Josu Martinez: “Martin Ugalde iturri handi bat da eta oraindik ez da nahikoa ezaguna”

0

Martin Ugaldek borobildu gabe utzi zuen lanaren oinordekotza hartuta bezala ari da Josu Martinez sortzaile bilbotarra azken urte hauetan. ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ film dokumentala egin zuen 2018an, kazetari eta idazle andoaindarrak Lezo Urreztieta itsasgizon, mugalari eta ekintzaile abertzaleari egindako elkarrizketetan oinarrituta. 35 orduko zinta haietan bildutakoa liburura ekarri du orain. Udaberrian argitaratuko dio Pamielak ‘Lezo Urreztieta, gudari de la utopía‘ elkarrizketa liburua. “Bi erraldoi”, Ugalde eta Urreztieta, parez pare jarrita, behin nola, Ignacio Ramonet eta Fidel Castro egon ziren bezala.

Kosta zaigu elkarrizketa hau egitea… ea fundamentuz egiten dugun. Galderak prestatzerakoan beti baitut hor Martin Ugalderen ahotsa belarrira esaten bezala, “hau ez da galdera ona”… edo “hor bai, asmatu duzu”… 23 urte baino ez nituen zenbaki honetan bertan agertzen den elkarrizketa egin nionean eta elkarrizketatu bezala ez ezik, irakasle gisa ere aritu zitzaidan. Konbersaziotik harago joan behar zela, galdera batekin heldulekua jarri eta mamira iritsi beharra zegoela… Zuk badakizu hori ondo. Lezo Urreztietari egin zizkion elkarrizketa luze haiek modu konpultsiboan entzun zenituen…  Lezo Urreztietaren historiak harrapatu zintuen… Martin Ugalderen lanak ere bai?  Nik uste dut Lezorekin izandako elkarrizketa hura zela mundua deskubritzen joatea bezala. Prestatuta egongo zen, noski, baina gehiago zen Lezok zekizkien gauza haiek denak jasotzea. Oraindik harritzen gara Lezok zenbat gauza zekizkien, beste inork ez zekizkienak…eta haietara iristeko elkarrizketak ziren Martin Ugaldek egin zizkionak. Oso galdera irekiak eginez eta esaten zionarekin harrituz denbora guztian. Ez zen hainbeste galdera konkretu bat egitea, baizik eta gai batzuk irekitzea, puntua jartzea bertsolariei jartzen zaien bezala eta Lezori hitz egiten uztea.
Ez dakit badakizun Lezo Martinen familiakoa zela…

Bai, Anamari emaztearen familiakoa: Anamari Martinez Urreztieta…  Elkarrizketa horietako askotan Anamari bera ere presente zegoen. Pelikulan ere esaten dut Lezok aurretik askori ukatu ziela berari buruzko liburuak idatzi edo elkarrizketak egin ziezazkioten. George Steer bera ere (Gernikako bonbardaketaren lekukotza mundura zabaldu zuen The Times-eko kazetaria) saiatu zen horretan baina Martin Ugalderengan bakarrik eduki zuen konfiantza: batetik, familiakoa zelako eta, bestetik, ikusten zuelako nolako gizon serioa zen Martin bere lanean. Nik uste dut Martin Ugalde ari zela, batez ere, lurralde ezezagunei ateak irekitzen.

Eta Lezo Urreztieta, era berean, erabat biluzten…Harrigarria egin zitzaidan elkarrizketa horien formatua bera. Eta hor dago, segur aski, horien balioa: oso-oso benetakoak dira eta inork entzungo ez balitu bezala hitz egiten dute biek.
Eta harrigarria da, baita ere, elkarrizketa horiek –hainbeste ordu, hainbeste urtetan egindakoak…- zein ongi antolatu zituen, zein ongi gorde zituen Martin Ugaldek. Andoainen duela gutxi ikusi dut gaika sailkatu eta transkribatu ere egin zituela denak, hitzez hitz. Filma egin nuelarik, ez nituen ikusi… Halako karpeta batzuetan daude; notak ere hartu zituen, gero nik 30 urte beranduago egin nuen bezala. Lezok kontatzen dituen gauzak, izan ere, oso-oso anitzak dira, informazio pila bat dago, izen pila-pila bat, gertaera asko, oso-oso lehen mailakoak, oso baliotsuak eta, zentzu askotan, ordura arte (eta orain arte ere bai!) ezagutzen genuen edo dugun historiari buruzko gauza berri asko kontatzen dituztenak. Izan ere, Lezok izan zituen harremanak, egin zituen gauzak oso inportanteak eta oso ezezagunak dira…
Nik filmarako 4.000 edo 5.000 orrialdeko transkripzioa egin nuen, sailkatu eta gertakariak kontrastatu…Eta hori egiteko, gaur egun, badaukagu, adibidez, Google-a. Baina Martinen garaian askoz ere zailagoa izan behar zuen; kasik ezinezkoa! 1.500 izen ematen baitzituen… baina hori egiten saiatu zen bera ere.

Martin Ugaldek 1990ean argitaratu zuen biografia bat. Baina ez zen, hortaz, egindako lan eskerga horren neurrikoa, ala? Oso-oso liburu txikia da egin ahal zuenarekiko; egingo zuen % 5a, gutxi gora behera… Ez dakit horren arrazoia zein zen; beti jakin nahi izan dut… beharbada gaixorik zegoen ordurako; beharbada, gauza batzuk ezin izan zituen kontrastatu…

Nik ez ditut elkarrizketa horiek entzun baina pelikulan jaso duzunetik azpimarratuko nuke badagoela notariotza lan bat. Akaso Martin Ugalde ez zelako ari lan txiki bat publikatzeko, baizik eta gerorako lan hori egiten… Historiarako gordeta gelditu zedin lan egiten… Inpresio hori izan duzu zuk ere? Ez dut hainbesterako pentsatu baina egia da –ez bakarrik Lezo Urreztietari egindako elkarrizketa horrekin– audioteka izugarri handia utzi duela Martin Ugaldek. Elkarrizketa asko eta asko, argitaratu gabe daudenak, elkarrizketa andana bat garaiko pertsonaia klabeei: adibidez, Koldo Mitxelenari, Jose Migel Barandiarani edota beste hamaikari inork entzungo ez zituenak eta mereziko luketenak gaur egun berriro ateratzea.
Dudarik gabe bazuen memoria gordetzearen kontzientzia hori… Lan erraldoia egin zuen baina segur aski ez zegoen bizitza oso batean denei bidea emateko denborarik.

Notariotza lana… Lezo Urreztietaren kasuan, dudarik ez. Ezin izan zuen borobildu, ezin izan zuen historikoki dena kontrastatu eta osatu eta ezin izan zuen Lezo Urreztietaren figura nahi zuen garrantzia historikoarekin azpimarratu… Sentitzen duzu Martin Ugaldek berak borobildu ez zuen lan horren oinordekotza hartu duzula zuk?  Normala da Martinek beldur hori izatea. Pentsatuko zuen inork ez zituela sinistuko Lezok kontatzen zituenak.  Beharbada ez zituen egiaztatu ahal izan denak; ezinezkoa zen. Adibidez, pelikulan jasotzen da nola esaten duen Lezok Asturiastik atera zituela gerra ostean 800dik gora grebalari… eta horrek badirudi erabat sinesgaitza, fantasmada bat. Baina Lezok izugarrizko memoria ona zuen eta elkarrizketa horietan esaten du atera zirenean izan zela prentsa artikulu bat El Cantabrico edo halako egunkari batean. Garai hartan Santanderrera joatea eta artikulu hori bilatzea ia ezinezkoa zen. Gaur egun, internetarekin, askoz errazago da. Nik modu horretan frogatu ahal izan ditut gauza asko.
Egia da Martinek egin zituela beste elkarrizketa batzuk Lezoren lagunekin-eta…  Horien artean bat Martin Garcia Urteagarekin; Lezoren lagun bat, gero Mexikon ibili zena, gizon aberats bat.  Eta elkarrizketa horretan Martin Ugaldek esaten dio Martin Urteagari : “es que yo quisiera salvar a Lezo…”. Lezo askok ikusiko zuten fantasma bat bezala eta beste askok deskastatu bat bezala, familia abandonatu zuen tipo bat bezala… Baina nik uste dut Martin Ugalderen nahia zela gizon horri justizia egitea.

Izan zuen garrantzia hori azpimarratuta uztea. Berarekin harreman gertu-gertukoa izan zutenek diote arantza horrekin joan zela… Nik oso harrera ona izan nuen familiaren aldetik. Zinema artxibo askotan ibili naiz eta badakit askotan jendea bere ondarearekin edo bere gurasoen ondarearekin oso uzkurra dela. Baina Lezoren zintengatik galdezka hasi nintzenean familiaren aldetik baiezkoa jaso nuen berehala; eta ohartu nintzen nolako altxorra nuen esku artean; harrigarria iruditzen zitzaidan inork horretaz lehenago galdetu ez izana. Uste dut filma badela, eta orain aterako den liburua ere bai, aitortza bat lehenik Lezorena baina baita ere Martin Ugalderena, Martin Ugaldek egin zuen notariotza lan handi horrena. Uste dut, askotan esan dut aurkezpenetan-eta, bi erraldoien arteko enkontru bat dela.

Filma estreinatu zenuenean eskainitako elkarrizketetan esan izan zenuen Lezori buruz lan hori egitea erabaki zenuela Lezoren izena adar batean eta bestean agertzen hasi zitzaizulako; orduan jakin zenuela kontatu beharra zegoela hura. Liburua dator orain… pelikula ez zitzaizun aski gertatu? 35 ordu, ordu eta laurdenean sartzen dituzunean, pentsa zenbat gauza geratzen zaizkizun kanpoan… Garbi neukan aukeraketa bat egin behar zela, gauza batzuk aukeratu nituen eta beste gauza asko eta asko kanpoan geratu ziren. Horrek izan zitzakeen beste forma asko. Nik esaten nuen serie bat ere egin zitekeela, fikziozko serie bat, edo komiki batzuk… Baina badira elkarrizketa liburu ederrak; gogoratzen dut, adibidez, ‘100 horas con Fidel’ Ignacio Ramonetek egin zuena, 600 orrialdekoa edo… eta elkarrizketa liburu bat izanik ere, irakurri nuen oso-oso gustura. Eta udan jarri nintzen horrekin, konfinatuta nengoen momentu batetan: jadanik transkribatuta eta gaika sailkatuta neukan hori guztia orraztea zenbat kostako zitzaidan neurtzen hasi nintzen, eta nik uste baino askoz azkarrago egin nuen lehenengo bertsioa.

Elkarrizketa liburua izango da, hortaz… Bai. Eta ni nolabait, “editorea” naiz.

Elkarrizketa hori sarrailako zulotik ikusten eta entzuten ariko bazina bezala… Hori da. Eta jasotakotik nire lana izan da gauza errepikatuak kentzea, ordenatzea… Gero etorri da gertakariak kontestuan jartzeko lan hori eta laburtu, kondentsatu eta distira ateratzea.

Lezo Urreztieta. Gudari de la utopía’. Gaztelaniaz. Orijinalari eutsita… Uste dut gaztelaniaz indar handia duela. Lezo entzuten nuenean nire amama etortzen zitzaidan burura, nire Bilboko amama, Bilboko erdera eta manera horrekin… eta uste dut indar handia duela horrela.

Eta udaberrian ikusiko du argia? Liburua idatzita dago. Berrikuspen bat behar du baina kontrastea egin dut historialari batzuekin… Izan ere, egin kontu gauza batzuk proba litezkeela eta beste batzuk ez…, isileko lanean ibiltzen dena saiatzen baita gauzak isilean egiten eta probarik ez uzten. Ongi egindako lana izan bada, ez dago arrastorik gerorako…
Azkenean, nik uste dut inportanteena dela pentsatzea hau lekukotza bat dela, Lezoren lekukotza. Lekukotza pertsonal guztiak bezala, bere ikuspegia dela… Nolanahi ere, horrek ez dio kentzen balio handirik Lezo Urreztietaren lekukotzari.

Zure helburua da Lezo Urreztieta itzalpe horretatik ateratzen segitzea. Edo salbatzea ere bai? Ez. Pelikulan ere horretan saiatu nintzen. Pelikulak izena du ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ eta iruditzen zait Lezo dela pertsonaia bat bere argiak eta bere itzalak dituena, bere egunak eta gauak, eta horregatik dela interesantea. Nik ez dut uste, gaur egun, Lezo salbatu behar denik, Lezo bera agertzearekin bakarrik, Jainkoak ez dakit baina beste askok barkatu eta eskertuko genioke egindakoa…
Martin Ugalderen garaian, segur aski, ezberdina izango zen. Besteak beste eta seguru asko, bere bizitza pertsonala kondenagarriagoa zelako garai hartan. Dibortzioarenak-eta garai hartan pisu handia izan zuten. Lezo bekatari handi bat izan zen berak bezala pentsatzen zutenentzat eta bere buruarentzat ere bai, seguru asko. Gaur egun halako kargarik ez dugu.
Nik ez dut inor salbatu behar. Izatekotan, bai argitara atera. Eta bakoitzak egin dezala gero bere epaia.

Lezoren izena arbola bateko adar askotan agertu zitzaizula eta orduan erabaki zenuela hura kontatzea… Martin Ugalderen izena, zenbat adarretan agertu zaizu? Martin Ugalde deskubritu dut, dimentsionatu dut Lezoren lan honi esker. Eta zenbat gauza egin zituen ohartu naiz ondo sartu naizenean bere mundu horretan. Ikusi dut zenbat elkarrizketa egin zituen, zenbat gauza dagoen berak egindako lan horretatik, notariotza lan horretatik ateratzeko… Niri gertatzen zaidana da, beharbada berari gertatzen zitzaion bezala, bizitzak ez duela ematen askoz gauza gehiago egiteko. Iruditzen zait Martin Ugalderen ondarearekin balegokeela askoz eta askoz gehiago egiteko oraindik.

Ikus-entzunezkoetarako bakarrik, bururatzen zait, esate baterako… Txillardegirekin eduki zuen harreman epistolar hartatik zein lan egin ote lituzkeen… Intrigatik ere zenbat, espioitza gaiak ez zituen-eta oso urrutikoak izan… Bai, bai… Badago gauza asko eta asko. Iturri handi bat da, ez dena nahikoa ezaguna. Uste dut mereziko lukeela elkarrizketa horiekin lan bat egitea eta hedatzea.
Beste adibide bat. Nik orain publikatu behar dut beste liburu bat euskal zinemaren historiari buruzkoa (uste dut lehenago publikatuko dela). 1933an ‘Euskadi’ deitzen zen film bat egin zuen Teodoro Hernandorenak eta, hari buruzko iturri batzuk ziren orain arte. Baina Lezorenarekin ohartu nintzen Martin Ugaldek Hernandorenari ere egin zizkiola elkarrizketak. Entzun dut lan honetarako eta ‘Euskadi’ filmaz ere hitz egiten du, eta zinta horietan Hernandorenak esaten duena “berria” da, ez da sekula publikatu. Eta hori bezala, asko eta asko daude oraindik ez direnak azaleratu.

Esan duzu Martinen lanaren dimentsioaz jabetu zinela Lezo Urreztietari buruzko historia jasotzerakoan… Gerora, ‘Paperezko Hegoak’ dokumentalean ere gurutzatu zitzaizun, Euskaldunon Egunkariari buruz Samara Velterekin zuzendu zenuen dokumentalean… Haren beste arlo bat, arlo militantea, euskararen aldeko arlo militantea ezagutu zenuen…  Nik ez dut Martin Ugalde ezagutu, eta hala ere, asko maite dut. Ezagutu dut bere lanetik; ordu asko pasa ditut berarekin, ehunka ordu… Eta uste dut zela gizon bat maitagarria, oso pertsona ona eta langilea. Eta iruditzen zait Egunkariarenak oso bat egiten zuela bere izateko manerarekin: idealismoarekin eta lanarekin egindako proiektu bat.
Martinen zinten berri izan nuen Joan Mari Torrealdaik esanda. Harekin bai izan nuen harremana. Eta beti lotu izan ditut biak. Oso konektatuta ikusi ditut biak. Ez dakit horrela zen…

Nik esango nuke, era berean, Joan Mari zela Martin Ugalderen lanaren notario, hara! Martin Ugalde imajinatzen dut nik Torrealdai zen bezala: goxoa, langilea, ordenatua, gizon on bat. Ezin da bera ez maitatu. Horrelako gizon eta emakumeei injustizia bat egiten zaienean are eta gehiago hunkitzen zaitu hain direlako maitagarriak, hain direlako erraldoiak…
Eta Martinengandik Joan Marirengana bai ikusi dut hari hori, transmisioarena eta gerorako gauzak utzi nahi bat, Martinek bazuena eta Joan Marik bazuena. Eta belaunaldien artean lotura hori segitzeko nahi hori…

Eta zubigile izatearena… Eta Lezoren kasuan ere bai. Orain ez dago modan abertzaletasun hitza baina abertzaletasuna, nik ulertzen dudan moduan, behintzat, bada ezberdintasunen gainetik prest egotea lan egiteko, helburu komun baten alde: Euskal Herria edo euskara… Lezoren kasuan izango zen askatasuna edo Franco botatzea… Lezok horregatik lagundu zituen denak: komunistak, sozialistak, ETAkoak … Martin Ugalde ikusten dut izpiritu horretan. Beharbada, galtzen ari garen izpiritua.

Euskal zinemari buruzko liburua aurrena, ‘Lezo Urreztieta, gudari de la utopia’ gero… Zer beste iritsiko da? Zer lanetan zaude sartuta gero? Badut asmo bat dokumental bat egiteko; ez dakit aurrera aterako den. Esan egingo dut: Jon Miranderen ingurukoa da. Eta gero nahi nuke beste film labur bat egin baina bueno… orain bukatu dut film labur bat…

Ez zaude geldirik egoteko… eta segur aski, etorkizuneko zure proiektuetan ere joko duzu Andoaingo udaletxean gordeta dauden dokumentuetara, iturri horretara… Seguru!

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments