Izenburua: Orratza eta kaltea
Idazlea: Joanes Urkixo
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2020
Adina: 12-16 urte
Ondarroa, 80ko hamarkada. Mikel zinegotzi aukeratu berri dute udal hauteskundeetan, eta ustekabean heroinaren zabalkundearekin egingo du topo: gazteen belaunaldi oso bat munduari bizkar emanda bizi da, hauts zuria beste ametsik gabe, eta heriotza etorkizun bakar. Ia inoren laguntzarik ez izan arren, aurre egingo dio arazoari: nola lagundu gazte horiei droga uzten? Nork saltzen dizkie papelinak, eta, batez ere, nork ekartzen ditu herrira? Erritmo bizian kontatutako thriller bat duzu esku artean: elkarrizketa arinak, gertaera kateatuak, on eta gaiztoak, gorantz doazen ekintzak eta tirotan lehertzen den amaiera apoteosiko bat. On egin!
Di-da batean irakurtzen den liburu honetan 80ko hamarkadan Euskal Herrian jasan genuen izurrite baten kronika azaltzen digu Joanesek: heroinaren kontsumoa gazterian eta bere ondorio latzak. Ondarruko herrian kokatzen den arren, antzeko egoeran aurkitzen ziren beste hainbat herritan antzeko egoera bizi izan genuen; gure herritar batek aspaldi argitaratutako “Galdu arte” liburuarekin gogoratu naiz. Beraz, baliogarria da garai hartan gertatu zena ezagutzeko.
Trama bera ez zait oso sinesgarria egin, baina, haseran aipatu dudan bezala, baliogarria da garai hartako giroa ezagutu edo gogoratzeko.
Liburu interesgarria Joanes Urkixoren azkena. Heroina bolo-bolo zebilen Ondarroan girotutako thriller bat da. Han Mikel zinegotziak droga-banaketari buruzko ikerketa bat egingo du bere kabuz eta erritmo bizian egia jakingo du.
Oso azkar irakurtzen da elkarrizketaz beteta dagoen eleberri hau eta amaierak gustu ona uzten du, nahiz eta ustekabekoa ez izan.
Kritikatu behar dut, askotan egiten dudan bezala, guardia zibilek gaztelaniaz hitz egitea euskarazko liburu batean. Izan ere, gaztelaniaz jakin gabe nekez harrapa daiteke liburuaren haria. Ondorioz, Iparraldekoek jai dute liburu honekin. Niri ez zitzaidakeen gustatuko Iparraldeko idazle batek frantsesa barra-barra sartzea, baina horrelakoak dira gauzak
Beraz, akats hori kenduta, gomendagarria da liburu hau.