Izenburua: Karena
Idazlea: Alaine Agirre
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2021
Amatasunarekin loturiko hainbat gai, normalean isilpean eta ezkutuan geratzen direnak agerira dakartza Alaine Agirrek, intentsitatez eta hunkiduraz idatziriko eleberri honetan: Lagundutako Ugalketa teknikak, horren ondorio fisiko eta psikologikoak, bikoteko batek guraso izateko besteak baino gogo gehiago duenean sortzen diren arrakalak, amarenganako errespeturik gabeko erditzeak, nahi gabeko abortuak eta horren doluak? Egileak ohi duen indarrez eta pasioz kontatzen digu Sara Mendizabal protagonistaren ibilbidea, lirismoz eta musikalitatez, minetik edertasuna sortuz, gorputzaren barrutik unibertso oso bat eraikiz.
Liburu erraldoia Alaine Agirrek ekarri diguna. Emakume lesbiana batek ama izan nahi du eta ernalkuntza artifizialeko prozesuan sartzen da baina dena ez zaio nahi zuen bezala atera, ez bikotekidearekin ezta haurdunaldiarekin ere.
Prozedura hori oso era gogorrean, gordinean eta hipererrealistan kontatzen digu Alainek eta hori da liburu honen meritua eta ezaugarri nagusia.
Irakurketa, ordea, zail gertatu zait, paragrafo oso luzeak (eta, batzuetan, punturik edo komarik gabe) agertzen direlako sarritan, baina horiek ere indarra ematen diote kontakizunari.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau, oso baliotsua dena, aldi berean, haurdunaldiaren inguruko gorabehera gogorrak gizonoi jakinarazteko. Eta hori eskertzekoa da, oso.
Beraz, zoriondu behar da Alaine liburu bikain honengatik.
Irakurtzen dudan Alaine Agirreren laugarren liburua da, eta ez dit hutsik egin. Beti bezala, egile hau zehatza da eta tonu justua erabiltzen du gaiari buruz idazteko. Liburu honena ez da erraza. Lesbiana bikote bat da, eta ama izaten saiatzen ari dira. Dena probatzen dute: intseminazioa, in vitro… Hain zaila da, bikoteko kide batek, zehazki Adrik, proiektua bertan behera uztea erabakitzen baitu. Baina Sarak aurrera jarraitu nahi du, eta are modu zailagoan saiatu: in vitro.
Spoilerrik egin nahi ez dudanez, ez dut kontatuko istorioa nola amaitzen den eta Sarak azkenean bere bizitzako ametsa lortzen duen, ama izatea.
Bermeoko idazlearen ia liburu guztiak bezala, istorioa gogorra da, baina oso ondo irakurtzen da, thriller bat balitz bezala kontatuta baitago; irakurlea engantxatuta geratzen da, eta jakin nahi du hainbeste sufrimenduren ondoren protagonistak bere ametsa lortzen duen.
Batzuetan estiloa zail samarra da, irakurleak puntuaziorik gabeko hiru orrialde jarraian aurki baititzake. Horrek gogora ekartzen du Marcel Proust-en ‘Denbora galduaren bila’ eleberria; adibidez, 82., 83. eta 84. orrialdeak punturik gabe idatzita daude. Alaine Agirrek protagonistaren mina adierazteko errepikapena erabiltzen du. Horrela irakur dezakegu 202. orrialdean : “Hasi da tripen azpitik datorren olatu bat, bidea erraustuz, berriro behetik gorantz, berriro botalarria, berriro hotzikara, berriro uzkurdura, berriro min, txiki, hautsi, kristal, gori odol, erre, arramazka, intziri eta auhen; berriro oro….oihu, min, min, min, min, olatu, olatu, olatu, olatu.”
Ez da liburu alaia, ezta azalekoa ere, baina merezi du Sararen bizitzan murgiltzea eta berarekin partekatzea ama izateko irrikan. Azkenean, bere burua onartzen du eta edozein aukeratara irekita dago. Alaine Agirrek ez du inoiz huts egiten.