Leire Salaberria: “Badirudi haurrekin beti kolore biziak erabili behar direla, baina hori ez dut oso ondo ulertzen”

0

[2012ko martxoan Beterriko Liburua aldizkariaren 53. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Andoainen jaio zen 1983an, Donostian bizi da egun. Arte Ederrak ikasi zuen Bilbon, eta Ilustrazioko eta Diseinuko graduondokoak egin zituen Bartzelonan. Haurrentzako albumak sortzeko Etxepare Saria irabazi ondoren, iazko udazkenean plazaratu zuen Pamiela argitaletxeak Euria ari duenean albuma.

Duela urtebete inguru jakin genuen Etxepare Saria irabazi zenuela; orain, liburua kalean da. Zer moduzkoak izan dira hilabete hauek?
Sariaren berri izan nuenean sekulako poza sentitu nuen, ilustrazioaren munduan muturra sartzen hasteko aukera aparta baitzen niretzat. Orain arte ez neukan ezer argitaratua, eta behin zerbait kaleratzen dizutenean, ezagutu egin zaitzakete, leku gehiagotatik dei diezazukete eta pixkanaka profesionalki horretan lan egiten hasteko bideren bat zabal daiteke. Eta gero, sei edo zazpi hilabeteren ondoren liburua kalean ikusteak ilusio handia egin dit.

Luze egin al zaizkizu hilabete horiek?
Egia esan, ez. Momentua bizitzea gustatzen zait, eta ez naiz liburua atera zain egon. Marrazten jarraitu dut, beste proiektu batzuetan lanean. Gertatzen dena da, zuk lanean jarraitzen duzun heinean gauza berriak egiten dituzula, teknika ezberdinak ezagutzen eta probatzen dituzula, azken finean, hobetzen zoazela, eta orduan, saria irabazi duen lan hari begiratzean, apur bat zaharkituta geratu dela iruditzen zaizu. Baina hori prozesu normala dela esango nuke.

Sarira aurkeztu zenuen lanaren eta orain dendetan aurki dezakegunaren artean ba al da alde nabarmenik?
Ez. Lehen, Etxepare Sarira aurkeztu nahi bazenuen testua, irudi batzuk eta maketa bidali behar zen, baina orain proiektu osoa amaituta aurkeztu behar da. Maketa bat izaten jarraitzen du, baina orain marrazki guztia amaituta daude eta testua osatua dago. Beraz, ez dago ezberdintasun handirik hasierako proiektuaren eta orain dendetan dagoenaren artean. Kalakandra argitaletxeak plazaratu duen edizioan diseinu aldetik zenbait aldaketa ikus daitezke: tipografia aldatu dute, irudiak zertxobait moztu dituzte…, baina testuak zein irudiek berdinak izaten jarraitzen dute. Egia esan, orain lan bera berriro egin beharko banu gauza asko aldatuko nituzke, detaile txikiak dira baina orain kontu gehiago izango nuke gauza askorekin, pixkanaka teknika garbitzen ari bainaiz. Baina, lehen aipatu bezala, hori zure bilakaerarekin doan zerbait dela uste dut. Euria ari duenean bere garaian horrela egin zen, eta kito.

Saria jaso izana izan al liteke berme moduko bat gero liburuak irakurleen artean izan lezakeen harrerari begira?
Ez dakit. Sariak laguntzen duela iruditzen zait, baina ez nuke esango berme bat denik. Irakurleari gustatuko zaio edo ez, eta kito, ez dut uste saria kontuan hartzen denik. Bestetik, liburuari egiten zaion publizitateak eragin handia dauka, zein argitaletxek kaleratzen duen, zein dendetara iristen den,… Baina, kasu honetan, azkenean umeek irakurriko dute liburua neurri handi batean, eta haiek ez dira liburuak zer sari irabazi duen begira ibiliko.

Albuma egiten ari zinenean umeak al zenituen buruan?
Ez. Ez dut uste liburu hauek umeentzat bakarrik egiten direnik. Liburu-objektu bezala ikusten ditut, eta arte mundua edota ilustrazioa interesatzen zaien helduek gero gehiago erosten dituzte, zabaltzen doan joera bat dela esango nuke. Akaso, eremu hori Euskal Herrian oraindik ez da gehiegi zabaldu, baina nire ustez album hauek gero eta erosle gehiago dituzte, eta ez adin jakin batekoak bakarrik. Egia da liburu garestiak direla, baina oso edizio txukuna dute, emaitza oso zaindua dago. Gainera orain, garai digital honetan, objektu izaera hori areagotu egingo dela uste dut, behin eta berriz ikusteko zerbait izango baitira, ez behin irakurri eta gehiago hartzen ez den testua. Alde horretatik, ez dira inoiz hilko, beti hor egongo dira. Ez dakit, hori da daukadan inpresioa. Nik albumak erosten ditut, ilustrazioaren mundua asko gustatzen baitzait, baina esango nuke tartean umerik egon gabe erosten dituzten helduak gero eta gehiago direla.

Euskal Herrian hain etxekoa dugun euriari buruz idatzi duzu…
Liburua sortu zenean Bartzelonan bizi nintzen. Garai hartan hilabete pare bat generaman euririk ikusi gabe. Han gutxitan egiten du euria, hasten denean gogotik botatzen duen arren. Kontua da faltan botatzen nuela euri hori, eta beharbada euriarekin herria ere bai, dena nahastuta. Hortik sortu zitzaidan euriaren inguruan zerbait egiteko ideia.

Egunerokotasunean gogaitu gaitzaketen gauzei modu positiboan begiratzeko proposamena egiten diozu irakurleari, euriari, adibidez…
Egunerokotasuneko gauza txikiei buruz ari naiz liburuan, bai. Ez dago gauza arrarorik edo ezer abstrakturik: neska batek egun euritsuak nola bizi dituen kontatzen da. Kontua da berak modu berezi batean bizi dituela egun horiek, beste begirada batekin ikusten ditu gauza txiki horiek, eta azkenean, horixe da liburuan proposatzen dena, egunerokotasunari beste begirada batekin begiratzea, poesia pixka batekin edota umore pixka batekin bizitzea.

Ez al dakigu hori egiten?
Asko kostatzen zaigu. “Zer izango nintzateke hau edo hura izango banu?”, horrelako galderak egiten ari gara etengabe. Dena daukagu, ordea, momentua bizitzen jakitea da batzuetan falta zaiguna. Hobe esanda, gauza bat jakitea da, eta bestea praktikan jartzea, baina horri buruz hausnartzea, behintzat, bada zerbait. Eta umeek hobeto eramaten dute praktikara momentua bizitzearen teoria hori.

Hain zuzen ere, horixe izan zen epaimahaiak zure lanaren inguruan nabarmendu zuen aspektuetako bat, alegia, oso ondo hurbildu zarela haur baten ikuspegira…
Ni ez naiz idazlea, beraz, sortu dudan istorioa sinplea da, baita nire idazteko modua ere. Oso erraz azaldu nahi nuen buruan neukan ideia, ezer arrarorik gabe, umeek eurek idatziko balute bezala. Ez dakit berez atera zaidan zerbait izan den, baietz esango nuke, ez bainaiz haren bila joan. Nire idazteko modua hori bada, izan liteke ez daukadalako idazle batek daukan baliabiderik. Ez dut liburua idazle ikuspegitik ikusten; kasu honetan albuma nik egin dut osorik, baina marrazteko aitzakia bat izan da.

Bada, baliabiderik ez daukazula diozun arren, horixe izan da epaimahaiak baloratu duena…
Bai, hala da, eta zertxobait harrituta geratu naiz alde horretatik. Idazten ez naiz marrazten bezain seguru sentitzen, ez baitut idazketa batere landu. Beharbada, ordu gehiago eskaini eta saiatuko banintz… Baina kasu horretan marrazketari orduak kendu beharko nizkioke, eta momentuz marrazten jarraitu nahi dut. Eta, zentzu horretan, idazleek euren testuak bidaltzen badizkidate, pozik egingo ditut irudiak. Ideia bat edo istorio bat bururatzen bazait, Euria ari dueneanekin gertatu den bezala, egingo dut, noski, baina ez dut horretara mugatu nahi.

Liburu magikoa zela ere bazioen epaimahaiak, elementu magikorik gabe sortutako magia…
Albumaren magia neskatoa goizero kalera ateratzean datzala uste dut. Umeekin batera, heldu askok ere badute gaitasun hori, esaterako, goizeko kafea zerbait berezia bezala ikusteko gaitasuna, imajinazio eta umore pixka batekin gauzei alde ona aurkitzeko modua. Liburuaren magia hortik etor daitekeela uste dut. Neskatoa esnatzen da, eskolara joaten da eta lagunekin putzuetan jolasten du, baina hori kontatzeko daukan moduagatik badirudi zerbait magikoa egiten duela egunero, abentura bat biziko balu bezala.

Euriak sorturiko putzuetan arrainak arrantzatzen ditu, piraten barkuko kapitain bihurtzen da…
Edo euria sartzen da bere etxe barrura. Baina uste dut edozein umek are gauza fantasiosoagoak esango dizkigula, beraien munduan pixka bat sartzearekin nahiko da. Beharbada, sormena eta irudimena beti landu ditudanez, baliteke beraien mundu horretatik gertuago egotea, ez dakit hori ona edo txarra den baina….

Epaimahaiak euri egunek eskatzen duten argi eskasaren erabilpena ere goraipatu zuen sariaren berri ematerakoan…
Batetik, zuria eta beltza ageri dira irudietan, eta gero, kasu jakin batzuetan koloreak sartu ditut, urdinak eta gorriak gehienetan, nahiko kolore puruak. Zuri-beltzarekin euri egunek izan ohi duten atmosfera nostalgiko xamar bat lortu nahi izan dut, baina beste aldetik, koloreek alaitasun puntua jarri dute; dena zuri-beltzean utzi izan banu tristeegi geratuko zen, akaso. Baina, egia esateko, zuria eta beltza beti erabiltzen ditut, mania hori daukat. Bestalde, oso jende gutxik erabiltzen du beltza umeentzat, baina, zergatik ez? Badirudi haurrekin beti kolore biziak erabili behar direla, baina hori ez dut oso ondo ulertzen. Pixkanaka jendea ohitura hori baztertzen ari dela uste dut, umeen jantzietan, esaterako, lehen baino gehixeago ikusten da beltza, baina oraindik ere arraro egiten da beltzez jantzitako txiki bat ikustea.

Saria jaso berritan honakoa aipatu zenuen: “Gustatzen zait irakurtzea eta idaztea, baina ez dizkiot marrazkiari adina eskaintzen idazteari. Hemendik aurrera agian gehiago saiatuko naiz horretan ere”. Egin al duzu halakorik?
Ez, gehiago saiatu naiz marrazten, eta horretan jarraitzeko asmoa daukat. Azkenean, irudi bat sortzeko ordu asko sartu behar dira, maila batera iristeko denbora behar da, orduak behar dira. Egunak hogeita lau ditu, ordea, eta bizi ere egin behar da, ez du denerako ematen.

Urtebete honetan teknika garatzen eta beste proiektu batzuk lantzen jarraitu duzula aipatu duzu hasieran…
Euria ari dueneanen ostean beste album bat egin nuen, eta seguru asko hura ere kaleratuko da, baina hori lortzeko lanetan gabiltza oraindik. Bestetik, Mexikoko El Naranjo argitaletxearekin beste lan bat egin dut, eta Eduardo Carreraren testu bat ere eman zidaten irudiak egiteko, Boloniako azokarako aterako dena. Beste ilustratzaile eta idazle batzuekin bi poema liburutan kolaboratu dut. Eta gero, nire gauzekin ere jarraitzen dut. Oraintxe bertan Boloniarako prestatzen ari naiz.

Boloniako Bologna children’s book fair nazioarteko liburu azokan parte hartuko duzu martxoan. Halako aukerarik suertatuko zitzaizunik espero al zenuen?
Sekulako ezustekoa izan da. Akaso, bost urte barru joateko aukeraren bat izan nezakeela burutik pasa izan zitzaidan noiz edo behin, baina orain, ezta pentsatu ere. Mundu osoko 2800 ilustratzaile inguru aurkeztu dira, eta 70 aukeratu dituzte. Beraz, niretzat ohore bat da hor egotea. Asko miresten ditudan ilustratzaileak egongo dira bertan, eta nire lana haienaren ondoan egotea…. Zer gehiago eska dezaket?

Zein bide berri zabal diezazkizuke Boloniako azokak?
Mundu osoko argitaletxeak egoten dira bertan: negozioak egiten dira beste argitaletxeekin, ilustrazioak ikusten dira, idazleek kontatuak egiten dira… Mugimendu asko duen azoka da, eta nire irudiak erakusketan zein ondoren egiten den katalogoan egoteak ikusiko zaituztela esan nahi du. Bestela, oso zaila da jendeak zure lanaren berri izatea, eta horrela behintzat zure izena pixka bat entzungo da. Lana sortzeko aukera bat izan daiteke, mundu horretan pixka bat mugitzen hasteko. Aipatu katalogo hori argitaletxe guztietara iristen da, eta norbaiti zure lana gustatzen bazaio, badaki non zauden. Lan gehiago izateko aukerak zabal ditzake, eta azkenean horixe da nik nahi dudana, ahalik eta lan gehien lortu, noizbait hau egitetik bizi ahal izateko. Zaila da, noski, baina saiatzeagatik ez da ezer galtzen.

Mundu mailan egiten denari buruz hitz egin duzu. Zer iritzi duzu Euskal Herrian egiten denari buruz?
Nire iritziz, zertxobait atzeratuta gaude oraindik. Ez da arriskurik hartzen, pixkanaka gauzak egiten bagoazen arren. Beharbada, Euskal Herrian kultura bisuala falta zaigu, alegia, ikusten ditugun gauza asko again ez ditugu ulertzen, eta hori hezkuntzatik datorren arazo bat izan daiteke. Irudiak ikuste hori…, asko kostatzen zaigu oraindik. Lehen aipatu dudan bezala, gainean dugun garai digital hau lagungarri izango dela uste dut, liburu elektronikoak testurako aukera asko emango baitu, baina ilustrazioetarako… Horregatik, paperean argitaratzen diren liburuetan baliteke ilustrazio gehiago txertatzea, liburu ilustratu gehiago sortzea, eta lehen aipatu ditugun liburu-objektu horiek garrantzia hartuko lukete. Alegia, liburu gehienak digitalak badira, paperean saldu nahi den liburu horrek zerbait berezia eskainiko beharko dio irakurleari, balio erantsi bat, liburu hori etxean eduki nahi izan dezan, eta balio erantsi hori irudiak izan litezke. Dena den, ikusi egin beharko da zer gertatzen da. Oraingoz behintzat, salmenta askorik ez duten liburuak dira; umeentzako egiten direnak zertxobait mugitzen dira, baina, esaterako, poesia ilustratua… Egia esan, poesia bera ere… Bestetik, telebistak ere kalte handia egin duela uste dut. Esaterako, Frantzian komikia izugarri bizitzen dute, 60 urteko emakumeek komikiak irakurtzen dituzte, eta hemen badirudi 15 urtetik aurrera ezin dela halakorik egin. Baina, berriz diot, dena mugitzen ari da, jendea irudiaren mundura gero eta gehiago sartzen ari da, beraz, ea zer gertatzen den.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments