Anjel Lertxundi: “Martin Ugalde biktima izatetik heroi izatera pasa dela da geratu zaiguna euskaldunoi, historiarako”

0

Martin Ugalde aitzindari izan da euskal  literaturan ere. ‘Iltzaileak’ (1961ean publikatua; geroztik euskara batura pasa eta ‘Hiltzaileak’ bihurtua dena) liburuarekin euskal ipuin modernoaren hasiera eman ziola berresten du Anjel Lertxundi idazleak (1948, Orio). Ugalderen alde literarioa, hizkuntzekin zuen harremana eta exiliatua izateak horretan ukan ondorioak jorratzen ditu elkarrizketa honetan Lertxundik.
Oinarri, bi argitalpen eta mintzaldi bat. Izan ere, ‘Martin Ugalde, mendeurrena. Herriminaren prosak’ (Andoaingo Udala) argitaratu zuen iaz Lertxundik. 1997an Ugaldek jaso Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren ohorezko aipamenaren haritik argitaratu glosa eguneratua da liburua. Eta iaz beti, ‘Martin Ugalde: Exilioak eta hizkuntzak, ahulenak gogoan’ izenburu duen hitzaldia eman du Lertxundik, omenaldi zikloaren baitan.

Ipuin modernoaren hastapen gisa aldarrikatu izan duzu zuk beste batzuek bezala Martin Ugalderen ‘Hiltzaileak’ liburua. Zergatik zen aitzindari? Euskal literaturaren perspektiban begiratu eta, ordu arte idazten ziren ipuin guztiak ipuin klasikoen tankeran emanak ziren. Fabulak eta antzekoak. Gainera, tradizio handia izan da horretan euskal literaturan. Baina ipuin literarioaren ikuspegitik, gaur egun ulertzen dugun moduan, ez zegoen praktikoki ezer. Bere lorpenak liburu horrekin hauexek dira. Batetik, ezagutzen den gerla zibileko giroari buruzko lehendabiziko material literario nagusi eta indartsua da. Horrelako testigantza batzuk jasoko dira ahozkoan, baina testigantza horiek memoria ariketak dira gehiago. Bigarrenik, badago beste elementu oso inportantea dena niretzat. Hizkeraren aldetik, literatura handiko elkarrizketak daude, indar handikoak. Bizi-biziak. Adibide bat jartzeagatik, Hemingway oroitarazten dutenak. Hemingwayren erara oso modu xume batean emanak dira. Ikusten da ezagutu duela garai hartako Steinbeck eta abarren literatura estatubatuarra. Euskal Herriaren sufrimenduari buruzko edukiak plastikotasun handiko narrazioak dira, irudi handiekin. Oso azkar batetik bestera eramaten gaituzte ipuinek. Gero, liburuak batasuna du. Ipuinak gerrak batzen ditu, bai eta ere tokiak. Argi dago Andoain inguruetan gabiltzala. Eta hori ere inportantea da.

Elipsien indarra ere aipatu izan duzu, hori ere modernoa dela erran daiteke? Bai, jakina. Baina oso kuriosoa da. Badago modernitate hori, oso hurbil dagoena gure ahozkotasunetik. Bertsolaritza etortzen zait burura, baina umorea egiteko orduan ere, euskaraz asko praktikatu da elipsia. Esan gabe esandako kontuak dira, irakurleak irakurtzen dituenak nahiz eta idatzita ez dagoen. Elementu horiekin guztiekin jokatzen du.

Hona hemen ‘Hiltzaileak’ liburuko ‘Gizerailtza’ ipuinaren pasarte bat, bere estiloaren berri eman dezakeena: “Andre hura, bere herrian geratu zirenen artean, ia senide zirenen artean, eliza batean bataiatu, eliza bertan Jaungoiko berari otoi egin eta lehenengo Jauna hartu, jolas berak elkarrekin egin, gose eta ase berak elkarrekin igaro, soinu berarekin poz dantzak beheko eta goiko plazan egin, apaiz batek ezkondu eta elkarren ondoan seme-alabak hazi zituztenen artean bakar-bakarrik aurkitu zen gau izugarri hartan”. Lehen esaten nuen plastikotasun hori, modu bisualean ikusteko modu hori hor dago. Kokatzen gaitu Euskal Herri oso erreal batean. Adibide horrek, erlijio bizitzaren horrek, gora behera horrek guztiak, oso laburrean orduko gizartea erabat islatzen du. Gizarte bat non ez dagoen ezertxo ere erlijioak menderatzen ez duenik. Oso inportantea da nolabait, beste ezerk baino gehiago, markatzen duelako garai bat. Beharbada ni baino gazteago diren belaunaldiek jasoko dute itomen baten moduan, baina guk hori jaso dugu oso modu naturalean. Hori zen bizi genuena eta ez ginen konturatzen hainbeste. Gertatzen dena da hori idazten duenean Ugaldek, giro horietatik oso urrutiratuta dagoela. Beste giro batean bizi dela. Orduan, urrutiratze horrek pertzepzioari asko laguntzen dio. Beste modu batera ikusten du. Hemingwayrengana itzuliko naiz. Hemingwayek ezagutzen duen Nafarroa, naturalezaren aldetik eta, hura guztia gure begiekin baino askoz ere gardenago deskribatzen du. Beste begi batzuk dira. Eta, nik uste baita ere, Martinena, Venezuelartasunaren eta hango literatur moduen begiekin hasi dela funtzionatzen eta ikusten berak gogoratzen duen errealitatea.

‘Hiltzaileak’ liburua Caracasetik idatzi zuen. Han bada beste literatur tradizio bat, zeinetan edaten duen. Zertan eragiten du bere idazkeran tradizio horrek? Hemen gerra badago, Venezuelan idazten dituen ipuinetan klase pobreen, langile jendearen, hiriko nekazarien eta antzeko lan klaseetako pertsonaien historiak ditugu. Nolabait zorteak abandonatutako jendearengana hurbiltzen da. Caracasen bizi izan da. Konta zitzakeen beste istorio batzuk. Istorio urbanoago batzuk. Gainera, bera lan egiten ari da petrolioaren korporazio aldizkari baterako. Ezagutzen du beste errealitate klase bat. Industriako langileria eta burgesia. Baina oso jende xehearengana hurbiltzen da eta egiten du pertsonaien sekulako album bat.

Baina ez da modu etnologikoan ari. Berak bere antzekoak ikusten ditu. Jende horrekin gehiago identifikatzen da beste batzuekin baino. Nik uste dut hurbiltasunak eramaten duela pertsonaia horiengana. Bera dator oso giro familiar  xume batetik. Eta han ere, nahiz eta ez den antzeko giroan bizi, antzeko giroa interesatzen zaio kontatzeko.

“Erresistentziaren ipuinak” direla aipatu izan du hark. Bai, erresistentziaren ondorioz alde egiten du eta joaten da Venezuelara. Familiaren erreakzio guztia erresistentziazko erreakzioa da. Gero hona itzultzea ere erresistentzia forma bat da. Berak justifikatzen du, ez lukeela nahi bere seme-alaba txikiek lotura galtzea. Orduan eta urte gehiago egin erbestealdian, orduan eta lotura galtzeko arrisku gehiago dagoelako. Hori ere erresistentzia modu bat da. Sekulako sakrifizio bat da alde askotatik begiratuta. Alde familiarretik, haur txikiekin itzultzea berriro oraindik ere bere aitaren amets handia konplitu ez denean, Franco hiltzea, bere egoera ekonomikoa eta soziala Venezuelan gero eta hobea denean. Caracasen norbait da. Giro literarioan eta kulturalean. Diruz ere ez dauka inolako arazorik.

Hizkuntzaren hautua ere hor da. Caracasen egunerokoan lana dela eta, gaztelaniaz du idazten. Baina 1961ean, 40 urte dituela, liburua idaztea erabakitzen duelarik euskaraz idazteko erabakia hartzen du. Ari da pentsatzen euskararen egoeran. Euskararen garapenerako egiten ari da lan. Familiarengan ere ari da pentsatzen. Bere familia barneko bizitza, euskalduna nahi lukeena, nahi du baita ere bertan dagoen gizarte euskaldun horrentzat zabaldu. Eskaintza, behin baino gehiagotan hango euskaldun errefuxiatuei egiten die. Gero, horrek, noski, euskaran ere bere eragina du. Iristen da Venezuelako gaztelania oso ondo menderatzera, eta euskara dago dagoen moduan. Euskara batua oraindik oso urruti dago. Faxismo garaian dago guztiz umezurtz. Eta idazten du trebezia horrekin. Bere liburu bat dago, oso gutxi aipatzen dena, baina oso inportantea dena, Unamunori buruz. Liburu horretan, ez da ari bakarrik Unamuno nor den esaten, baizik eta, ikusten ari gara Martin Ugalderen printzipioak, hizkuntzari buruzko pentsaera, zein diren.

Unamunorekin ez zen ados. Dena hizkuntza kontua da. Unamunok nahi luke ahal den azkarren, guk gure borondatez, gainera, euskara lurperatzea. Zientziaren eta zibilizazioaren aurrerapenean euskaldunok aurrera egingo baldin badugu, hori ez dugu eragozpen baino. Hori izango litzatekeelako euskaldunon eboluziorako eta europar izateko modua. Ugalde ez dago inondik ere horrekin ados.

Badu liburu bat: ‘Umeentzako kontuak. Sorgiñaren urrea’. Haurrentzako ipuin batzuk euskaratzen ditu bertan. Beti kezka horrekin: bada hizkuntzarena, baina hizkuntza baino haratago, hizkuntzarekin marrazten den mundua ere behar dutela umeek. Mundu horrek galtzeko beldurra dauka? Nik uste dut berak garbi daukala hizkuntzaren transmisioa ez dela aski. Hizkuntza edukiz bete behar dela. Irudiz eta pentsamenduz bete behar dela eta hizkuntza jakin batean. Eta horregatik ekintza kultural guztiaren premia. Berak hori egunkariaren premia batekin aipatzen du. Egunkari bat ez daukagun bitartean, alegia, egunero zerbait euskaraz irakurtzeko eta munduaren berri euskaraz jasotzeko modurik ez dugun bitartean beti egongo gara motz munduaren aurrean. Munduan nor izan nahi baldin badugu, egunero  euskararen bidez ikusi behar dugu mundua. Eta horretarako behar duzu materiala. Ezin duzu zuk ikusi mundua egunero euskaraz  ez baldin badituzu hedabideak.

Eta umeen kasuan, ipuinak. Eta bai, imajinazioaren mundua.

Beti engaiatua edo konprometitua den gizon bat dela idatzi izan duzu ere bai. Ez du inoiz amore ematen bizi osoan. Hori ere bere izatearen ezaugarritako bat da.Intuitiboki ari naiz, baina: bera katolikoa da, eta garai hartako, hirurogeiko filosofia katoliko frantsesak asko eragiten dio. Idazleen artean Bernarnos dago adibidez, korronte frantses katoliko irekiena. Oso identifikatuta dago humanismo horrekin. Formula bat erabili beharko bagenu, humanista kristaua da bere planteamendua.

«Historiaren biktima izatetik historiaren egile» bilakatu den gizon bat dela ere aipatu izan duzu. Azaltzen ahal diguzu hori ? Gerra galtzaile eta exiliatu. Exiliatu gisa egia da ezagutzen duzula beste familia berri bat, baina galdu edo utzi egiten duzu atzean zure herria. Bere bizitza guztian galtzaile da. Berak transmititu dezakeena dauka: hizkuntza eta herri batenganako maitasuna. Eta horiek transmititu ezinaren beldurrez bizi da. Denean da galera. Diktaduraren eta ondotik datorrenaren biktima bat da. Etortzen  da hona, ilusio izugarriak ditu, baina ikusten du berak ordu arte bizi zuen giro politikoa abertzaleak, euskararenganakoak, bere entusiasmo hori dezepzionatu egiten da. Dezepzioz bizi ditu  hainbat eta hainbat egoera. Egunkariaren aldeko pausoa ematen du eta orduan bere bizitza osatzen duen, beti izan duen ametsa gauzatzen denean, indarra hartu duenean, ixten diote. Hor pertsonalki esan daiteke. Ixten diote. Bere bizitzako amets hori ixten diote. Eta orduan berriro ere galera.

Historiaren egile horrekin erran nahi duzuna da horri guztiari beti gaina hartzen ahalegindu dela? Ez dago inor esan dezakeenik irabazle bat dela baina euskaldunoi historiarako geratu zaiguna da: biktima izatetik heroi bat izatera pasa dela. Gainditu duelako eta bere ametsa bete delako: Berria ateratzen da, eta gauzek berak amestu bezala funtzionatzen segitzen dute. Eta hor atzean dago Martin.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments