Anjel Lertxundik DESERTUAN BEHATXULOA saiakera argitaratu du

0

Juan Kruz Igerabidek egin ditu liburu honen editore lanak; harekin batera aurkeztuko du liburua Lertxundik maiatzaren 13an

Alberdania etxeak eman du argitara Anjel Lertxundiren saiakera berria: Desertuan behatxuloa. Maiatzaren 13an aurkeztuko dute Donostian, eta Lertxundirekin batera aurkezpenean izango da editore lanetan aritu den Juan Kruz Igerabide.

Aurkezpenaren bezperetan Igerabidek aurreratu duenez, “liburu honetan, idazleak bere etxera gonbidatzen du irakurlea, bere liburutegira, bere sukaldera, baita bere logelara ere; ez ditu bere ezinak disimulatzen, ez, baina bere ezinetatik apaletako liburuak arakatzen ditu, arnasa zabaltzen du espazioan eta denboran, bizitzen laguntzen dioten idazle eta pentsalariak ekartzen ditu bere minak eta saminak, ez agian leuntzera, baina bai ulertzen saiatzera, eta haiei (minei zein idazleei) aurrez aurre duintasunez begiratzera”.

Sinopsia
Gutxitan gonbidatzen gaitu idazle batek bere etxera, bere laneko mahaira, bere ohe eta ametsetara; gutxitan erakusten dizkigu idazle batek zuzen-zuzenean bere baitako labirintoak, bere bihotzeko txokoak. Liburu honek ostatu ematen dio irakurleari idazlearen etxean eta gogamenean. Aldi eta alde askotako gonbidatuz beterik dauka etxea. Agapea, prest.
Anjel Lertxundik baliabide literarioekin pentsatzen du, gizateriaz, munduaz, euskal giroaz, irakurketaz, pandemiaz, heziketaz, gaur-gaurko arazoez. Pentsamenduaren eta literaturaren tradizioa baliatzen du, aipuz aipu, txoko-miran. Hatza mingainean busti, orriak pasa, azpimarrak errepasatu, Anjelen liburuetan garai orotako liburuen oihartzunak entzuten dira, milaka orriren xiri-xarak, bihotza goxatuz, azalean dardara arinak eraginez, eta tarteka erraiak irauliz.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments