Patxi Iturregi: “Interneta dela eta, ez dut inolako etsairik ikusten. Kontrakoa, internetek liburuaren inguruko arreta zabaldu duela esango nuke”

0

[2006ko urrian Beterriko Liburua aldizkariaren 31. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Laudiotarra. Euskararen irakaskuntzan egiten du lan bere herriko euskaltegian. Haize kontra eta Behi eroak ipuin liburuen ondoren, Dioramak lana eman du argitara berriki. Bere liburugintzaz nahiz literaturaren alderdi zabalagoez aritu gara hizketan Laudioko euskaltegian bertan.

Itsas nabigazio ikasketak egin zenituen eta petrolio-ontzi batean egin zenuen lan. Nola etorri zen literaturarekiko jauzia?
Hiru urtetan ibili nintzen petrolio-ontzietan, Mediterraneoko portuetatik atera eta Pertsiako golkora joaten nintzen; Kuwait-era…Oso bidaia luzeak izaten ziren, Afrika osoari buelta ematen baikenion. Joan-etorrian bi hilabete igarotzen genituen. Ez zen txantxetako bidaia, baina bertan, ez genuen gauza exotikorik ikusten. Petrolio-ontziaren zamaketa oso arin egiten zen; hogeita lau ordutan erraz zamatzen baita itsasontzia eta, buelta egiten genuen berriro. Handik Mediterraneoko portuetara etortzen ginen; Algecirasera, Cartajenara…
Esperientzia polita izan zen. Bizipen horietatik atera nuen lehenengo libururako gaia eta kontatzeko modua. Nire lehen ipuin liburua Haize kontra izan zen eta bertan, itsasoko esperientzia hori guztia aprobetxatu nuen. Liburuan ez nuen benetan gertatutako kontu errealik kontatzen, baina bizipen horiek guztiak garrantzitsuak izan ziren giroa lotzeko. Euskaraz horrelakorik ez zegoelako, bereziki.

Itsasoa gaitzat hartuta, liburu berritzailea ekarri zenuen…
Itsasoarekin lotuta, euskaraz zegoen apurra arrantza giroaren inguruan idatzitakoa zen. Kresala liburuan ageri zen giroa geroago ere landu zen. Edorta Jimenezek Atoiuntzia liburuan landu zuen gaia eta lehenago, Zubikaraik edo Etxeitak . Haize kontra liburuarekin abiatu zen nire ipuingintza eta oso harrera ona izan zuen kritikaren aldetik. Gaiaren erabilpenean planteamendu berria egiten zuelako gustatu zitzaiela uste dut. Ukitu berezia bazegoela ikusi zutelako. Agian gai horrekin jarraituko nuela pentsatzen zuten; itsasoa gora eta itsasoa behera. Baina nik, ez nuen abenturazko nobela edo nobela historikoa egiteko gogorik. Itsasoko kontuak XIX. mendean jarri ziren modan; Conrad-ekin edo Melvillerekin edo Jack Londonekin…, eta ohiturazko nobelaren bide hori amaituta zegoen jada. Gaur egun O´Brian moduko jarraitzaile batzuk geratzen dira baina, epigonoak dira. Ez nuen nire burua bide horretan ikusten. Nik idatzi nuena oraindik gure garaiko kontu bat zen; deskribatzen nuen itsas giroko mundu hori, 70-80ko hamarkadetan Euskal Herriko herrietan geratzen zenaren ingurukoa zen. Gure garaiari lotutako kontu bat. Hala ere nik ez nuen nire burua beti itsasoari buruz idazten ikusten eta horrekin apurtzea erabaki nuen momentu batean. Kritikoak agian harritu egin ziren hirirako jauzia egin nuelako.

Petrolio-ontzian lan egin aurretik, ordea, letren munduan murgilduta zenbiltzan jada, ezta?
Idazteko gogoa txikitatik datorkit. Orain dela gutxi elkarrizketa bat egin zidaten Laudioko institutuaren 50. urteurrena zela eta. Orduan gogoratu nuen nola batxilergoa ikasten ari nintzelarik, lehenengo urtean, nire lehenengo ipuin lehiaketa irabazi nuen. Sari modura hogeita bost pezeta inguru jaso nuen, baina garrantzitsuena, oparitu zidaten liburu sorta izan zen. Handik hiru urtera-edo berriro jaso nuen beste sari bat. Orduko hartan ez nuen lehen posturik lortu, lehiaketan nagusiak ere sartzen baitziren eta irakasle batek irabazi baitzidan lehen saria. Gazte-gaztetan hasi nintzen idazten, baina oraindik erdalduna nintzen. Hurrengo pausoa, beraz, euskara ikastea zen eta hori, 70eko hamarkadan egin nuen. Itsasoan eskaini nion tarte gehien euskara ikasteari, ordu asko izaten baita irakurtzeko, ikasteko, nahi duzunerako…

Zein eragin izan zuen irakurzaletasunak zure bidean?
Umetan, gizartea oso itxia zen, iluna zen. Dena zegoen debekatuta. Niretzat ere nahiko garai tristeak izan ziren, aita hil baitzitzaidan hamaika urte nituela. Garai hura oso tristea izan zen niretzat, bai. Baina baziren bi gauza pozgarri: komikiak batetik eta zinema bestetik. Orduan komiki asko irakurtzen genuen, elkarren artean trukatzen genituen. Urtean zehar ehunka komiki irakurtzen genuen eta horrez gain, baita pelikula asko eta asko ikusi ere. Hortik datorkit istorioak dastatzeko eta gozatzeko grina. Bestalde, gure gurasoak langile xumeak ziren eta liburu gutxi izaten zen etxean. Gogoan dut uda batean, aitonaren etxeko ganbaran, kutxa handi batean gramofono zahar bat eta hogei bat liburu topatu nituela. Horien artean, Defoeren Robinson Crusoe, Alberto Nuñez Cabeza de Vacaren Naufragios eta Chuchill-en nobela pare bat zeuden. Hori izan zen niretzat literaturarako atea. Orduan hasi bainintzen, hamahiru bat urte nituelarik, liburuak irakurtzen. Jarraipena eman nion aurrerantzean lan horri eta etengabeko irakurketa izan da handik aurrerakoa.

Ipuingintzan oinarritu zara idazle moduan. Kanpo nahiz barruko istorioak biltzeko generorik egokiena iruditzen al zaizu?
Ipuina idazteko bi arrazoi nagusi ditut. Batetik, idazteko ditudan inguruko baldintzak: ez naiz idazle profesionala, dedikazio aldetik ere ezin diot literaturari nahiko nukeen denbora guztia eskaini; denbora mugatua daukat, beraz. Daukadan aukerarekin zaila da nobela bat idaztea. Hori alde batera utzita, nik beti egin dut ipuinaren aldeko aldarria. Genero aldetik, gehien gustatzen zaidana da. Irakurtzen hasi nintzenean, hego amerikar idazleak zirela eta zaletu ginen ipuinarekin. 70eko hamarkadan zabaldu ziren Cortazar, Borges, Onetti, Bioy Casares, Garcia Marquez eta hainbat eta hainbat idazle gehiago. Ipuina ekarri ziguten idazle haiek guztiek. Hortik Ipar Ameriketako idazle ospetsuengana egin genuen salto eta baita klasikoetara ere. Borges irakurri eta gero, Chejov irakurtzera jo genuen. Irakurketan aurrera egin ahala, mundu ikaragarri zabalarekin egin genuen topo. Noski, gure artean Atxaga eta Sarrionandia izan ziren lehenengo ipuingileak. Gaur egun ere, nahiz eta nobelak idatzi, nik uste ipuingintzan lortu dutela euren maila gorena.

Zertan oinarritzen zara ipuin bat idazten hasten zarenean? Zein inspirazio iturri hartzen duzu kontuan?
Idazle guztien inspirazio iturriak hiru direla esaten da: kanpoko mundua, barneko esperientzia afektiboa eta literatura hondarra edo irakurketetatik geratzen zaiguna. Gero, idazle bakoitzaren esku dago hiru iturri horiek zein tamaina edo neurritan erabili. Nik errealitateari adibidez -agian miopea naizelako- kasu gutxi samar egiten diot. Bai, egiten diot modu orokorrean, baina ez zehatz-mehatz. Kasu gehiago egiten diot barneko esperientzia afektiboari eta irakurri dudanari. Hortik abiatuta egiten dut mistura edo nahasketa hori. Horrela ateratzen dira nire ipuinak. Benetan hori nola gertatzen den azaltzea oso zaila da, gauza ñimiñoak izaten baitira. Liburu honetan oso ipuin laburrak azaltzen dira, baina ipuin luze baterako ere ez pentsa buruan argumentu zehatzik duzunik. Abiapuntua agian entzun duzun esaldi bat izaten da edo txikitan izandako sentipenen bat… Hortik abia daiteke istorio guztia eta poliki-poliki osatu, zuk ere istorio horretan zer gertatuko den ondo jakin gabe. Egun batetik bestera, gehiago dakizu idazten ari zaren ipuinaz, besteak beste, pertsonaiak ezagutzen joaten zara. Batzuetan istorioa gelditu egiten da eta geldi egon daiteke hilabete pare batez. Berriro hartzen duzunean ez dakizu zer gertatuko den, idazten bukatzen duzun arte.

Liburu batetik bestera aldaketa asko izaten da idazlearen baitan. Lehen aipatu duzu lehen liburua itsasoan kokatu zenuela eta bigarrena hirian. Bigarrenetik hirugarren liburura ere badago alderik…
Beti saiatzen naiz liburu osoak egiten eta eskaintzen. Ez dut ipuin bilduma eskaintzen, ipuin liburua baizik. Nahiz oso itxura heterogeneoa izan, nolabaiteko lotura badute nire liburuetan agertzen diren ipuin guztiek. Bai gaien aldetik, bai teknika aldetik…, aniztasuna eskaintzen ahalegintzen naiz. Lehenengo liburu hartan itsas giroak lotzen zituen sekuentziak. Atmosfera aldetik nahiko iluna zen, lanbrotua; itsasoko gaiek eskatzen duten moduan. Bigarren liburuan hiri postmodernoa agertzen zen; Bilbo, Guggenheim, plastikozko behiak… Bertan agertzen ziren ipuinek bizitzaren zentzugabea adierazten zuten, absurdo samarrak ziren eta ankerkeria ukitua ere bazuten. Azken liburu honetan, existentziari buruzko hausnarketa egitera itzuli naiz. Gauza txikiak hartu ditut oinarrian gehienetan, nahiz eta zeharka bada ere, gai potoloagoak ere azaltzen diren: zoriona, amodioa, heriotza, Jainkoa… Gai potolo horiek eguneroko gauza txikiekin nahasten dira; lana, langabezia, etxebizitzaren arazoa…

Zoriona, amodioa, heriotza nahiz Jainkoarekin batera, bakardadea, beldurra, egonezina…, ere suma daitezke. Sentsazio ezberdinak landu dituzu. Ironiaz ez ezik suspentseaz ere baliatu zara…
Ipuin laburren eta hiper-laburren generoak ezustea eskatzen du. Hori da irakurleari atsegin gehien ematen diona. Istorio bat irakurtzen hasi, hipotesi batzuk egin eta kontaketaren amaierara iristean, beste planteamendu batzuk egin behar izatea mezua ulertu ahal izateko. Liburuan agertzen dena, suspentsea baino gehiago ezustea dela uste dut.

Gai asko ukitu eta bakoitzaren inguruan istorio bat osatu duzu. Lotura izanagatik, mundu bat da ipuin bakoitza. Zer nolakoa izan da liburuaren sortze prozesua?
Kanpotik ipuin xumeak direla dirudi agian. Eta bai, batzuk pasadizo edo gertaera xumeak dira, baina apropos eginda dago hori. Abiapuntua oso apala eta txikia da, baina helburu jakin batekin: irakurlearen arreta lortu nahi dut. Izan ere, gai gogor batekin hasiz gero, irakurleak gehiago eskatuko du eta agian une batean ez du nahikoa arretarik jarriko. Ordea, zero mailatik hasiz gero, pasadizo xume batetik –eta hori da liburuan egiten dena- hasieratik bereganatzen da irakurlearen arreta. Eta poliki-poliki, in crescendo, gai sakonetara sartzera edo argumentu korapilatsuetan endredatzera animatzen duzu. Azken lan honetan badago liburua zeharkatzen duen korronte bat, irakurlea mundu berri horretan gero eta sakonago eta gero eta barrurago eramaten duena.

Ipuin denek badute mezu ezkuturik, hausnarketarako gonbidapenik. Gogoetarako bidea zabalik uzten diozu irakurleari…
Bai, eta alde horretatik, liburuan proposatzen den hurrenkera errespetatzeko eskatuko nioke irakurleari. Ipuinak solte ere irakur daitezke, baina liburua ez dago modu horretan irakurtzeko pentsatuta; bai ordea hasieratik bukaerara jarraian irakurtzeko. Libururako hainbat zubi ipuin egin dut eta ipuin asko eta asko baztertu behar izan dut, liburu honetan toki egokirik ez zutelako, giroarekin edo erritmoarekin bat ez zetozelako. Guztira hirurogeita sei ipuin bildu baditut, ehunetik gora idatzi ditut nik.

Era askotariko pertsonaiak landu dituzu liburuan. Besteak beste, bikote arteko harremanei, seme-alabekikoei nahiz pertsona helduen artekoei garrantzia handia eman diezu…
Aurrez aipatu dudanez, liburuan badaude bizitza, heriotza, zoriona, Jainkoa…, moduko gai potoloak eta baita eguneroko kontuak ere. Eguneroko kontuen artean harremanak dira gehien lantzen ditugunak. Bikoteen arteko harremanez gain, guraso nahiz seme-alaben arteko harremanak ere lantzen dira eta baita pertsona helduen artekoak ere. Harremanen aldetik, liburu honetan ikuspegi zabala ematen dela uste dut.

Lekuei ere garrantzia berezia eman diezu. Kale izenekin batera, txoko nahiz bestelako leku izen asko aipatzen da liburuko orrietan zehar… Euskal Herriko aipamenak egiten dituzu, baina Europa nahiz Amerikako lurretan kokatu zara gehiago. Istorioak ez dira han edo hemen arrotzak, edozein txokotan gerta daitezkeenak baizik…
Lehenengo bi liburuetan Euskal Herria kokaleku nagusia izan zenez, -Bilboko itsasadarra batez ere Haize kontra liburuan eta Bilbo hiria bera Behi eroak liburuan-, oraingo honetan kontu zabalagoa planteatzen dut. Oraingoan planeta osoa da gertalekua. Europako edo Amerikako hainbat herri aipatzen da, baina batzuetan zerbitzugune baten izena edo errepide baten izena besterik ez da aditzera ematen. Herriek edo hiriek baino gehiago, lekuek dute garrantzia liburuan: aireportuek, zerbitzuguneek, dendek, saltoki handiek… Gune horiek inon ez daude, baina leku guztietan daude. Gaur egungo mundua da.

Bizitzaren alderdi ilunak, ezkutuak, isilduak dira kontaketetako ardatz. Hori izan daiteke sustrai-sustraiko gaia?
Nik teknika batzuk erabiltzen ditut; absurdoarena, maitagarri ipuinen baliabide batzuk, metaliteraturaren printza batzuk, lirismoa… Modu horretan, errealitatearen eta fantasiaren arteko tartea lausotzen saiatzen naiz; errealitateari hankapetik lurra kentzen, zatorlana egiten, nolabaiteko pitzadurak sortzen eguneroko errealitatean. Horrela ezkutuan egoten diren alderdi batzuk agertzen dira, agian erreparatzen ez ditugunak, baina hor daudenak. Lehen ikusten ez ziren alderdiak ikusi ahal dira orain, begi-bistan geratzen dira. Ipuinek zer nolako istorioa kontatuko duzun ondo pentsatzea eskatzen dute. Liburu honetan, esaterako, oso baliabide xumeak daude. Sintaxi aldetik ez dago egitura nagusirik; esaldi konposatu batzuk badauden arren, sinpleak dira gehienak. Lexiko aldetik ere ez dago berezitasun handirik; ez sinonimorik, ez antonimorik. Hala ere, aukeraketa handia egina dago eta behin eta berriz orraztuta dago testua, azken ukitua lortu arte.

Euskara dotorea, zalantzarik ez. Hitz bakoitza begi finez landu duzula nabari da…
Ahalegin berezia egin dut hizkuntzaren aldetik; ahalegin berezia, baina sinpletasunaren aldetik. Egokia den hitza aurkitzen saiatu naiz, nahiz eta oso sinplea izan. Momentu horretan adierazi nahi dudana hobekien adierazten duen hitza aurkitu nahi izan dut.

Pertsonaien arteko elkarrizketa ugariek, gertuko ukitua ematen diete ipuinei…
Bai, elkarrizketek badute pisurik liburuan. Gertaerak zeharka kontatu beharrean, zuzenean kontatzeko aukera eskaintzen dutelako, eta gainera, arintasuna ematen diote testuari. Eta istorio sinpleak direnez, asko jokatu behar da puntuazioarekin. Esaldiak ez zamatzeko puntuazio egokia tartekatzen saiatu naiz, etenak egiten.

Izenburu berezia eman diozu liburuari; Dioramak.
Definizio bat baino gehiago egonagatik, egun guretzat, eszena erreal bat irudikatzen duen hiru dimentsioko eraikuntza eskaladuna da diorama. Dioramak, adibidez, umeei oparitzen zaizkien Playmobil jolasetan ikusten dira. Eszena erreal bat irudikatzen dute “erreskate taldearekin” edo “polizia patruillarekin”. Bestalde, zientzietako museoetan ere ikus ditzakegu dioramak: gizon primitiboa irudikatzeko eginiko eszena bat edo hegaztien habitat umela irudikatzen duen laku moduko bat… Era berean, dioramak dira Gabonetan erabiltzen diren jaiotzak. Egun diorama asko erabiltzen da arte plastikoetan, modan dagoen kontzeptua da. Hitza Daguerrerena da, berak asmatu zuen dagerroptikoa Parisen eta bazeukan Diorama deitzen zen areto bat. Garai hartan diorama, areto baten barnean zegoen oihal handi bat zen. Alde bakoitza era ezberdinetara pintatuta zuen. Hori izan zen argazkigintzaren hasiera. Alde batetik argia eman eta irudi bat ikusten zen; laku bat, adibidez. Beste aldetik gaua irudika zitekeen… Garai batean, jendeak ondo pasatzen zuen emanaldi hori ikusten eta Parisko areto hartara sartzeagatik ordaindu egiten zuten.

Gustura al zaude liburuak izan duen oihartzunarekin? Irakurleen aldetik jaso duen harrerarekin?
Oso pozik idatzi nuen liburua eta oso gustura geratu nintzen emaitzarekin. Komunikabideen aldetik izan duen harrera ona izan dela esango nuke. Orain artean kritika gutxi jaso dut; agian liburua garai onenean agertu ez zelako. Bi kritika besterik ez ditut izan; bata luzea eta laburra bestea. Luzea oso ona izan da eta laburra, ez da niretzat hain ona izan. Irakurleen aldetik, idazleok beti izaten ditugu inguruko irakurleak. Inoiz haiekin harremanetan jartzen gara eta identifikazio kontuak jaso ditut; “nire lagun bati gertatu zitzaion halako zerbait”… Oro har, liburuak harrera ona izan duela esango nuke. Idatzi bitartean ateratzen dugun plazer apurra eta irakurleengandik jasotzen dugun oihartzun edo erantzun hori garrantzitsua da idazlearentzat.

Zer esango zenuke euskal literaturaren orainaz? Zein egoeratan ikusten duzu?
Momentu onean ikusten dut, normalizazio bidean dagoela uste dut. Bai nobelan, bai ipuingintzan, bai saiakeran, bai poesian…, oso sortzaile onak daude. Eta ez bakarrik goi mailakoak, baita tartekoak ere. Esparru guztiak betetzeko sortzaileak daude, baita apalagoak ere; irakaskuntzari edo haur eta gazteei begira… Oso eskaintza zabala ikusten dut alde guztietatik. Duela hogei bat urte, nobela pare bat ateratzen zen urtean; egun, mota guztietako nobelak ateratzen dira eta aukeratu egin dezakegu merkatu zabal horretan. Ajeak ere badira, noski. Irakurle gutxi dagoela esaten da, batetik. Bestalde, banaketa eta salmenta aldetik ere badago arazotxoren bat; liburugintza, irakaskuntza zirkuituarekin trabatuta baitago. Duela 25 urte, eskoletan eta euskaltegietan didaktizatu zen hainbat liburu eta oraindik ere, urtero-urtero saldu egiten dira. Noski, liburu berriei bidea egitea eragozten dio horrek. Beti aipatzen den beste kontu bat, Durangoko Azokarena da. Jakina da garai horretarako uzten dela argitalpen kopururik altuena eta urtean zehar ez dela hainbeste liburu zabaltzen. Hori guztia alde batera utzita, osasuntsu ikusten dut euskal literatura, euskararen etorkizunarekin guztiz lotuta. Dena den, denok dakigu airean dagoen gaia dela.

Eta liburuaren beraren etorkizunaz? Teknologia berriek nola eragiten diote zure ustez liburuari?
Interneta dela eta, ez dut inolako etsairik ikusten. Kontrakoa, internetek liburuaren inguruko arreta zabaldu duela esango nuke. Euskaraz ere bada literatura lantzen duten hainbat blog. Bazirudien liburuak beste formatu batean –dijitalizatuta- eskainiko zirela, baina badirudi liburua bezain aukera goxorik oraindik ez dutela topatu. Badaude literaturari aukera berriak zabaltzen dizkioten teknika berriak; hipertestua esaterako. Azken liburua bukatu nuenean, hipertestuaren egiturarekin antola nezakeela konturatu nintzen eta txukun gera zitekeen. Hala ere, nahiago izan dut paperean argitaratu.

Ba al duzu buruan edo eskuartean aurrera begirako asmorik?
Ez dakit zehatz-mehatz zein izango den idatziko dudan hurrengo liburua. Ipuinak idazten jarraitzen dut, baina oraindik hurrengo egitasmorik definitu gabe. Ez dut denborarik galtzen; irakurtzen jarraitzen dut, jarraitzen dut ideiak papereratzen. Momentu batean argiago ikusiko dut nondik jo. Irakurleari gauza berri bat eskaintzea gustatuko litzaidake niri. Orain arte gauza ezberdinak egin ditut eta hurrengoa ere berria izatea nahiko nuke. Ez dakit ahal izango dudan, baina erronka horretan saiatuko naiz.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments