Euskarazko bi estreinaldi Donostiako Poltsiko Antzerkiaren 31. Jaialdian

0

Piszifaktoria Ideien Laborategiaren ‘Ivanka’ eta Andoni Mutiloaren ‘Sex Sua’ ikusi ahal izango dira lehen aldiz

Maiatzaren 5etik 22ra ospatuko da Donostiako Poltsiko Antzerkiaren 31. Jaialdia, eta euskarazko bi estreinaldi izango dira bertan: Piszifaktoria Ideien Laborategiaren ‘Ivanka’ eta Andoni Mutiloaren ‘Sex Sua’. Jaialdia Donostia Kulturak antolatzen du, kultur etxeen sarearen bitartez, eta hiru astez luzatuko dira emanaldiak, ostegunetik igandera. Jaialdiaren xede nagusia da “barietate antzerkia zabaltzea bai haren ohiko jarraitzaileei, baita tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere”.

Edizio honetan, aurrekoetan bezala, Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XII. deialdiko irabazleak hartuko du parte. Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdia Donostia Kulturak antolatzen du, Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan, eta Piszifaktoria Ideien Laborategiaren ‘Ivanka’ bakarrizketa izan da irabazlea. Horixe izango da hain zuzen estreinaldietako bat. Bestea, berriz, Andoni Mutiloaren ‘Sex Sua’ ikuskizuna da.

Piszifaktoria Ideien Laborategiaren ‘Ivanka’ bakarrizketa hilaren 7an estreinatuko da, 19:00etan, Kontadoresen. Ondoren Le Bukowskyn (maiatzak 8, 19:00etan), Etxarrienen (maiatzak 14, 19:00etan), eta Museum Cemento Rezolan (maiatzak 20, 20:00etan) taularatuko da. Ivanka gurera heldu den ekialdeko inmigrantea da. Bere kontakizunari esker jakingo dugu zergatik alde egin behar izan zuen bere herrialdetik eta zer aurkitu zuen hemen. Gure gizartearen hainbat alderdi ilunen erradiografia deserosoa egingo du: krisi ekonomikoa, gentrifikazioa, matxismoa…

Bigarren estreinaldia Andoni Mutiloaren ‘Sex Sua’ musikala da. Honatx laburpena: «Ligatzeko gogoz zabiltza, baina aplikazioekin ez zara ondo moldatzen? Bertako komunikazio kodeak ulertzeko zailtasunak dituzu? Zure antsietate mailak gora egin du? Ez kezkatu, zuk behar duzuna asmatu dudalako: ligatzeko aplikazioetan ez galtzeko gida, Atik Zra». Igeldoko ikastetxea emango da lehenikm maiatzaren 14an, 19:30ean. Ondoren ikusi ahal izango da Le Bukowskyn (maiatzak 15, 19:00etan), Arduben (maiatzak 19, 19:00etan), eta El Nidon, (maiatzak 20, 20:00etan).

Ikus egitaraua osorik.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments