Bezperaren bezpera

2

Izenburua: Bezperaren bezpera
Idazlea: Aingeru Epaltza
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2007

Nafarroa. Hamaika aldiz irakurriko du izen hori liburu honen irakurleak. Egileari NAVARRRRA ahoskatzen dutenean iruditzen zaio gorrotagarrien Foru Komunitateko establishment politiko, ekonomiko edo kulturala. Ez uste, dena dela. Bada NAFARRRROA ebakitzeko aski manera nekagarria ere.

Zorrotz aztertuta, ez da aise konprenitzekoa zalapartarik den mendrena piztea Europako basaburu horrengatik. Alabaina Nafarroa gakoa da, itxuraz, gatazka zorionekoaren konponbidean. Halako karga egozten diote. Halako erantzukizuna ematen. Bai Euskal Herria eraiki behar dela uste dutenek. Bai jo eta ke deseraikuntzan ari direnek ere. Liburu honen egileak aspaldi ez du garbi bereizten nor diren batzuk, eta nor bertzeak. Nor etxegileak, nor desegileak.

Publizitatea

Begietan lausoa, egileak.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
2 Iruzkin
Berrienak
Zaharrenak Bozkatuenak
Inline Feedbacks
View all comments
Ordizia 72.1

Aspaldian nengoen saiakerarik irakurri gabe, baina Aingeruren lana eta euskara beti izan dut gogoko eta Nafarroaz zer zioen jakiteari interesgarri iritzi nion. Egiari zor, lanak asebete egin nau. Ez nuen uste hain gustura eta erraz irakurriko nuenik. Azken hogeita hamar urte hauei egindako errepasoaren barnean sentitu naiz behin baino gehiagotan, autorearen tesiaren aldeko nahiz kontrako bidean. Horregatik iruditu zait hain interesgarria. Politika munduan gauzak nola doazen ikusita, ematen du zer pentsatua bezperaren bezpera honek. Hogeita hamar urte barru kukuak hobeto joko ahal digu!

Aia 97.2

Telebistaren albo kalte horietako bat izango da, noski, baina niri, aspaldiko urteotan, gero eta gehiago kostatzen zait nobela bati ekitea. Telebistarena, eta gaur egunean gehienok daramagun bizimodu azkar eta pilatuarena, seguru asko. Kontua da, behintzat, istorioak, istorio asmatuak, azkarrago irensten ohituta gaudela, telebistako serie eta pelikulek dirauten ordubete, ordubete eta piko horretan; eta liburuko nobela bat osorik neureganatzeko behar ditudan egun guztiak epe luzeegia egiten zaidala. Aitortu behar dut, hori bai, dinamika horri ixkin eginez, irakurri ditudan nobelak plazer iturri izan ditudala, eta horrelakoetan nobela gehiago irakurri beharko nituzkeela agindu izan diodala nire buruari. Horren adibide, Anjel Lertxundiren Ihes betea. Nolanahi ere, gaur egun nahiago dut saiakera, nobelaren aldean. Nik neuk etekin handiagoa ateratzen diot. Albisteak arrapaladan datozkigu, bata bestearen atzean, denak pilatuta eta ez dago erraza horiek denak irensten, bihotzerrea ez sortzeko moduan. Horregatik, gehien gustatzen zaidan literatur generoa saiakera da, errealitate anitz, global, poliedriko eta askotan bihurriaren gainean argi izpi batzuk ematen dizkidaten liburuak, barruko korapiloa askatzeko eta libratzeko balio didatenak, zabor guztia botatzen lagundu eta pare bat ideia garbi samarrekin gelditzeko modua eskaintzen didatenak. Eta horixe egin du, horixe lortu du, Aingeru Epaltzak bere azken liburuarekin, ‘Bezperaren bezpera’rekin, argi pixka bat eman dit, argibide egokiak, gure herriaren azken urteotako kontu xelebreak hobetoxeago ulertzeko balio izan didatenak. Eta niretzat ez da gutxi. Hori, batez ere, Nafarroako politika giroko hainbat gertaera eta egoeraren azalpena eginez lortu du, ausardia handia erakutsiz, hizkera aberats eta egokian. Liburu gomendagarria da.