Alberto Ladron Arana: “Beti irakurri izan ditudan liburuak bilatzen nituen euskal literaturan, nobela beltza, besteak beste”

0

[2012ko abenduan Beterriko Liburua aldizkariaren 56. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Iruñean jaio zen 1967an. Maisu eta psikologia ikasketak egin zituen. Euskal literaturan, misteriozko nobelen idazle ezagunenetarikoa dugu. 2002n Agustin Zubikarai saria irabazi zuen Xake mate lanarekin, eta haren atzetik etorri ziren Eguzki beltzaren sekretua edota Arotzaren eskuak bezalako trhiller-ak. Azkena, Piztiaren begiak (Elkar).

Iraileko eta urriko libururik salduenen artean ageri da Piztiaren begiak. Zure aurreko lanek ere salmenta onak izan dituzte. Aurrekari horiekin presio pixka bat ere sentituko zenuen beharbada…
Presioa sentitu dut, baina ez salmenta marka horietara iristeko, baizik eta banekielako irakurle dezente zeudela liburuaren zain. Horrek sortu dit halako urduritasun bat, ez salmenten kontuak.

Zure ustez, eleberri hauetan lantzen duzun generoak izan al dezake salmenta horietan zerikusirik?
Bai, seguru asko, bai. Azken batean, genero beltzeko liburuak salduenen artean egoten dira mundu guztietako literaturetan, eta euskal literaturan ez zuen zertan desberdina izan.

Hain zuzen ere, hori horrela izanda, zergatik egiten da gisa honetan hain liburu gutxi Euskal Herrian?
Ez dakit, agian tradizioagatik izan litekeela iruditzen zait. Nik gauza bera galdetzen nion nire buruari euskaraz irakurtzen hasi nintzenean. Beti irakurri izan nituen liburuak bilatzen nituen euskal literaturan ere, baina ez zeuden, edo oso gutxi, edo arraroak batzuetan. Tradizioagatik izan litekeela uste dut, bai. 70eko hamarkadako, alegia, euskal literaturaren loraldia hasi zen belaunaldiko idazleak beste literatura mota batean hezi eta hazi dira seguru asko, maila ‘jasoko’ literatura batean-edo, eta baliteke horrek eragin izana.

Liburu honen booktrailerra ere egin duzu…
Irakurleen ikusmin hori saritzeko modu ederra izan zitekeela bururatu zitzaidan. Hurrengo nobela noiz aterako nuen eta zeri buruzkoa zen galdetuz mezu asko jaso ditut, eta irakurleen arreta horri erantzuteko booktrailer bat egitea bururatu zitzaidan. Dibertigarria izan zen.

Edukietan sartzen hasiz, bada liburuan behin baino gehiagotan agertzen den elementu bat: oreina. Zergatik aukeratu zenuen elementu hori?
Halako elementu ‘paranormal’ bat sartzea ideia ona iruditu zitzaidan. Oso zine zalea naiz, eta zineman askotan agertzen dira halako elementuak: El Padrino filmean, esaterako, pertsonaia bat hiltzen den bakoitzean laranjak ikusten dira. Bada, halako zerbait egitea ederra iruditu zitzaidan. Eta, oreina zergatik? Garbi neukan animalia bat nahi nuela. Jakina, hemen Iruñean animalia gutxi daude, baina oreinak baditugu Takonera parkean, eta beraz, aukera hori egingarria iruditu zitzaidan, sinesgarria.

Kartzelatik atera berria den etakidea; polizia torturatzaile ohia eta egun enpresari arrakastatsua; eta orain 11 urte emaztea eta alaba galdu ondoren bizitza berreraiki nahian dabilen langabea. Nola osatu dituzu pertsonaia horiek?
Beste ezer baino lehen, istorioaren argumentua garatzen dut beti, edo argumentuaren lehenbiziko lerroak, behintzat, eta behin hori eginda, argumentu horretarako zer nolako pertsonaiak behar ditudan erabakitzen dut. Kasu honetan, banekien polizia ohi bat eta etakide ohi bat behar nituela. Jonen pertsonaia zen hasieratik hain garbi ez neukan bakarra. Polizia ohiaren pertsonaia osatzeko banuen buruan bizitza errealeko polizia famaturen bat; bestek bi pertsonaiak, aitzitik, erabat hutsetik sortuak dira.

Akademiakideek Dasilvaren pertsonaia nabarmendu dute bereziki: “Dasilvaren pertsonaia ezagutzeagatik bakarrik merezi du liburua irakurtzea”, dio batek…
Halako pertsonaia gaiztoek joko asko ematen dute nobeletan. Eguzki beltzaren sekretua nobelan ere sartu nuen halako pertsonaia bat, Del Valle zuen izena: maltzurra hura ere, beharbada Dasilva baino sinpatikoagoa. Hain gustura aritu nintzen pertsonaia harekin lanean, indultatu egin bainuen nobelaren amaieran. Hasieran batean pertsonaia hura hiltzeko asmoa neukan, baina nobela garatu hala oso erlazio polita lortu nuen pertsonaiarekin, eta indultatzea erabaki nuen. Beraz, garbi neukan azken eleberri honetan ere halako pertsonaia bat sartuko nuela.

Errazagoa al da Dasilvari buruz idaztea Jonekin lan egitea baino?
Niretzat, bai. Seguru asko, Jonen bizitzatik hurbilago nago ni, baita liburua irakurriko duten irakurleak ere. Baina literaturan askoz errazagoa da halako gaizto bat sortzea; joko asko ematen dute, eta batzuetan materiala berez sortzen da.

Dasilvak, gainera, garunean geratu zaion balaren kontu misteriotsu hori ere badauka…
Dasilvaren barne pentsamenduak liburuan islatzeko aitzakia bat behar nuen, eta horixe bururatu zitzaidan. Hasieran, besterik gabe joko hori bere kontzientziaren bidez egiteko asmoa neukan, baina lanean aurrera egin ahala balarena otu zitzaidan eta horrekin geratu nintzen. Azkenean aldatu bagenuen ere, Balaren mintzoa zen hasieran nobelari jarri behar genion izena.

Piztiaren begiak izan zen, ordea, hobetsi zenutena…
Bai. Batetik, oreina agertzen den eszenetan begien kontu hori azpimarratzen da. Bestetik, Dasilvari behin edo beste piztia dela esaten diote. Halako lotura txikietatik sortu zen izenburua. Editoreak asmatu zuen.

Xabierren pertsonaiaren bidez Iruñeak jasan duen aldaketa deskribatu duzu…
Hirian barna paseatzeko ohitura dut. Askotan joaten naiz nobelan agertzen diren eszenatoki batzuetara, eta sarri egiten ditugu halako komentarioak: hainbat eta hainbat denda itxi direla, banketxeak besterik ez dagoela, txinatarren dendak ere nonahi daudela,… Seguru asko, eleberrian agertzen diren Iruñeari buruzko komentario horiek guztiak noiz edo noiz neronek egindakoak izango dira. Gainera, gogoko ditudan nobela beltzetan hiriak agertzen dira, hirien gaur egungo itxura eta hiri horiek dituzten arazoak; beharbada bigarren plano batean aurkituko ditugu, baina agertu, agertzen dira. Hain zuzen ere, askotan nobela beltza gizartean arazoak adierazteko erabiltzen da, kasu honetan bezala: lehen planoan polizia-trama ageri zaigu, eta atzean gizarteko hainbat eta hainbat arazo.

Thriller hauetan bukaera izaten da behin baino gehiagotan hankamotz geratzen dena. Kasu honetan, irakurleen zenbait iritzi ikusita behintzat, badirudi ez dela hala izan. Arreta bereziz landu al duzu amaiera?
Bai, beti izaten baitut kezka hori. Ia nobela gehienetan, idazten hasi aurretik pentsatuta izaten dut amaiera bat; bat diot, ez amaiera, gero beste bat bururatzen baitzaizu, hura hobetzat jotzen baituzu eta huraxe izaten baita irakurleak ezagutuko duena. Nobela honetan ere baneukan zerbait aldez aurretik erabakita. Irakurle gisa behin baino gehiagotan sentitu dut dezepzio txiki hori liburuen amaierarekin, alegia, izugarri gustura aritu naiz liburua irakurtzen, suspentse handiz, baina bukaeran, “hori besterik ez al zen?”. Horregatik, irakurle moduan izugarri eskertzen ditut amaiera indartsuak, nire ustez, amaiera ireki horiek, batzuetan arraroak ere badirenak, nahiko hotz uzten baitezakete irakurlea, baita zenbaitetan dezepzionatu ere; pentsa dezake idazleak ez zekiela nobela nola amaitu eta bere horretan utzi duela kontua…

Amaierara gogoz iristeko ezinbestekoa da irakurleari informazio modu egokian dosifikatuta ematea…
Nahiko garbi neukan informazioa nola eman behar nuen, gauza bakoitzak noiz kontatuko nuen. Kasu honetan, hiru pertsonaia nagusi nituenez, ondo pentsatu behar nuen nobelaren une bakoitzean pertsonaia bakoitzak zer jakin behar zuen, eta bakoitzak zekien hori irakurleari nola eman erabaki. Horixe izango zen, seguru asko, nobela honetako alderik zailena, alegia, nola antolatu informazioa bai pertsonaien aldetik, baita irakurleari dagokionez ere, gauzak modu ordenatuan eta erakargarrian adierazteko. Nik banekien misterioaren atzean zer zegoen; irakurleari misterio hori ezagutarazteko modu egokia aurkitu behar nuen, beraz.

2006an argitaratu zenuen Arotzaren eskuak eleberria gaztelaniaz aterako du Txertoa argitaletxeak…
Bai, udaberrian argitaratuko da ziur asko. Eta Zer barkaturik ez eta Piztiaren begiak liburuekin ere gauza bera egiteko negoziazioetan nabil oraintxe. Ea modurik badagoen, eta ez gaztelaniazko itzulpenerako soilik, baita beste hizkuntza batzuetan argitaratzeko ere. Oso interesgarria litzateke hori.

Zerorrek itzuli duzu Arotzaren eskuak gaztelaniara. Zer moduzko langintza izan da?
Arraroa egin zait. Itzulpena egitera nindoanez, arreta gehiagoz irakurri dut nobela, eta esaldi arraroak osatu ditudala edota hitz jakin bat hainbat aldiz errepikatu dudala ohartu naiz, besteak beste. Itzultzera zoazenez, hitzez hitz irakurri behar duzu nobela eta, niri behintzat, sentsazio arraroa utzi dit, lehen ikusten ez nituen gauza asko aurkitu baitut liburuan.

Piztiaren begiak irakurri ostean zure hurrengo thriller-aren zain geratuko zen irakurle bat baino gehiago. Noiz arte itxaron beharko du?
Bada, oraingoz behintzat, ez dut beste eleberri batekin hasteko asmorik. Egia esan, lan dezente izan dut itzulpenekin, booktrailerrarekin eta gainerakoekin. Ea datorren urtean zerbait bururatzen zaidan, baina momentuz ez dut ideiarik ere zer egingo dudan. Aurreko nobelatik azken honetara ez zuen batere atsedenik hartu, eta oraingoan hartu nahi nuke arnas pixka bat. Esanda bezala, Zer barkaturik ez nobelaren itzulpenarekin lanean aritu naiz eta orain azken hau itzultzen ari naiz. Hortaz, uste dut urtebete baino gehiago pasako dela hurrengoa argitaratzerako.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments