Martin Ugalde: “Esateko dudan behar hori da bizirik nagoen seinale”

0

[1997an Aiurri aldizkariak Martin Ugalderi eskainitako zenbaki berezian argitaraturiko elkarrizketa].

Hondarribiko bere etxean hartu gaitu, beti bezain maitekiro. Alboan alaba zaharrena eta azkenaldian bere konfesore bihurtu dena, Joan Mari Torrealdai, dituela eseri zaigu luze eta zabal hitz egiteko. Asko baitu esateko. “Behar hori da bizirik nagoen seinale”, dio.

Sehaskatik bertatik ikusi zenuen munduak erabat markatu zaituela esango nuke nik. Nabari da hori zure lanak irakurrita. Arau bezala dut nik nire barrutik ateratzen diren arazoak, irudiak… kontatzea. Ez dut bilatzen kanpoan ezer berririk zerbait handia egiteko asmotan. Nik ez dut istorio bat leku batean jartzen, hango historia ezagutzen ez badut. Orain idatzi dut ipuin bat Brusselan kokatua, baina izan da nire alaba bertan bizitu delako. Haren begietatik kontatu dut istorioa; salbuespen bat da.

Txikitako mundua barru-barruan duzu. Jende gehienari gertatzen zaio hori. Niri behintzat asko. Txikitandik hasi nintzen etxetik kanpora bizitzen. Denak utzi dit arrasto bat; nahi gabe ere geratzen zaizu arrastoa. Esperientzian hori dago eta kanpora ateratzen da gero.

Txiki-txikitatik izan duzu aita eredu eta gidari. Aita oso gogoan izan duzu zure bizitza osoan, ezta? Hori ondo dakite ezagutzen nautenek. Eredua izan da beti niretzat. Jenio handia zuen, eta horregatik egin zituen hainbeste gauza: tailerra sortu, udaletxean ere gauza asko egin zituen, korrikalaria zen, oso langilea… baina jenio bizikoa. ‘Mekaguen dio’ asko esaten zuen hark; horrek asko inpresionatzen ninduen. Izan zituen bi seme: ni eta gero, urte t’erdira, Joseba. Eta bien artetik ni ninduen bere segidakoa.

Eta behin baino gehiagotan sentitu behar izan duzu bere hutsunea. Behin baino gehiagotan galdu dut nik aita. Lehenengoa izan zen gerra hasi eta azkar. Bera bidali zuten Nafarroa aldeko mendietara ikustera guardia zibilak non zeuden. Horretan zela alde batetik eta bestetik hasi ziren tiroka, eta bera harrapatu zuten erdian. Kristorenak pasata atera zen handik. Hura izan zen galdu genuen lehen aldia. Bigarrena Bilbon ginela izan zen. Gernika bonbardatu ondoren aita barkuan atera zen eta ama eta ni tren ttiki batean, Santander aldera. Amak han ikusi zuen Sergio Irizar andoaindarra eta galdetu zion ea aita ikusi zuen. Hark baietz, bezperan ikusi zuela bizirik. Baina atzotik gaurrera sekulakoak gerta zitezkeen gerran. Han ere galduta izan genuen. Hirugarren aldiz Venezuelara bidean galdu zitzaigun; aita zeraman barkua hondoratu egin zutela esan ziguten. Gero jakin genuen ontzia bueltakoan hondoratu zutela. Hiru edo lau aldiz galdu dugu aita. Kolpetik sentitzea aita ez duzula… hori oso gogorra da.

Jexux Ozaeta zure lagunak aurreko batean esan zidan oraindik gerra garaikoak ezin ahaztuta bizi dela. Egunero etortzen zaiola gerra burura. Gauza horiek egunero ditugu gogoan. Garai hartako angustiak hor geratzen dira betirako.

Gainera, gazteak zineten artean. Ez genekien zergatik gertatzen zen hura guztia. Eskolara joaten ginen, etorri, bazkaldu… bizimodu organizatua genuen eta hori adin horretan oso inportantea da. Kolpetik gerra bat sortzen da eta galdu egiten duzu guztia.

Familia banandu beharra izan zen, ziur aski, gerrak egin zizuen kalterik handiena. Pentsa ezazu. Anaia ikusi gabe hamar urte egon nintzen. Kartarik ere ezin genion idatzi…

Venezuelan topatu zenuen askatasunaren kontzientzia? Garai bakoitzean askatasuna modu ezberdinean sentitzen da. Txikitan, Andoainen, bagenuen askatasuna; kalean bizi ginen; etxea otorduetarako eta lo egiteko zen. Beti ibiltzen ginen kanpoan. Baina kolpe batean bukatu egin zen hori. Askatasuna berriz ere Venezuelan topatu nuen, kontzientziaz. Iritzia eman zitekeen, eztabaidatu. Idazteko askatasuna zegoen, hori berria zen niretzat.

Zuk argi zenuen txikitatik idatzi egin nahi zenuela. Txiki-txikitatik. Gu Bilbon ginela jasotzen genuen TBO umeentzako aldizkaria eta eskolara ere gustora joaten nintzen: han ere, Bilbon, Belandia akademian ikasten aritu nintzen…

Frustrazio handi samarra izango zen, bada, Venezuelara iritsi, idatzi nahi eta horrelako lanik ezin topatu ahal izatea. Ferreteriko gauzak saltzen hasi nintzen, baina ez nuen horretarako balio. Ezin nuen.

Baina sona handiko kazetari bihurtu zinen. Gobernutik bertatik deitzen omen zizuten behin edo behin Venezuelako alde gordinena azaltzen zenuela eta kexaka. Barne ministroaren sekretario batek esaten zidan hori. Ezaguna genuen etxean eta etortzen zen batzuetan. Eta harek esaten zidan: “Ugalde, tenga usted cuidado. Deje usted de echar vainas porque va a tener problemas…”. Egia esatea ez zen komeni…

Baina hain zuzen ere horretarako idazten zenuen zuk, egia esateko. Noski, noski. Nik banekien beti egia esan behar nuela. Noiz eta nola esatea da kontua. Hori gero ikasi dut, baina garai hartan ez nekien, kanpotarra nintzen… Egon nintzen ni hiru egun eta hiru gau kartzelan, e? Polizien auto bat oztopatu omen nuen eta txuleriagatik sartu ninduten preso. Ezin genuen eseri, tente egon behar genuen; ezin genuen pixarik egin, jatekorik gabe… Handik aterata idatzi nuen ipuin bat: ‘El hombre se calló y dijo’.

Zure erreakzioa izan da beti hori, ezta? Egurra eman dizutenean, debekua jarri dizutenean, errebeldiaz erantzutea beti. Hala izan da, bai. Ipuin hartan idatzi nituen, kontu handiz, polizien aurrean esan ezin nituenak. Idatzi beharra nuen, barruko zera hori baretu…

Saltzaile izan zinen, kazetari gero, idazle… Guztien gainetik kazetaritzat duzu zure burua? Ni hasieratik izan naiz kazetari. Venezuelan lanean hasi nintzenean egiten nituen kiroletako berriak-eta, baina nik beti moldatzen nituen erreportaje bezala. Pixkanaka-pixkanaka ipuin bihurtzen joan ziren. Hori prozesu bat izan zen, oso prozesu luzea. Asko idatzi nuen, garai hartan asko irakurri nuen… ailegatu nintzen literatura sistematikoki irakurtzera. Espainola irakurri nuen dena eta venezuelarra ere bai. Ipuina hortik etorri da. Gehiena ipuina izan da baina horretarako bidea kazetaritza izan da. Hori izan da fundamentala. Ez banintz aurrera atera periodista bezala, zaila izango zatekeen ipuinak idaztea. Hori prozesu bat izan da.

Eta ondo burututako prozesua, izan ere. Askok zaituzte euskal ipuingintzaren maisutzat. Bueno, lanak beti izaten du bere ordaina. Nire ustez batek lortu nahi duena beti lortzen du. Egia esango dizut: nik dirua egiteko gogoa izan banu, ni aberatsa izango nintzatekeen. Nik idazteko nuen fede berarekin beste zerbait bilatu izan banu, beste zerbait izango nintzatekeen. Baina barru-barruan aspaldi neukan gosea, obsesioa zen idaztea. Barrutik ateratzen zait, bai, eta erraztasunez.

Horri deitzen zaio sena. Hala da. Sena behar da idazteko. Gramatika jakitea ez da nahikoa. Niri ez zait gramatika gustatzen. Nik behin galdetu nion lagun bati nola zitekeen gramatika ez gustatzea. Eta zera erantzun zidan: “Gorputzaren fisiologia ezagutzen duen batek jakingo dik muskuluak nola dabiltzan, hezurrak nola dauden… baina ez zekik korrika egiten. Hik eztakik non dauzkaken hezurrak ere, baina korrika egiten duk”. Hori da erantzuna. Idazten ikasi ere egiten da, baina behar da zerbait indartsua barrutik egiatan lan egiteko.

Venezuelara joan zineten euskaldunon helburua itzultzea zen. Hala ere, ahalegin berezia egin zenuen zuk venezuelartzeko. Martin amerikanoa existitzen da oraindik? Ni joan nintzenean han topatu nuen askatasuna eta bizitzeko modua. Pixkanaka joan nintzen herri hura ezagutzen. Idazten ere ahalegina egiten nuen, galderen arabera erantzuten. Eta nik idatzi nahi badut venezuelarrentzat saiatu behar dut jakiten venezuelarra zein den, zer gustatzen zaion, nola hitz egiten duen… Konturatu gabe hasten zara sartzen bere izpirituan, venezuelarren izpirituan. Venezuelarra ulertzeko ikasi behar duzu haien historia, historiak eramaten zaitu barrura eta bazoaz sartzen maitasunaren bidetik herri baten historian. Gero nahi duzu idatzi idazle onek bezala, hango idazle onek bezala, hori baita venezuelarra ezagutzeko beste bide bat. Horrek denak maitasuna eskatzen du, eta konturatu gabe sartzen zara mundu horretan… eta bihurtzen zara bertako. Ni venezuelarra izan naiz, han lan egiteko behar baita izan venezuelar, herria sentitu.
Horrek ez du esan nahi Euskal Herria ez duzunik sentitzen. Bi herri senti daitezke, modu ezberdinean maitatu. Intentsitate berdinarekin? Ba ez da intentsitate kontua, denbora kontua da. Bakoitzak dauka bere momentua. Orain nago nire herrian, Euskal Herrian, bere hizkuntzarekin. Eta Venezuelan ipuinak venezuelarrez idatzi nituen bezala gero hona etorri nintzenean erabaki nuen lan bera behar nuela ikasi. Eta han Venezuelan egin nuen prozesu bera egin behar izan nuen hemen ere: konturatu nintzen ikasi behar nuela hemengo historia berria, hasi behar nuela idazten hemengo historia. Baina artean historia ezagutzen zutenek ez zuten ezer idatzi. Elkarrizketatu nintzen, adibidez, Mitxelenarekin. Mitxelenak ez zuen idazten Euskal Herriko hizkuntzaren problemei buruz, baina ezagutzen zituen. Harengandik jaso nituen nik datu historikoak, hark eman zidan sarrera ‘Síntesis de la historia del País Vasco’ egiteko: hizkuntza, kultura, antropologia… Historiaz gain euskara ikasi behar izan dut. Lan bera euskaraz egiteko gai izan naiz. Baina asko kostatu zait.

Venezuelarrez idazteko ikasiak asko balio izan dit euskaraz hitz egiteko. Askotan hango hitz batek ematen dit klabe bat eta bilatzen dut haren parekoa euskaraz. Idazten dut euskaraz krioilotik pasata. Dena dago lotuta; barruko lana da, zaila esplikatzen.

Aberrira etorri zara sortu zenuen beste aberria atzean utzita. Nik han kapital handia galdu dut. Asko utzi dut han. Etorri nintzenean ni oso ondo nengoen han baina nire semeak hamar urte zituen eta nahi nuen lortu hauxe, daukadan hau: nire seme-alabak eta haienak euskaldunak izatea. Eta han ezin nuen hori lortu. Hala erabaki genuen etortzea, hemengo egitea. Orain beste aberastasun bat daukat. Bi aldiz ikasi dut herri bat maitatzen, hizkuntza bat maitatzen; bi aldiz aberatsa naiz, bi aldiz.

Materialki aberasteko asmorik gabe egin duzu zuk herri hone alde, bere hizkuntzaren alde. Esker onekoa izan zaizu herria? Nik uste dut baietz. Gauza batzuk ez dizkidate ulertu, baina tira. Askok uste zuten dolarrekin amerikano papera egitera etorri nintzela ni. Baina ni langile bat izan naiz; han langilea eta hemen langilea; han euskaldun bat eta hemen ere euskaldun bat. Askok ez zidaten sinistu hasieran esaten nuena egingo nuela, baina nik egin dut. Dena idatzita dago. Hori nahi nuen egin, besterik ez. Egunkaria sortzen laguntzea niretzat izan da saririk handiena.

Koherentziaz bete dituzu esandakoak. Gauzak kontzientziak hala eskatzen zizulako egin dituzula behin baino gehiagotan esan duzu. Baina kontzientziak askotan damua ere ekartzen du atzetik. Damutu zara inoiz egindako ezertaz? Badakit gauza asko ez ditudala aurrera atera nik nahi nuen bezala. Baina ni konforme nago. Badakit okerragoa izan zitekeela eta baita hobea ere. Baina ni ez naiz hobearen bila geratuko edo negarrez hura lortu ez nuelako. Lortu dudana nahiko ona da herriarentzat eta niretzat ere bai. Horrekin nahikoa dut.

Eta kitto. Eta kitto. Horrek ez du esan nahi dena lortuta dagoenik. Nik lortu nezakeen alderdiaren barruan efizientzia politiko handiago bat baina ez nintzatekeen nirekin koherentea izango. Nik hizkuntzari eta literaturari eman niezaiokeen ikuspegi konformistagoa edo… baina ez nintzatekeen Martin Ugalde izango, galduko nukeen bidean zerbait. Hori da. Bakoitzak konformatu behar du duenarekin eta ni konforme nago naizenarekin. Horrekin ez dut esan nahi beste zerbait ezin izan nintekeenik, baina beste zerbait izan banintz, galdu egingo nukeen naizenaren zerbait. Ez dut bilatzen perfekziorik; badakizu zer bilatzen dudan? Bada, normaltasuna. Nik nahi dut izan normala. Normaltasuna niretzat oso inportantea da. Badakizu zer den hainbeste jende ikustea itsu, begioker, ero, hankaoker… eta zuk bi begi edukitzea, sudurra (handi samarra baina sudur bat), burua… normala izatea.

Itxuraz ezer esan nahi ez duen hitz horri esanahi handia ematen diozu. Asko esan nahi du eta. ‘Pedrotxo’ nobelan adierazi nahi izan dut zenbat balio duen normaltasunak, baita normaltasun pobre batek ere. Ni normala naiz eta nahikoa dut. Izan dut dirua irabazteko aukera, baita politikoki diputatu edo senadore izatekoa ere, baina, aizu, nik ez nuen hori behar. Nik banekien zein zen nire bidea eta oso konforme nago.   

Eta lortu dituzu bide horretan lortu nahi zenituen helburuak edo oraindik bidea egiten jarraitzeko asmoa daukazu? Nirea eginda dago. Nahi dudana da oraindik zertxobait gehixeago idaztea. Pentsatzen dut hemendik aurrera idatzitakoak mereziko duela, eta bizitzak jarraitzen duen bitartean horretan jarraitu nahi dut.

Oraindik geratzen zaizkizu gauzak esateko? Bai, bai. Ez banu esateko behar hori sentituko hila nengoke. Hori da oraindik bizirik sentitzen naizen seinale. Ez daukat presarik, baina argiak piztuta jarraitzen badu oraindik gauza gehiago esango ditut.

Zer geratzen zaizu esateko? Gauza asko. Bizitza da mataza bat bezalakoa. Bakoitzak bere mataza dauka eta nirean oraindik hari asko dago. Momentuoro hari horrek paper bat josi lezake. Bizi den bitartean pertsonak zerbait egin dezake. Baina ez nintzateke izutuko hor moztu beharko banu.

Beraz, Martin Ugalderen ipuin asko irakurriko ditugu oraindik. Nahi nuke.

Ez nuke amaitu nahi euskarari buruz hitz egin gabe. Txikitatik izan zara euskararen aldeko borrokalari. Segur aski lehen esan dugun erreakzio bera izango zen, alegia, debekuak bihurtu zintuen borrokalari? Baina ez horrek bakarrik. Nik etxean ikusi nuen hizkuntzarekiko leialtasuna; aitak erakutsi zidan hori. Hizkuntza da nire pertsonaren gauzarik inportanteena. Ikasi ditut beste hizkuntzak, eta horrek ematen dizu indar gehiago esateko: “Nik haiena ikasi dut. Orain haiek ikasi dezatela nirea ere”.

Orain gutxi argitaratu dizuten elkarrizketa batean esaten zenuen euskara dela zure herriaren mundua. Horrek ematen dio zure munduari zentzua. Nik euskararik ez banu ez nintzateke mundu honetakoa izango. Gainera, mundu hori ez banio familiari pasa galduta edukiko genukeen mundu hori. Ikusten duzu oraindik zure hizkuntza arriskuan dagoela eta horrek ematen dizu indar gehiago.

Euskararen alde asko borrokatutakoa zara zu baina oraindik asko geratzen da borrokatzeko, ezta? Euskara galdu liteke oraindik. Euskara ez dago salbu.

Eta euskara galduko balitz? Nik ez nuke ikusi nahi, ez litzateke nire mundua izango. Euskara galtzera doa daraman bidearekin. Hizkuntzak behar luke zein aukera dituen eta nondik jo lezakeen ikusi. Herri honek badu hizkuntzaren kontzientzia handia eta horrek indar handia du. Politikoek ez dute oraindik hori ikasi.

Hori erakutsi nahi izan zenuen zuk politikoki. Esan liteke sigla jakin batzuena baino gehiago hizkuntzaren eta herriaren militante izan zarela? Orain EAn nago, botoa emango diot EAri, baina beti izan naiz kritiko. Ni beti izan naiz kritikoa, baita EAJren barruan ere. Nirekin ez ziren fidatzen. Partidu batekin ados ez nagoenean esango diot agur, baina hizkuntzari ez. Hori da diferentzia. Partidu politiko bati baldintza asko jartzen dizkiot, hizkuntzari bakar bat ere ez. Hizkuntza nire arnasa da eta horren kontra ezin dut egin, hiltzea litzateke.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments