteko gazteek bizi duten errealitatetik abiatuta, haien mundua moldatzen duten osagai, bizipen eta gertaerak jasotzen dituzten historia biziak eta guztiz egiantzekoak eskaintzea, eleberri labur moduan, eta adin horretako protagonisten inguruan josiak. Saila osatuko duten kontakizunetan, beraz, gaztetxoek bizi dituzten pasadizo, arrisku, aurkikuntza, poz eta nahigabeak izango dira lehengai nagusia”.

Osagai nagusi horien artean, bat azpimarratu dute, aho batez, argitaletxearen arduradunek eta egileek: adiskidetasuna. “Izan ere –egin du gogoeta Teresa Calo idazleak–, ba ote da ezer adiskidetasuna baino garrantzitsuagorik? Oso gauza gutxi, eta nerabezaroan, batere ez”.

Teresa Calok antzerkirako idatzi du gehienbat bere ibilbide luzean, eta ERRIA TXIKOTA! sailerako Aurkituko zaitut kontakizuna idatzi du, Mitxel Muruak euskaratu duena. Familia barruko haserrealdi batetik abiatzen da eleberria: Eider protagonista nagusiaren ama haserre dago alabarekin, honek nota kaxkarrak atera dituelako, eta zigorra jarri dio: udalekura joan beharrean, berarekin igaro beharko du neskatoak uda, herri txiki batean daukaten etxean. Herri horretan, Eiderren lagunik handiena bizi da, Blanca, neska arduratsua, ikasle ona eta lagun ezin hobea. Uda horretan, ordea, arraro dago Blanca. Lagun guztiengandik iheska dabil, eta Eiderri ere ez dio kasurik egiten.

“Gure protagonistak –gaineratu du Teresa Calok– ez du ulertzen bere lagun minaren jarrera. Kontua da, ordea, Blancak maitasuna ezagutu duela, baina nolako maitasuna ote da hori, lagunengandik urruntzen zaituena? Zerbait dabil gaizki: Blanca sufritzen ari da, ezin duelako bere bizitzaren hain une garrantzitsuan Eider ondoan izan. Baina Eider eta bere lehengusuek arazoari heltzea erabaki dute, eta Blancari gertatzen zaiona sakon aztertuko dute, susmoa baitute arrisku handiko zerbaitetan dabilela…”.

Aurkituko zaitut eleberriak, trama nagusi horren barruan, Internetek ezkutatzen dituen arriskuen gaia ere jorratzen du, eta neska-mutilen arteko adiskidetasunarena edo ama-alabaren arteko harremanen zailtasunena ere.

Editoreak, Amaia Telleriari hitza pasatzerakoan, zoriondu egin du idazle idiazabaldarra, berrikitan iragarri baita Gipuzkoako Liburu-dendarien Elkargoak urteko Liburuaren Egunean gehien saldu den liburuari ematen dioten Zilarrezko Euskadi Saria jasoko duela, Haize-lekuak eleberriarengatik.

Pitzatuta gaude denok! eleberriaren abiapuntua azaldu du Amaia Telleriak, ondoren: “Joneren ama oso kezkatuta dago alabak mugikorrean jaso dituen mezu baztertzaileak direla-eta. Hurrengo ikasturteari begira zer egin pentsatzen duen bitartean, kostaldean bizi den ahizpari eskatuko dio alaba nerabea etxean har dezan, surf-udalekuetara joateko aitzakian. Bere lehengusina Eurirekin igaroko du Jonek uztaila. Euri Jonek izan nahi lukeen guztia da: polita, jatorra, alaia, nortasun handikoa… Egunak aurrera doazen heinean, ordea, Jone konturatuko da gauzak ez direla beti diruditena, ezta Euri bera ere”.

Adiskidetasuna eta lagun arteko harremanak izango ditu ardatz eleberriak: horien arteko gorabeherak, onespen-nahia, kuadrilla edo lagun taldeen idatzi gabeko arauak… Horrez gain, egunerokotasunean normalizatuta dauden zenbait jarrera matxista agertuko dira kontakizunean, eta nesken sexualitateari dagozkion gaiak ere –hala nola hilekoa edo masturbazioa–, eta gurasoekiko harremanak edota bideo-jokoekiko adikzioa.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments