Ganbila antzerki bildumako bi ale berri kaleratu ditu Susa etxeak

0

Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek idatzitako ‘Erradikalak’ eta Mikel Gurrearen ‘Soka’ dira lan berriak

Susa etxeak ekainaren 8rako iragarri du Ganbila antzerki bildumako bi bi liburu berriren aurkezpena: Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek idatzitako ‘Erradikalak‘ eta Mikel Gurrearen ‘Soka‘. Aurkezpena Donostiako Tobacco Days liburu-dendan izango da goizeko 11:00ean, eta hiru egileekin batera Oier Guillan bildumaren editorea izango da bertan.

Erradikalak
Ane Labaka Mayoz bertsolaria eta Beatriz Egizabal bakarrizketalaria plazaz plaza ibili dira 2017tik Erradikalak gara eta Erradikalak ginen ikuskizunekin. Bertan, neska gazte promesa etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta beste hainbat gairi buruz kantatu eta kontatu dute bakarrizketa eta bertsoen bitartez, umoretik, generoen arteko desparekotasunak ez ezik feministon kontraesanak ere agerian utziz. Hain zuzen ere, emanaldi horietako gidoiak daude bilduta Erradikalak izeneko liburu honetan, egileek obrari buruz idatzitako testu batekin eta Jule Goikoetxea Mentxakaren hitzaurrearekin batera. Hibrido moduan sailka dezakegun lana da hau, bertsogintzatik eta clown mundutik eraikita baitago.

Soka
Kezka batetik abiatu zen Soka idazteko txinparta. Jendartean tabua den, samin ikaragarria eragiten duen eta gutxitan azaleratzen den (eta, egiten duenean, esan gabe doa, gordinki) eskola jazarpenaren gaia ekartzen du mahai gainera antzerki moduan. Mikel Gurrea egileak, gainera, lehen orrialdetik luzatuko digu abisua: berak ez du pertsonaia epaituko. Ikusten duenaz, galdekatzen duenaz, gutaz, ikusleez, irakurleez hitz egiten du obra honek. Bertolt Brecht-ek egiten zuen antzera, gai bat paratzen digu begien aurrean, distantzia hartzen dugu, batzuetan ia oharkabean pasatzen diren ñabarduretan guk gure istorioa idatz dezagun. Gurrea zinemagilea ere bada, eta nabari da: zinematografikoa da oso darabilen idazkera. Tanttaka Teatroak eszenaratu zuen obra, Fernando Bernuésen zuzendaritzapean eta Iñaki Rikarte aktore zela. Liburuak Sokaren gidoia jasotzen du, Bernués eta Rikarteren testu banarekin batera.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments