Izenburua: Erretzaile damutuen konpainia
Idazlea: Aingeru Epaltza
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2022
Hirurogei urteko talaiara iristen ari da Edu Saragueta kazetari irundarra, ez lanik, ez dirurik, ez osasun onik, ez bikote-lagunik gabe. Horiek guztiak lortzeko eta bere bizitza aldrebestua zuzentzeko ahaleginak egingo ditu gizonak, eta bilaketa horretan hamaika xelebrekeria biziko ditu, baita hainbat lagun bitxi ezagutuko ere, Edurendako buru-hauste eta lekukoon jostetarako. Osagai ugariz antolatu eta zenbait kolorez zipriztinduriko eleberria eraiki du Epaltzak: deskalabru batetik bestera dabilen pertsonaia baten inguruko komedia garratz zein erotikoa, jendarte nahasi baten erretratu zorrotz bezain ñabarra, eta, batez ere, hainbat heriotza ekarriko dituen gertakari-kate baten ikerketa, nobela beltz petoa. Irakurleondako festa, azken batean
Hogeita hamar urte zaharragoko Edu Saragueta kazetaria da Epaltzaren liburuaren protagonista, bigarrenez. Eduren iduria hagitz malder eta dohakabe marrazten du egileak: 60 urteko langabea, emaztearengandik bereizia eta gaitzetsia, estatu-saria hilabete hondarrera doi iristen zaiona, etorkin auzo batean eta etxekoneko etorkinez inguratua bizi dena, eta erretzeari utzi dion lagun talde batekin batera liburuari izenburua ematen diona. Hau da, gizajo galanta eta liburuko antiheroea. Baina, enkargu bat tarteko, ezusteko hilketa batean muturra sartzen du egilea aurkitu beharrez. Saraguetaren tema hori probesten du Epaltzak Iruñean gertatzen den imigrazioaren fenomenoa marrazteko, Foruzaintzaren eta Estatuko poliziaren arteko mesfidantza islatzeko, terrorismo islamiarraren aurkako polizien azpijokoak salatzeko, eta Eduren onbideratzearen gorabeherak deskribatzeko, tartean sexo, jipoiak, gimnasioa, lagunak, familia eta abar . Batzuk sinesgarriagoak bertze batzuk baino. Liburuan Epaltzak xehetasun haundiz deskribatzen ditu tokiak, giroak, pertsonaiak… Eta, jakina, horiek guziak ulertzearen mesedetan, baina kontakizunaren abiaduraren kaltetan suertatzen dira. Ezagun da egilea itzultzaile ere dela sortzen dituen hitz elkarketa, erabiltzen dituen esapide eta hitz adiera, eta bere idazkera jasoarengatik. Iparraldeko euskalkien hitz parrasta bat erabiltzea ere da egilearen gustukoa. Beraz, irakurketa ikasbide suerta daiteke. Ondorioz, ezaugarri guzi hauek kontuan hartu beharko lituzke irakurleak liburuan murgiltzeko. Nire iduriko, oso azpimarratzekoa da liburuak islatzen dituen Nafarroan gertatzen ari den aldaketaren lekukotza eta, oraindik ere, euskarak (mordoiloa) duen tokia. Aipatu ezaugarriak eta zerak aski lirateke liburua gomendatzeko, baina horiei erantsi behar zaie zenbait pasartetan agertzen diren deskribapenen maisutasunak ematen duen gozamena.
Oso liburu ona Aingeru Epaltzaren azkena. Eduardo Saragueta, lanik gabeko kazetaria, da protagonista eta denetatik gertatuko zaio denbora laburreko lana aurkitzean.
Thriller modukoa da liburua eta tentsioa mantentzen da amaierara arte. Ematen zuenean gertakariak amaitu zirela eta Edu onik atera zela, beste bat arazo bat sortzen zaio eta berriro ikusten du bere burua ataka gaitzean.
Interes handirekin irakurtzen da luzea den liburu hau eta gozamena izan da irakurketa, hasi eta buka.
Beraz, oso gomendagarria da liburu hau, Aingeru Epaltzaren liburu gehienak bezala. Izan ere, Aingeruk berriro erakutsi du idazlerik onenetarikoa dela euskal narratibagintzan. Ea noiz ekartzen digun hurrengoa!
Nobela entretenigarria Epaltzaren azkena. Edu Saragueta bueltan da, Rock and roll nobelan ezagutu genuena. Berriz ere nobela hartako petsonaiak topatuko ditugu, hainbat urte geroago, batzuen onerako eta beste batzuen txarrerako. Iruñea da nobelako beste protagonista, auzo desberdinak jende desberdinekin. Agian hori da nobelaren balio nagusia, gaur egungo Iruñearen erretratua, argi eta itzalekin. Bestalde, nobela beltza bezala har dezakegu, krimen baten ikerketa baitago argumentuaren muinean, baina agian hau da nobelaren ahulgune nagusia, kasua ez baita oso zirraragarria, eta soluzioa ere ez da sinesgarria, hainbat kasualitate eta kointzidentzia baitaude tartean. Baina Eduren pertsonaiak, garratza batzuetan erdiragarria gehienetan, salbatzen du nobela. Gomendatzekoa, ti-ta batean irakurtzen da.
Erabat ados Robertoren iritziarekin.
Nik gehituko nuke Aingeruk informazio lan handia hartu duela etorri berrien egoerari buruz eta oso ondo deskribatzen duela egoera hori. Hainbat pasartetan agerikoa da hori, adibidez 120. orrialdean.
Aingeru Epalza nire idazle kuttunetako bat da, segi dezala horrelako liburuak idazten urte luzez!