Patxi Zubizarreta: “Idazleok, elkartzen garenean, literatura beste konturik ez dugula esango nuke”

0

Patxi Zubizarretak Joan eleberria aurkeztu zuen Iruñea Angel Erro lagun zuela.

IRUÑEA. “Bost ataletan antolatua dago eleberria, atal bakoitzari fado bat dagokio eta fado bakoitzak istorioari, estiloari zein formari koska bat gehiago estutzen dio”. Nobelaren laburpen bat eginez hasi zuen saioa Angel Errok. “Azken atala da ni gehien erakarri nauena, Joaoren fadoa. Marioren anaia da Joao, ezagutzen ez dugun protagonista, Lisboa utzi eta Euskal Herrira bizitzera datorrena. Forma aldetik oso modu erakargarrian planteatu du Patxik azken atal hau; ipuin bat aurkituko dugu bertan, Joaok itzulitako ipuina. Hainbat tradizio jasotzen duen XIX. mendeko ipuin bat da, Sendagile gaixoa. Aldi berean, ordea, ipuinari egindako oin oharrak aurkituko ditugu; horien bidez, Joao itzultzailearen eta, bide batez, Patxiren ahotsa entzun dezakegu eta bestelako osotasun bat eman zaio ipuinari. Beharbada formalista hutsa naizelako”, jarraitu zuen Errok, “esperimentalismoa eta gauza hauek asko interesatu izan zaizkit eta aitortu behar dut inbidia edo amorrua sentitu dudala ideia hori, ipuin bat itzuli eta itzultzaile horren oin oharren bidez istorioa aurreraraziz ipuina egitearena alegia, niri bururatu ez izanagatik”.

Angelen hitzen ildotik, artearen munduan eta, bereziki, literaturaren munduan deskontzertu orokorra sentitzen duela aitortu zuen Patxi Zubizarretak. “Ruiz de Azuak esaten du gaur egungo kulturgilea primitiboa aro berri baten aurrean bezala sentitzen dela. Noraezean gaudela esango nuke, ahalegin hauek guztiak ez direla beharrezko eta idazleak istorio on bat idatzi behar duela ahalik eta ongien. Baina nire deskontzertu horren barruan hauxe bururatu zitzaidan, istorio bat ikuspuntu ezberdinetatik kontatzea baina baita diziplina ezberdinak sartzea ere, musika eta irudia. Ez da protagonistarik ageri, dena sujerentzia mailan geratzen da eta hori gustatzen zait, interesatzen zait”. Nolabait ere aro berri horretara egokitu nahian dabilela gaineratu zuen baina idazteko behar horretan bere prozesua oraindik ere primitiboa dela, eskuz idazten jarraitzen baitu.

Bertan goxo

Gaur egungo literaturaren inguruko zenbait gogoeta aipatu zituen Zubizarretak, tartean Fernandez Malloren bat, literatura, pipa erretzearekin eta operarekin batera, geratzen zaigun azken plazer burgesetako bat izan daitekeela dioena. “Harold Bloom-ek, berriz, laster unibertsitateetan hizkuntza klasikoen departamenduak egoten ziren bezala literatura ere halako zoko batera baztertuko dugula dio. Eta nire irudipena da laster Liburuaren Eguna Gaixotasun Arraroen Egunarekin batera ospatuko dugula. Sentsazio hori gero eta presenteago daukat”. Irakurleari beste zerbait eskaini nahian liburu klasikoa osatzeko behar hori liburuaren inguruan agerturiko pesimismo horretatik ote zetorkion jakin nahi izan zuen Angelek. Bere egoera deskontzertuarena denez, hortik ere erantzun askorik ez daukala erantzun zion Zubizarretak, baina bestelako proiektuak interesatzen zaizkiola. “Toni Segarra publizistak dio zerbait kreatiboa egiteko zure gremiokoengandik urrundu behar duzula eta beste diziplina batzuetatik aberastu. Idazleok, elkartzen garenean, literatura beste konturik ez dugula esango nuke, liburua beste konturik, eta beste arlo batzuekin harremana izatea interesgarria iruditzen zait”.

Autokritika beharra ere aipatu zuen Patxik. “Idazle bakoitzak gogoak ematen diona eta gogoak ematen dion bezala idatzi behar du, irakurlearengan pentsatuz edo ez. Baina uste dut gaur egungo idazlea, eta ez euskalduna bakarrik, joera batera ohituta dagoela, alegia, hainbat karaktere idatzi, edizio duin bat egin eta kito, bestelako kezka estetikorik gabe. Eta hori editoreak badu zer esana, editorea, nire ustez, zirikatzeko eta proposamenak egiteko ere bai baitago. Zentzu horretan bertan goxo gaudela esango nuke; saltzen den edo ez ikusiko da, baina lana hor bukatzen da, karaktere kopuru bat eta kito”.

Senperena, Canet, Tejeria eta Oihenart

Thomas Canet argazkilaria eta Joserra Senperena piano-jotzailea izan ditu lagun Patxik proiektu honetan. Senperenak, liburuaren atal bakoitza gogoan, bost fado grabatu ditu. Canetek, atal horiek eta Senperenaren musika batuz, Granada, Lisboa eta Zuberoan grabatutako bideo bana egokitu die. Horiekin lan egiteko metodoari buruz galdetu zion Errok. Joserra Patxi idazten ari zen bitartean hasi zen musika sortzen eta haren musika jaso eta entzunez jarraitu zuen idazten eta zuzentzen; eta Thomas Caneten obrarekin ere, gauza bera. “Canetena zaila izan da, ez baitaki euskaraz eta atal bakoitza azaldu behar izan baitzaio, nobelako elementu sinbolikoak ezagutu zitzan. Eta, horrekin batera, berarekin Euskal Herrian barrena ibili gara, Maskaradetara etab.”. Joserra Senperenarekin, berriz, harreman handia duela azaldu zuen idazle ordiziarrak, badagoela konplizitate bat. “Asko gustatzen zait bere lana, asko motibatzen nau bere musikak. Gainera, aurretik ere elkarrekin lan eginak gara”. Canet eta Senperena ez dira Patxiren bidelagun bakarrak izan proiektu honetan. Martin Tejeria esatariak, Maddi Oihenart kantariaren parte hartzearekin, liburuaren amaierako ipuina grabatu du audio-liburu batean. Liburuarekin batera datorren DVD batean aurkituko du hau guztia irakurleak.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments