Arrate Egañak narrazio-bilduma berria aurkeztuko du maiatzaren 31n

0

Erein argitaletxetik aurreratu dutenez, “arrotza zaiguna ulertzeko aukera emango digu Arrate Egañaren ipuin-bilduma honek”

Itzalen distira‘ titulupean kaleratu du Arrate Egañak bere lan berria, bere bigarren ipuin-bilduma dena, eta maiatzaren 31rako iragarri dute aurkezpen ekitaldia: Donostiako Udal Liburutegian izango da goizeko 11:00etan, eta Egañak Uxue Razquin Ereingo editorea izango du bidelagun.

Argitaletxetik aurreratu dutenez, “ipuinen protagonistek, harrapatuta dauzkaten egoera tragikomikoetatik abiatuta, aurre egin beharko diete obsesioari, ihes egiten dien denborari, heriotzari edota sakrifizioari. Arrotza zaiguna ulertzeko aukera emango digu Arrate Egañaren bilduma honek”.

Sinopsia
Oroitzapen gogaikarri bat atzean uzteko beharra duen preso ohia. Aitaren hileta-elizkizuna fede-krisi betean dagoen apaizaren esku utzi nahi duen andre ateoa. Leihotik ikusten duen neskatxa batenganako obsesioak jotako atsoa. Ehiztariek utzitako hondakinak garbitzeko ardura hartu duen neska parea. Iktus bat izan ostean azkenekoa izan litekeen bidaia aspergarria abiatu duen emakumea. Irakasle ohi batekin topo egitean nerabezaroko maitasun-istorio bat berpizten zaion gaztea. Fikzio-adikzioak pasadizo ero batean murgildu duen emakumea. Ezusteko albiste ilun batek argira daramatzan hiru andre.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments