Arantxa Urretabizkaia: “Feminismoa da nik daukadan gauzarik inportanteenetako bat”

0

1947an Donostian jaioa. ‘Zuri-beltzeko argazkiak’ idatzi zuen arren, argazki kameraren aurrean baino mikroaren aurrean sentitzen da erosoago. Sariak irabaztea badaki zer den eta egiten dioten ilusioa garbi erakusten du. Baita Bizkaiko txaranga batek bere izena hartu duela jakiteak ere. Ibilbide luzeko kazetari eta idazlea da. Ateratzen zaion bezala idazten du. Bidean asko ikasia, 1979an ‘Zergatik Panpox’ idatzi zuenetik asko esan du gaur arte, eta jarraitzen du esaten. Esandakoari tiraka gehiagoren bila jo dugu berarengana.

Atzetik aurrera baino gaurtik bertatik hasi behar dugu. Nobela bat bukatu berri-berria duzu. Bai. Udaberrian argitaratuko da, laster. Ez nahikoa garaiz Durangora heltzeko, baina ez nuen hori gogoan izan. Bukatu dudanean bukatu dut.

Aurrera daiteke zerbait? Emakume zahar baten historia kontatzen da. ‘Azken etxea’ du izenburu.

Booktegin 2018an zerorrek esandakoa da: “Pentsatu nahi dut nire lanik hoberena etortzeko dagoela”. Hau izan daiteke? Ez dakit, hala bedi. Badakit bat azkena izango dela. Azken bizpahiru urte hauetan pentsatu izan dut: agian azkena egina dago. Eta ez, hemen da hau. Inoiz baino ausardia handiagoa behar izan dut lan hau egiteko. Hasieran ez genuen sistema literariorik, ez irratirik, ez telebistarik, ez unibertsitaterik, ez kritikorik, ez aldizkaririk, ez ezer. Orain hori guztia daukagu eta kontzienteago naiz zer jartzen dudan jokoan: orain arte egindako guztia. Baina hori egiteko gogoa neukan eta egin dut.

Ana Urkizak honakoa zioen: “Arantxa: pertsona, profesional eta idazle askea. Konprometitua, oso aktiboa, intsumisoa”. Identifikatzen zara horrekin? Bai. Ikasi dut bakoitzarentzat ezberdina zarela. Guztiekin identifikatzen naiz. Eta gehiago ere bai. Gure semeak herrian ezagutu zuen neska bat eta hari noren semea zen gurea azaltzen ari ziren. Ezin jabeturik halako batean neskak esan omen zuen “ya sé quién es, la de 150 gramos de Teruel” (barrez). Neskak urdaitegi batean egiten du lan eta harentzat ni horixe nintzen. Hori ez da definizio horretan sartzen baina ni noizean behin hori ere banaiz. Horrek on egiten du, badakizu zer zaren askorentzat.

“Adinak libre izateko aukera handiagoa ematen dizu, besteen begiradari garrantzia kentzeko”, diozu. Hala ere, kritikei errespeturik ez diezu galdu. Ez. Axola zait. Azkenean, hori da daukagun bakarra. ‘Azken etxea’k harrera txarra balu irakurleen eta kritikoen artean, nire autoestimuak sufrituko du baina nire kontu korronteak batere ez. Horrek nahi duzuna egiteko askatasuna ematen dizu.

Idazleen sistematik kanpo diharduzu. Hautaz? Bai. Orain oso kanpotik ikusten ditut gauzak. Nik intuizioz egiten dut iruditzen zaidana. Adibidez, azken liburu honetan elkarrizketa bat bera ere ez dago, propio, hori egin nahi nuelako. Idazle sistemaren barruan egoteak ornitologoaren lana eskatzen du eta ni txoria naiz, ez ornitologoa. Ez dut sekula kritikarik egin. Epaimahaietan lan egin izan dut, baina hor ez duzu publiko egiten sentitzen duzuna. Oso solidario sentitzen naiz beste idazleekin badakidalako zenbat kostatu zaien horraino iristea.

Euskaraz sortutakoa itzultzeari sekulako garrantzia ematen diozu eta pertsonalki “euskal letretako neska” izateari utzi zenion zureak katalanera, galegora eta gaztelaniara itzuli zirenean. Bai. Azken 30-40 urteetan euskal literaturari sekula gertatu ez zaiona gertatu zaio: Itzulpena. Handia da hori. Niri dagokidanez, ordura arte euskalduna nintzen, ez idazle. Galderak ez ziren liburuez, Euskal Herriaz baizik. Harritu egin nintzen, nik ordura arteko galderak espero bainituen, eta ez!

Hasierako poema haiez gain, beti garbi izan duzu euskaraz idatzi behar zenuela? Bai. Kontakizun bakarra idatzi dut zuzenean gaztelaniaz, enkargu bat: Bizkaiko Aurrezki Kutxak atera zuen ‘Ocho mujeres, ocho relatos sobre el ocho de marzo’ liburua. Kazetaritza gaztelaniaz ere egin izan dut.

1947an jaioa, ez zenuen ‘Ez dok amairu’ trena hartu. Ez zenuen hartu nahi izan? Ez zidaten amurik bota, ez. Ezagutu nituen bakarka batzuk, Benito (Lertxundi) lehenengo, Laboa gero. Eta Leterekin harreman pertsonala garatu nuen, baina besteekin ez. Datorren reenkarnaziorako aurreikusita ditudan planen artean dut kantari izatearena… (barrez), baina datorrenerako beharko du ez daukadalako batere gaitasun musikalik.

Muga-mugako herrian bizi zara aspaldi, azken hilabete hauetan are eta markatuago den mugan bertan. Zure hitzak dira “niri gutxi inporta mugak, inporta zaidana muga horien barruan nola bizi garen”. Bai, gehiago inporta zait hori. Hori erantzun izan dut independentziaz-eta galdetu didatenean. Eta pentsatu izan dut: Euskal Herri independente batean utziko lidakete danborra jotzen? Orain agintzen dutenek agintzen badute ez! Ni euskalduna naiz, ez da sentitzen naizena. Naiz. Emakumea naizen bezala. Emakumea eta euskalduna naiz. Gero, horrek sortzen dituen arazoei ematen diezun erantzuna era askotakoa izan daiteke. Ni ez naiz nazionalista, abertzalea bai. Eta niretzat ezberdina da, Letek eta Saizarbitoriak ondo asko esplikatu duten bezala.

‘Bidean ikasia’, horren lekuko. Ausarta izan zen hori publikatzea. “Hasia ote da bukaera?” galdera egiten duzu. Konponbidea ikusten duzu? Ez. Gauzak asko aldatu dira, zentzu horretan agian hasia da bukaera. Alardearen auzia konponduko da, seguru nago. Nire zalantza da bizirik nagoen artean konponduko ote den. ETAren kontuarekin askotan esaten nuen: “Nik presa biologiko bat daukat. ETArik gabeko herri batean bizi nahi dut eta agian hilko naiz hori gertatu baino lehen”, eta ez! Baina beste horretan ez dakit bizirik iraungo dudan.

Euskadi Saria. Hiru aldiz izan zara finalista eta 2017an saiakera saria lortu zenuen. “Batzuek diote sariak ez direla garrantzizko, baina nik nahi nuen Euskadi Saria irabazi”, adierazi zenuen zintzotasun osoz. Ez dut ulertzen zergatik mozorrotu behar dudan nire burua. Aurretik behin baino gehiagotan espero nuen eta nahi nuen. Ailegatu zenean esan zuten saiakera zela eta nik ez nuen nire buruan saiakera idatzi nuenik… Baina nork egingo die kontra? Noski sariak inportanteak direla. Ni “150 gramos de Teruel” naiz (barrez) eta hortik aparte norbaitek nire lana aintzakotzat hartzen badu, bada, mila esker.

Euskadi Saria, Euskal Herrikoa inoiz izango da? Esan nahi duzu Euskal Herria zazpi lurraldeak batera, estatu bat izango ote garen? Hori bai ez dudala nik ezagutuko. Eta sariari dagokionez Euskadi ez da diru gehien ematen duen saria, Irun Hiria Sariak, esate baterako, gehiago ematen du.

Gizonen eta emakumeen literaturaz galdetu izan dizute askotan. Beharrezkoa da oraindik? Noiz hasiko gara generoaz hitz egin gabe autoreez hitz egiten? Kontu honekin urte asko daramat eta ezberdin pentsatu izan dut, eta izanen dudala oraindik ere uste dut, ibilbide honetan. Ez dut hil nahi jaio nintzen “altxorrarekin”, nik ikasi egin nahi dut, eta honi buruz ere bai. Ikasi dut epaimahai batean zarenean eta idazlearen izena ez dakizunean zaila dela asmatzen gizona edo emakumea den idazlea. Askotan gertatu zait, eta ez niri bakarrik. Onar dezaket hormonen eragina baldin eta onartzen bada gizonek egiten duten literatura ere hormonaduna dela.

Euskaraz sortzen duzuen emakume idazle inoiz baino gehiago zarete oraintxe. Zuk adina urte iraungo ote dute? Edo non da irautearen gakoa? Gogoan daukat orain 30 bat urte Nafarroako baserri batean antolatutako jardunaldi batean 20ren bat emakume idazle elkartu ginela. Ze gozamena! Irauteari buruz, zalantzak ditut, eta ez idazleetan bakarrik. Literaturaz ez da inor bizi, guztiok daukagu beste lanbideren bat. Gainera, nik ez dut nahi lan eginez bakarrik bizi. Niri zaintza asko gustatzen zait. Nire landareak zaindu nahi ditut, nire bonsaiak egin nahi ditut. Gazte-gaztetan hasi, gero bolada batean eten eta berriz itzultzea alderdi politikoen militantziarekin gertatzen da. Literaturan ere gertatuko da igual.

“Ez izatetik izatera pasatu gara: ez euskarazko prentsarik, telebistarik, euskarazko liburu oso gutxi… eta orain 20tik gora hizkuntzetan itzuliak izan dira euskaraz sortutako liburuak…”. Zeuk esana. Egiteko asko da, egina ere bai… Euskararen eta emakumeen kontuan kobazulotik eguzkitara ateratzea bezala izan da. Ez da kolpetik izan. Mendira zoazenean gailurra beti dago urruti baina atzera begiratu behar duzu egin duzun bidea ikusteko. Guk momenturik euforikoenetan ere ez genukeen amestuko egun duguna.

“Iraganeko gauzak kontatzea da zaharroi suposatzen zaigun jarrera”, diozu eta ez duzu horrela bizi nahi. Aldiz, zein erraz erabiltzen duzun zahar hitza: “Zahartu naiz, zaharra naiz”. ‘Hiru Mariak’ idatzi nuenetik, norbaitek erabaki zuen zahartzaroan aditua nintzela (barrez). Zahartzaroari buruzko liburuak irakurriak nituen, hausnarketak eginak, eta hasi zitzaizkidan hitzaldiak emateko eskatzen. Zahartzaroaren inguruan ideologia falta zaigu. “Zaharra bai, baina buruz edo pentsakizunez gaztea zara” esaten duenak dikotomia bat jartzen du: Gaztea ona da, zaharra txarra. Ez! Jakinmina daukat, ikasi nahi dut baina zaharra naiz. Noiz da bat zaharra? Jubilatzen denean? Euskaraz samurragoa da, zaharrak ez du viejo-ak duen konnotazio txarrik. Gure zaharra ez da peioratiboa. Beste kontu bat da zenbat kondeszendentzia eta aitakeria dagoen zaharrentzat…

Bidean asko ikasi duzu baina horren lekukotza uztea ez duzu hain gustuko. ‘Zuri- beltzeko argazkiak’, salbuespena. Bai, kito! Ama hil zenean atera zitzaidan hori, amari buruzko gauza batzuk kontatzeko gogoa alegia. Argi izanda guztiak ez nituela kontatuko. Baina ez dut nire bizitza iraganera begira pasatzeko asmorik.

‘Hiru Mariak’ ere garai horretan zen. Baikortasuna transmititzen du. Nahita egina? Ama hil zen hori idazten ari nintzela. Nahita, ez. Nire literaturan ez dago ia ezer nahita egina. Horrela atera zitzaidan. Gure ama zenak esaten zuen ez zuela sekula pentsatuko hain zahartzaro ona izango zuenik. Ni baikorra naiz, agian amarengandik jasoa. Aita gazte hil zen eta ez dut presente. Nik uste dut pertsona alaia naizela. Maite nautenek bizitza alaitzen diedalako maite naute baina gero, literaturan gauza tristeak ateratzen zitzaizkidan. Lan horretan, ordea, ez.

Gabriel Arestirekin harremana bazenuen. Urretagipuzkoa esaten zidan. Ni orain naizena baino askoz gazteago zen baina (orain lotsa ematen dit pentsatzeak ere) orduan zaharra iruditzen zitzaidan. Bazekien zakarra izaten baina nirekin beti samurra izan zen, ziur aski paternalismo puntu batekin; baina ez ninduen trabatzen. Orain gazteagoak agertzen badira paternalista nirekin, hori ezin dut jasan. Nik suerte handia izan dut gauza askotan, eta Aresti ezagutzearekin ere bai. Orduan ez nion hitz hau jartzen baina Arestik klase sena zeukan. Nik ere badaukat oraindik ere. Klase langilearen parte izateko sen hori. Hurbil sentitzen nuen zentzun horretan.

Harekin bizi izandako pasadizorik ba al duzu buruan? Bat, oso gogoan. Beasainen ginen epaimahai batean: Martin Ugalde, Gabriel Aresti eta ni, nire bi zaldikoarekin joanda. Hirurok. Zeozer ordaindu ziguten eta arraroa zen. Arestik esan zuen bere alabari lehen jaunartzeko soinekoa erosiko ziola. Harritu ninduen, eta esan zidan “la hija de mi patrón tiene derecho a vestirse de blanco ese día y mi hija no?”. Horri deitzen diot klase sena. Ez zen teoria bat, berari oso ondo zetorkion diru hori horretarako.

Mariasun Landa gertukoen artean duzula esatera ausartuko nintzateke. Tarteka Mariasun, Edurne Gonzalez eta hirurok elkartzen gara bazkaltzeko. Gogoan daukat orain dela urte asko emakume feministen topaketa batean elkartu ginela eta esan zidala berak euskaraz idatzi nahi zuela baina ez zitzaiola euskaraz ateratzen, eta korapilo hori zeukala. “Asko egin duzu, ikasi duzu, eskolak ematen dituzu. Idatzi sudur puntan jartzen zaizun hizkuntzan”, esan nion. Haur eta gaztetxoentzat egin ditu gauza asko eta gure artean errespetua badu, baina ez dut uste Mariasunek jaso duenik merezi duen kontsiderazioa. Ziur asko oraindik literaturan dagoen emakumerik inportanteena da.

Bigarrenez aipatu dituzu emakumeen jardunaldiak. Ni feminista naiz. Agian bizitza osoan izango nintzen, baina kontzienteki 50 urtez behintzat bai. Horixe bakarrik falta zen. Feminismoa nik daukadan gauzarik inportanteenetako bat da. Izenik ez nion jartzen eta halako batean esan nuen “aiba! feminista naiz”. Hori gertatu zen beste feministekin topo egin nuenean. Panpoxen garaian, Ramonek (Saizarbitoriak) eztabaidaren bat genuenean zirikatzeko Simona (Beauvoir) deitzen zidan. Feminismoa da XX. mendeak ezagutu duen iraultzarik handiena eragin duen mugimendua, alderdi politikorik gabe, burtsarik eta baliabiderik gabe. Mundua aldatu du, eta oraindik falta zaiguna. Feminismotik ez dugu zahartzaroari buruzko hausnarketarik, hori ere egiteko dago.

Azken izen bat botako dizut: Xabier Elorriaga. Ah! Bai, gure gizona oraindik ere. 40 urte badira ezagutu nuela. Pentsatu nuen bolada txiki bateko rolloa izango zela. Ezagutu eta handik bi hilabetetara Estatu Batuetara joan nintzen denboraldi baterako eta bueltatzerako bukatuta izango zegoelakoan nengoen baina, ez. Ez gara ezkondu baina elkarrekin daramatzagu azken 40 urteak.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments