Literatura Unibertsala bildumako bi ale berri aurkeztuko dituzte ekainaren 2an

0

Marina Tsvetaievaren ‘Ene anaia femeninoa’ eta Leonardo Sciaciaren ‘Todo modo’ dira bildumako 183. eta 184. liburuak

Ekainaren 2an Donostian aurkeztuko dituzte Literatura Unibertsala bildumako azken bi aleak, 183.a eta 184.a, hain zuzen ere: Joxe Mari Berasategik ekarri du euskarara Marina Tsvetaievaren ‘Ene anaia femeninoa’; eta Gaizka Ugaldek itzuli du Leonardo Sciaciaren ‘Todo modo’. Aurkezpen ekitaldia Donostiako Udal Liburutegian izango da goizeko 11:00etan, honakoen parte-hartzearekin: Joxe Mari Berasategi eta Gaizka Ugalde itzultzaileak, Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordetza), Manu Lopez Gaseni (EIZIEren lehendakaria) eta Lander Majuelo (Igela eta Erein argitaletxeen ordezkaria).

Ene anaia femeninoa (Marina Tsvetaieva / Itzul.: Joxe Mari Berasategi)
Marina Tsvetaievaren testu hau, emakumeen arteko amodioari buruzkoa, Natalie Clifford Barney-ri zuzendua da; erantzun bat haren 1918ko Pensées d’une amazoneri. Tsvetaievak jeinu askea erakusten digu Ene anaia femeninoan, ahalmen poetiko dirdiratsua, hizkuntzaren apaintasun musikala, testu lesbiko ederrenen artean kokatzen dutena. Marina Tsvetaievak sakon aztertzen du maitasun femeninoa, eta bereziki lotzen zaio elkar maite duten eta haur bat edukitzerik ez duten bi emakumeren kezkak definitzeari. Asmo hori gaindituz, orrialde ahaztezinak eskaintzen dizkigu emakumeaz, gizonaz, amodioaz eta bizitzaz.

Todo modo (Leonardi Sciacia / Itzul.: Gaizka Ugalde)
Plazer handiz idazten zuela esaten zuen Sciasciak, eta nabaritzen zaio esku artean duzun makina bitxi honetan. Lehen begiratuan, oso narrazio argia eta zuzena da: argumentuak bizi-bizi korritzen du, elkarrizketak umore finez josita daude, karakterizazio eta deskribapenei ere ez zaie gatz eta piperrik falta, eta autoreak «prezisiozko estiletea bezala» darabilen lumaz zorrozturik dago testuan zehar garatzen den bi mundu-ikuskeraren arteko norgehiagoka filosofikoa.
Eleberriak, hala, badu saiakeratik nahiz tragikomediatik, bai eta egitura sozial jakin bat irudikatzeko gogotik ere: haren manerak eta izaerak, haren erritoak, morrontzak eta elkar hartzeak, haren azaleko eta barneko engranajeak. Beste aldean, kontrapuntu gisa, eleberriaren hasieran askatasun-ekintza baten aukerari noiz heltzeko esperoan alderrai aurkezten zaigun narratzailearen ahotsa dago, «bakarkako gizonaren musika ukigabe eta barea», artistaren begirada.

 

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments