Arrate Egaña: “Jende askok uste du antzerkia garestia eta aspergarria dela antzerkira joaten ez den jendeak bereziki”

0

[2012ko abenduan Beterriko Liburua aldizkariaren 56. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Errenterian jaio zen 1963an, baina Bermeon bizi da aspaldidanik. Hezkuntzan dihardu lanean; hizkuntzen teknikaria da ISEI-IVEIn (Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea). Hogei bat narrazio liburu argitaratu ditu eta hainbat literatur sari ere jaso ditu, horien artean, SM Baporea, Lizardi Saria edota 2012ko antzerkiko Donostia Hiria Kutxa Saria; sari horren fruitu da Egia antzezlana (Alberdania).

Urteko liburuen zerrenda begiratzen hasi eta ez dira asko antzerkiaren atalean ageri diren liburuak. Zergatik ez ote da antzerki gehiago idazten?
Berri samarra naiz lantegi honetan; hala ere, ematen du oro har antzerkigileak bere lana taularatua ikusi nahi izaten duela, logikoa denez. Entzun dudanaren arabera, testutik agertokirainoko bidea luzea izaten da, eta maiz iraganezina. Gainera, irakurle gutxik du antzerkia irakurtzeko ohitura, nahiz eta obra asko literarioki oso onak izan eta irakurgai moduan erakargarriak. Era berean, argitaletxeek ez dute antzerki askorik argitaratzen. Nork irakurtzeko? Noiz antzezteko? Apustu zaila dirudi, zoritxarrez. Horrek guztiak eraginda, ez dira gutxi adoregabetzen diren antzerki idazleak.

Gurean bakarrik gertatzen al da hori? Hemendik kanpo ere bai?
Uste dut fenomeno orokorra dela, herrialde zehatz batzuetan antzerkira joateko tradizioa ahulagoa den arren. Zinemak antzerkia ordeztu baitu zentzu batean, eta ez dut ezer zinearen aurka, aitzitik, izugarri gustuko dut. Baina bide desberdinak dira, istorioak kontatzeko modu bi. Zinema herrikoiaren aldean antzerkiari espektakulu elitistaren kutsua itsatsi zitzaion, eta jende askok uste du garestia eta aspergarria dela, antzerkira joaten ez den jendeak bereziki. Bestalde, jende gutxiagorentzat egina izateak abantailak ere ekar ditzake: ausartagoa izan daiteke, ez zinea bezain komertziala.

2012ko antzerkiko Donostia Hiria Kutxa Saria irabazi du lan honek. Nahikoa sariketa antolatzen al da zure ustez? Gehiago baleude antzerkiko atalaren azpian zerrenda luzeagoa aurkituko al genuke? Gakoa beste nonbait bilatu beharko al genuke?
Antzerkirako ez dago beste generoetarako adina sari, baina egon badaude. Sarira aurkeztu nintzen, besteak beste, zaila ikusten nuelako lan hori bestelako bideren batetik argitaratzea. Zorte handia izaten dut sari anonimoekin: obra bera baloratzen da, ez nork aurkezten duen… Ziur aski, sari gehiago balego obra gehiago idatziko lirateke, eta ondorioz taularatze gehiago genituzke beharbada. Baina antzerkia zabaltzeko gakoa ez dago sarietan. Esan bezala, gaur egun ez da oso genero popularra, agian hala gertatzen da nobelak arrakasta lortu zuenez geroztik.

Zure kasuan, nondik dator antzerki obra bat idazteko asmoa? Obra honetan zer da lehenagokoa, antzerkia idazteko asmoa ala Egian kontatzen den istorioa?
Asmoa zaharra zen, banekien egunen batean antzerki lan bat idatziko nuela. Egia hasieratik ikusi nuen antzerki gisa. Luzaro egon da zirriborro moduan, garatzeko zain, eta sariaren berri izan nuenean saiatzea erabaki nuen. Antzerkia beti gustatu izan zait, nahiz eta ez naizen izan antzerki zale amorratu horietakoa (arreta eta beta luzeagoa eskaini izan diot zineari). Etxean bi lehengusu ditut aktore, txikitatik aritu dira horretan. Oso dibertigarria zen. Ikasketek ere noizbehinka antzerkia lantzera eraman ninduten; oroitzapen onak ditut. Gustuko dut antzerkia irakurtzea. Era berean, gidoigintza ikastaro pare batek baliabideak eman dizkit istorioak antzezlan bihurtzeko, edota pantailara eramateko. Idatzitakoa era bisualean irudikatzen dut sarritan, eszenaka. Badakit istorioa irudikatzea eta antzeztea ez dela gauza bera, baina nire buruan erdi loturik daude.

Pentsa liteke ez direla gauza bera narrazio bat idaztea eta antzerki obra bat sortzea…
Aldea dago, baina generoen arteko ukiguneak ere nabarmenak dira. Ideia genero batean zein bestean gauza liteke, nahiz eta, sakondu ahala, adierazpide bat edo bestea gailendu. Zenbaitetan, proiektuak berak eskatzen du bere bidea. Bestalde, gaia, doinua, pertsonaia mota, egoera eta beste osagaien ezaugarriak antzekoak izan daitezke molde batean zein bestean, ez baitut estilo bereziki markaturik. Nolanahi ere, eta galderari erantzuteko, idazte prozesua, nire kasuan behintzat, desberdina izaten da. Adibide bat jartzeko, ipuinak idaztean asko zaintzen dut narratzailea, kezka handiak eragiten dizkit. Antzerkian, aldiz, bestelakoa da buruhaustea: istorioa eta pertsonaien nortasuna elkarrizketen bidez nola uztartu, eta gertakizunak nola bideratu. Aldeak alde, genero bat erabili zein bestea, istorioan buru belarri murgiltzen naiz, munduan besterik ez balego bezala, eta genero bakoitzaren ezaugarriei moldatzen diot.

Komunikazio tresna berriek dakartzaten arriskuak mahai gainean jartzen ditu obra honek. Kezkatzen zaituen gaia al da?
Ez larregi, egia esan. Ikusi dut, herrian bertan, alaben inguruko gazteengan, zein kaltegarria eta mingarria izan daitekeen; arazoa, ordea, ez dago baliabidean. Internetek ez dauka atzera bueltarik, gure mundu globalizatuko tresnarik garrantzitsuena da, internetik gabe bizitzea ia ezinezkoa da honezkero. Egia-ko pertsonaientzat katastrofikoa da, beraien kontu pertsonalez erabilpen penagarria egiten delako, hori denok uler dezakegu. Baina gaia ez da teknologia berria, egia baizik, internet ez da aitzakia baino.

Aitzakia izanik ere, seguru asko bati baino gehiagori emango zion gogoetarako bidea. Zure ustez, jendartea benetan jabetzen al da tresna horien erabilera okerrak ekar ditzakeen ondorioez?
Erabiltzaileak zaindu behar du tresna: komunikatzeaz gain, bestelako ekintza asko mamitzen baitugu interneten bidez; esaterako, gure burua edonori erakusten diogu, edo, ez dagoenez erabateko kontrolik, erakutsi egiten zaio. Hezkuntzan apur bat ikasten da internet erabiltzen, baina sakonagoa behar luke beharbada hezibide horrek. Bizitzako arlo askotarako da probetxagarria, baina aldi berean egunero iristen zaizkigu internetek ahalbidetutako egoera tamalgarrien berriak. Bizitza bera bezalakoa baita. Halaber, mundializazioaren adierazpenik esanguratsuena. Eta batzuetan kontua ez da zeuk nola erabiltzen duzun: mugikor batez kaka eginean graba zaitzakete eta youtubera igo; edo, antzezlanean bezala, zure intimitatea traizioz munduari erakutsi.

Honakoa dio pasarte batek: “Ez, ez gara santuak, baina ze uste duzu, inguruko jendeak ez duela akzio txarrik egiten? Denek dute gordetzeko zerbait”. Eta aurrerago, zerrenda dator: “Bikotekidea engainatu, lapurtu, gezurrak esan, desio ezkutuak elikatu, ondokoa zapaldu, zurrumurruak sortu, lagunak saldu, torturatu…”. Gizakiaren miseriak agerian, hortxe
Zer gara bestela? Eta ur handitan sartu gabe, harreman sozialetan egunero ezagutzen ditugu zangotrabak, benetan labankada bortitzak diren hitz itxuraz goxoak, traizio zikoitzak. Horregatik estimatzen ditugu lagunak. Bestalde, eskubidea duzu kanporantz proiektatzen duzun irudiari eutsi nahi izateko, zilegi da espazio propioak gorde eta sekretuak izatea. Horretaz ere mintzo da testua.

Maskara bat jantzita ateratzen ote gara, bada, denok kalera? Topikoa dirudi, baina benetan hala ote da?
Ematen du baietz, eta maskara batzuk lodiegiak dira, astunak; eta “pertsona” hitzak jatorrian “maskara” esan nahi bazuen ere, zenbaitetan maskarak pertsona ito egiten du, Schwob-en ipuinean bezala. Adinak aurrera, dena den, maskara baino gehiago elefante azala da garatzen duguna, babesgarria, zeharkaezina, guztiz gomendagarria.

“Egiak behar du ororen ardatz eta bihotz izan. Zuek guztiek min egiten duzue zuen gezurrekin: lehenbizi zuen buruari, ondoko pertsonei gero, eta oro har jendarteari. Nolatan dugu bertzela hain jendarte ustela? Errotik behar dugu gaitza erauzi”. Horixe esaten die Elsa terapeutak bere bezero ohiei, haien sekretuak aireratzera doala azaltzen dienean. Horrela esanda badirudi denok ados egon gintezkeela horrekin. Baina egoera zein den ikusita, kasu konkretu batzuetan batez ere, muga jartzea ez da batere erraza, ezta?
Horretan datza istorioaren dilema: zertan gelditzen dira printzipio moral eta filosofikoak pertsona arruntok aurrera eraman behar ditugunean? Uste nahi izaten dugu bikain-bikainak izateko gai garela, baina hauskorrak gara, uste baino makalagoak. Hori onartuz gero bizimodu epelagoa izango dugu, baina benetakoagoa. Zer nahi dugu bestela, Baudelairek dandyen bereizgarritzat zuen tai gabeko bikaintasuna?

Agian, obra hau irakurri ostean, terapiara doan baten bati zalantzaren bat edo beste sortuko zitzaion bere kontuak nori kontatzen ari den
Terapeutek konfiantza merezi dute; antzezlana fikzioa da, eta psikologo horren jarrera eroa gaia garatzeko aitzakia hutsa. Izatez, mesedegarria litzateke gure populazioaren hiru laurden kontsultara joatea, horrela besteoi pairagarriagoak litzaizkiguke haien paranoiak, eldarnioak eta txapa ustelak.

Iratxe Esnaolak honakoa zioen Berrian zure obrari buruz ari zela: “Gure sekretuak aireratzeko zorian egongo balira, zer egiteko gai ginateke?”. Irakurri duten gehienek egingo zioten galdera hori euren buruari. Asko izutzen gaitu horrek, ezta?
Bai, eta ez soilik antzezlanekoak bezalako akats eta erru larriak; ez zaigu gustatzen gure ahuldade ttipienak ere ezagutaraztea, barregarriak edo makurrak izan daitezkeelako besterentzat. Zilegi da, jakina, zure sekretuak zeuretzako gordetzea, zure espazioaren alderdi bat baitira. Bestalde, mundua arrotza eta basatia izan daiteke; bada jendea besteren sekretuei etekina ateratzen trebea. Intimitatea halakoengandik babesteko asmatu zen.

Esnaolak obra hau zailtasun handirik gabe taula gainean jar zitekeela ere bazioen bere kritikan. Pentsa liteke gustuko duzun ideia izango dela hori. Ba al da horrelako asmorik?
Nik dakidanez, ez, baina gustatuko litzaidake. Saria ematean zatitxo bat antzeztu zuten, eta hunkigarria egin zitzaidan. Zoritxarrez, ez naiz antzerkiaren inguruan ibiltzen; bestela, jakina, obra mugitzen saiatuko nintzateke. Gainera, erraz eszenaratu daiteke, ez du efektu berezien beharrik.

Lehen esperientzia honen ostean, ba al duzu antzerki gehiago idazteko asmorik?
Bai. Agertokia irudikatzea, jende hori guztia taulan atzera eta aurrera eta solasean, argia, atrezzoa, elkarrizketak… oso zirraragarria egiten zait. Auskalo noizko, ordea.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments