Ione Gorostarzu: “Nire izatearekin batera liburua ere desegiten joatea nahiko nuke”

0

Ione Gorostarzuk Des egiten poesia liburua aurkeztu zuen Tolosan Leire Zubeldia lagun zuela.

TOLOSA. Bonbereneako Literature&Art zikloaren baitan burututako saioan, Des egiten poema liburuari tripak ateratzen aritu ziren Ione Gorostarzu, liburuaren egilea, eta Leire Zubeldia, literatur kritikaria. “Esango nuke Ione liburu honetan egiten eta desegiten aritu dela, liburu hau idazten zuen bitartean Ione bera egin eta desegin ere egin dela, poemaz poema, gu egunero egin eta desegiten garen eran, egiten eta desegiten dugun moduan”. Irakurlearen ikuspuntua jarri zuen mahai gainean Leire Zubeldiak. “Baina gauza batzuk ezin dira desegin behin eginda badaude, hortik damuak, hortik erruak eta hortik nekea, etsipena, eta hortik zera pentsatzea, bizitza hau guztia bada, heriotza ez dela agian hain txarra izango”.

Txandaka irakurri eta komentatu zituzten poemen irakurketari ekin aurretik, liburuan kontatzen denak oso identifikatuta sentiarazi duela ere aitortu zuen Leire Zubeldiak. “Esango nuke Ionek esan duen ia guztiarekin nagoela ados, guztiarekin ez esateagatik. Beharbada belaunaldi berekoak garelako, ingurukoak, aspalditik ezagutzen dugulako elkar….”.

Aurkezpena hasi baino lehen liburuko hainbat poemaren fotokopiak bota zituzten lurrera Ionek eta Leirek, eta Zubeldiaren sarreratxo honen ostean, txandaka lurretik paperezko bolak hartu, irakurri eta komentatu egin zituzten. Honekin itxi zuen saioa Ionek berak:

Eta zoriontasuna da
azkazal gorriak arropa beltzetan
azeitunak errusiar entsaladan
handia txikian
eta txikia handian.

Galtza zabalak haizetan
etzan bat ibilian
osteratxoa iluntzean.

Zoriontasuna da poema bat bizitzan
edo bizitza, poeman.

 

“Zoriontasunaren inguruko hainbat hausnarketa bildu dut, hainbat galdera, azkenean inolako ondoriotara iritsi gabe. Zoriontasuna izan daitezkeen gauza txiki batzuk aipatu ditut, baina nire lana gehiago geratu da galderetan erantzunetan baino, zer ote den zoriontasuna….”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments