Mundu guztia maite duen musikaria

0

Denbora luzez musikari profesional gisa ibilia, 100 diskotik gora grabatu du, 2000 emanalditan parte hartu du mundu osoan… Joserra Senperenakbizitza osoa darama musikari eta kantuari lotuta, baina urte gutxi dira pauso bat eman eta soilik bakarlari gisa hasi zenetik. Orduz geroztik 56 urteko konpositore donostiarra bere bidea egiten ari da. Hainbat eta hainbat musikari eta talde ezagunez gain, idazle mordoarekin ere kolaboratu du zuzeneko emanaldietan.

Zure esperientziatik, nola ikusten duzu gaur egun euskal musikaren eszena, oro har? Inoiz baino anitzagoa, proposamen asko dituena, popean zein klasikoan edo jazzean; inoiz baino musikari, jaialdi, zigilu, zirkuitu gehiago… pandemia iritsi arte. Ikusteko dago nola berrindartuko den egoera normalizatzean. Bestalde, paradoxa batzuk ere badira: inoiz baino musika gehiago entzuten da eta, aldi berean, ez da baloratzen. Lehengoan, Victoria Eugeniako Clubeko Uri Caine-ren kontzertuan, pianistak diskoak erregalatu zizkigun emanaldia bukatu ondoren. Diskoek ez dute baliorik. Oso zaletu gutxik erosten dituzte. Beste bat: kontzertuetako sarrerek prezio barregarriak dituzte, jazzaldikoek eta rock izar handienen emanaldietakoek izan ezik; hain merkeak ez izan arren horiek berehala agortzen dira. Hirugarrena: kontzertuetan etengabe hizketan ari den jendeari musika benetan interesatzen zaio? Ez dakit ondorioak ateratzen. Arantxa Urretabizkaiak zioen moduan, “ez dakit ezer ornitologiaz, ni txori bat naiz”.

Badok atariko Jon Eskisabelek dio azkenaldian Euskal Herriko nortasun musikala ez dela hain sendoa; hau da, taldeen identitatea likidoagoa dela, handik eta hemendik hartzen dutela, estiloak nahastu egiten direla gehiegi sakondu gabe. Garai posmodernoak onurak ekarri al dizkio musikari? Estilo fusioa gero eta nabarmenagoa da. 50eko hamarkadako rock & rolla sortu zenean blues musikariek pentsatuko zuten Elvisek, Jerri Lee Lewisek eta antzekoek egiten zutena arina zela… Ondo dago aurreiritzirik gabeko gauzak egitea, norabide berriak ateratzen dira. Generoen nahasketa beste arte diziplinetan ere gertatzen da, literaturan Vila-Matas edo Barnes, zinemagintzan Sorrentinoren edo García Ibarraren azkenak. Hibridazioak eragin dezake proposamenen identitateak lausogoak izatea, baina horrek ez du esan nahi lan horiek sendotasun edo nortasun falta izango dutenik. Pop-rockaren kasuan badago beste alderdi bat, niretzat inportanteagoa dena: alfabeto mugatua du eta 60 urteren ondoren ez du gehiago ematen. 70eko hamarkada bukatutakoan garapena eten egin zen, aukera guztiak agortuta. Gauza onak egiten dira baina ez dago (ia) ezer berririk. Egungo kantu berri bat entzuten dudanean segituan lotzen dut orain 40-50 urteko beste batekin, hobea zena. Déjà vu etengabeko sensatzioa daukat. Eta analisi musikaletik hitz egiten ari naiz, alderdi emozionala alde batera utzita. Saiatzen, behintzat.

Kolaborazioetarako iaioa zara. Zure curriculumaren aniztasuna harrigarria da: Sabina, Fito y los Fitipaldis, Txirri, Mirri eta Txiribiton, Bide Ertzean, La Buena Vida, Duncan Dhu, Egan, Jarabe de Palo, Paco Ibáñez… Zeintzuk dira horietatik zure kuttunenak? Batzuekin inplikazio emozional handiagoa izan dut besteekin baino, jakina. Eta ezezko batzuk ere eman nituen, horietako batzuk Estatuko izen handiak, ez nuelako neure burua ikusten haien proiektuetan. Etxeko jendearekin lan egin dut gehienbat, eta hori dut oroitzapenik onena: 21 Japonesas, Duncan Dhu, La Buena Vida, Bide Ertzean eta Rafa Berrio dira nire kuttunenak. Haiekin entsegu lokala, estudioa, kontzertuak, bidaiak partekatu ditut, bizipen asko eta emozio handikoak. Maiatzean, Rafa Berrioren aldeko omenaldian, haietako batzuekin bat egin nuen berriro ere eta plazer handia izan zen musika egitea eta kamerinoak partekatzea. Orain beste disko bat egin dut Piter Ansorena aspaldiko lagunarekin. Urteak aurrera doaz eta haiekin guztiekin adiskidetasunari eta afinitate musikalari eustea gauza handia da.

Rafael Berrio poeta eta musikaria aipatu duzu, orain dela urtebete zendu zena. Berriok utzitako hutsunea noizbait beteko al da? Ez Berriorena ez beste inorena, musikari bakoitza bakarra baita. Berrioren kasuan, are zailago. Ezin dut imajinatu berak Victoria Eugenian ‘Rafa in memoriam’ kontzertuetan bildu zuen musikarien zerrenda beste batek biltzea: belaunaldi ezberdinetako musikariak, mainstream eta underground-ekoak, estilo desberdinetakoak, gaztelaniaz eta euskaraz kantatzen dutenak… Denak etxekoak eta kolaboratzaileak, horiek izan baitziren jarri genituen baldintzak, bestela zerrenda askoz luzeagoa izango zatekeeen. Nekez ikusiko dugu antzeko zerbait. Leon Benaventek ‘Niño futuro’ kantuaren bertsioa grabatu du, beste omenaldi batzuk ere prestatzen ari dira, badago jendea Berrio orain deskubritzen ari dena… Presente segitzen duela sentitzen dut. Askotan gertatzen zait bere esaldiren bat gogoratzea bizitzen ari naizenarekin lotura duena: “Temo haber vivido mi vida como si ello fuera un simulacro”, “Cómo iba yo a saber”, “Yo ya me entiendo”… Bere kantuek, bere letrek, iraungitze datarik ez dutelakoan nago.

Zure musikan pianoa da nagusi eta ez da letrarik izaten; hala ere, hainbatetan jo duzu literaturara. Zeintzuk izan dira literaturak ireki dizkizun ateak? Eta zer ekarpen egin dio zure bizitza pertsonalari zein artistikoari? ‘Mandarin dotore’ (Paper Hotsak, 2003) liburu-diskoa egiterakoan Txinako Tang Dinastiaren poesiaren berri izan nuen, natura, budismoa…, Rafa Egigurenek zuzenean txineratik euskaratua. Nire bizitzako une egokian iritsi zitzaidan eta nire lehen piano hutsezko diskoa konposatu nuen, Zumeta ezagutu eta berarekin lan egiteko aukera izateaz gain. Patxi Zubizarretarekin egindako lanek bide desberdinetatik eraman naute. ‘Urrezko giltza’ albumean, haurrentzako ipuinentzako doinuak konposatu nituen. ‘Joan’ nobelarako pianorako fadoak idazteko eskatu zidan. ’50’ nobelan pianorako sei pieza idatzi nituen. Proiektu horiei esker beste sortzaile batzuk ere ezagutu ditut: Elena Odriozola, Jokin Mitxelena, Maddi Oihenart… Oro har, literaturak mundua ezagutzeko aukera eman dit, neure burua ezagutzeko, beste diziplina artistiko batzuetako sortzaileekin lanak partekatzeko, eta entretenimendua, noski.

Nola ezagutu zenuen Patxi Zubizarreta eta nolakoak izan ziren hastapenak? Patxik ‘Mandarin dotore’ liburudiskoa erosi zuen 2003ko Durangoko Azokan burdinazko azalak erakarrita, barruan zer topatuko zuen jakin gabe, eta berehala liluratuta geratu zen musikarekin, bere esanetan. Handik gutxira deitu zidan Elizondoko ikastetxe batean errezitaldi batean parte hartzeko. Euskaraz hitz egin zidan telefonoz eta nik gaztelaniaz, erdalduna bainintzen. Emanaldian ezagutu genuen elkar eta askatasun osoa eman zidan nahi nuena jotzeko. Ondo moldatu ginen, emanaldia bukatu ondoren irakasle batekin joan ginen bazkaltzera, tragoak hartu genituen… Ondo pasa genuen, nahiz eta ni isilik egon ia denbora guztian ez bainuen nahi haiek gaztelaniara pasatzea. Uste nuen gure kolaborazioa han bukatuko zela, baina handik gutxira beste errezitaldi baterako deitu zidan.

Xabier Leteren heriotzaren 10. urteurreneko omenaldian parte hartu zenuen. Leteren poesiak eta musikak jaso du herri honetan merezitako errekonozimendua? Jaso duen errekonozimendua nahikoa ote den baloratzea zaila da. Bere heriotzaren 10. urteurrenean hainbat sortzailek egin zuten haren aldeko omenaldia: Antton Valverdek, Alex Gurrutxagak, Joxan Goikoetxeak, baita guk ere ‘Loreak eta zauriak’ ikuskizunarekin. Hil ostean hainbat sortzailek ‘Sortuko dira besteak’ ikuskizuna egin zuten eta urte batzuk iraun zuen. Gogoan dut Bide Ertzeanekin ‘Ni naiz’ kantuaren bertsio bat egiten genuela, Chill Mafiakoek pelotazoa jo dute ‘Gizon arruntaren koplak’ kantuarekin… Poesiari eta pentsamenduari dagokienez, hainbat liburu argitaratu ziren 10. urteurrenean: Alex Gurrutxagak ‘Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria’, hainbat egilek ‘Urrats urratuak’, Eugenio Ibarzabalek ‘Xabier Lete, de un tiempo, de un país…’ Gipuzkoako Aldundiak ekoiztutako ‘Ni naiz Lete’ dokumentala ere ETBn emititu zuten. ‘Loreak eta zauriak’ ikuskizunaren emanaldietan oso pertsona maitatua dela ikusi dugu, eta urteurrenak oihartzun ederra izan duela uste dut.

Enrique Vila-Matas idazlearen jarraitzailea zara. Zer da Bartzelonako autorearengandik gehien gustatzen zaizuna? Zu ere gaztetan Parisen izan zinen ganbara batean denboraldi batez Hemingwayren pausoak jarraitzen? Kar, kar, kar. Parisen hainbat aldiz egon naiz baina ez gaztetan. Azken bisitan ikusi nuen bizi izan zen etxea, Quartier Latinen, atarian Margarite Duras han bizi izan zela dioen plaka bat baitago. ‘El viaje vertical’ izan zen irakurri nuen bere lehen nobela eta geroztik harrapatuta nauka. Nobela horren protagonistak, erretiratu batek, dena uzten du bere bizitza atzean utziz eta Azoreetara doa. Alde egitearen ideia gerora maiz errepikatuko du Vila-Matasek. Oso erakargarria zait, ezinegona erakusten du, bizitzarekiko ikuspuntu kritikoa eta beste mundu hobe bat topatzeko gogoa. Aldi berean, bere burua egoeren ertzean jartzeko joera du, ez du nahi ikus dezaten eta ahalik eta oharkabeen pasatzea nahiago du, ez baita inorekin fio. Susmoak ditu, konbentzimendu gutxi (Pessoak bezala). Beste nobela batean zioen: “Quiero desaparecer, pero no que me desaparezcan”, alegia, ez da ondo moldatzen munduan baina, aldi berean, ez dio utzi nahi haren parte izateari. Unibertso propioa sortu du, bakarra, eta erreferentzia da niretzat, alde batetik bere liburuengatik eta, bestetik, berari esker beste idazle asko ezagutu ditudalako, liburuetan zein artikuluetan etengabe aipatzen dituenak.

‘Existentzia Minorrak’ zure bakarkako hirugarren diskoa da eta pandemiak eztanda egin aurretik aurkeztu zenuen Victoria Eugenia antzokian. Ez zaizu beldurra hezurretaraino sartzen piano batekin ehunka lagunen aurrean jotzen duzunean? Bai. Besteekin jotzen dudanean lasai nago, bigarren planoan nago eta frontmanen ardura beste batena da. Azken urteetan inoiz baino gehiago disfrutatu dut musikaz, dagoeneko garai bateko urduritasuna pasata. Baina nire izenean egin ditudan kontzertuetan gauzak oso bestelakoak dira: beldurra, urduritasuna, hiperbentilazioa… ikaragarri gaizki pasatzen dut kontzertuen erdira arte. Gogoan dut Victoria Eugeniako kamerinoetan, kontzertuaren aurretik, galdera bat egiten niola neure buruari: merezi al du sufrimendu horrek? Zer nezesidade? Kontzertu hori nire bizitzako garrantzitsuena izan zen. Eszenatokian pianoa eta foku bakarra besterik ez zegoen. Ez argiztapenik, ez anplifikaziorik. Nik gobernatzen nuen musika pianotik ateratzen zenetik entzuleen belarrietara iritsi arte: ez mikrorik, monitorerik, soinu mahaiarik, teknikaririk… kanpoko interferentziarik ez, musika besterik ez. Kontzertuaren erdia pasata, lasaitu nintzen eta orduan bai, inoiz baino gehiago gozatu nuen, eta inoiz baino iruzkin ederragoak entzun nituen. Ane Gabaraini kontatu nionean kontzertua egin behar nuela eta oso urduri nengoela, esan zidan: “Bah, ni berdin nengoen nire lehen bakarrizketa egin aurretik. Behin eginda, edozein gauzari egin diezaiokezu aurre, ikusiko duzu”. Emanaldiak modu profesionalagoan hartzen lagundu zidan. Eta arrazoi zuen.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments