Harrian mezua

5

Izenburua: Harrian mezua
Idazlea: Albeto Ladron Arana
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2014

Negu gorrian, mendi punta elurtuan, gailurreko zutarri batean kateaz loturik, gizon bat agertuko da biluzik, putreek erdi jana, heriotza lazgarri baten zantzu guztiekin. Eta lehen deskubrimendu horren ondoren beste zenbait, aurrekoa bezain izugarriak. Leire Asiain Foruzaingoko inspektorea arduratuko da kasuaz, baina ikerketan aurrera egin ahala mataza gero eta korapilatuago, tartean direla prostituzio-sareak, haur desagertuak, ETAren kontrako borroka zikina…

Alberto Ladron Aranak thriller berri bat oparitzen digu, beti bezala misterioaren hariak ezin hobeki josiz eta irakurleari arnasa hartzeko beta doi-doi eskainiz.

Publizitatea
Harpidetu
Jakinarazi
guest
5 Iruzkin
Berrienak
Zaharrenak Bozkatuenak
Inline Feedbacks
View all comments
Senpere 4.1

Polizia–eleberriak arras gustukoak ditut . Idazle ospetsu batzuk literatura genero hori goi mailarat altxatu dute, besteak beste, Michael Connelly amerikarrak, Arnaldur Indridason islandarrak, Hennik Mankel suediarrak, Fred vargas, JC.Grange frantziarrak, ….eta plazer hartzen dut heien obren irakurtzea. Beraz HARRIAN MEZUA liburua hasirik konturatu naizelarik polizia nobela zela erne nengoen; iduritzen zitzaidalako desafio handia dela nobela polizia ona idaztea. Laster eleberriak harrapatu nau. Irakurketan aintzinatu arau gero eta gustu gehiago hartu dut eta ohartu naiz esku artean neukan liburua biziki ona zela jakinmina pizten zuena kontua zertan datzan jakiteko. Alberto Aranak generoaren ezaugarriak erabiltzen ditu : -Polizien arteko tirabirak (polizia forala eta guardia zibila). -Adn eta interneten erabilpena. -Emazte bat protagonista nagusia, polizia burua baita. -Ustegabeko bururapena. Fitsik salatu gabe erran dezaket ongi erakia dela nobela, bukaeran A. L. Aranak prentsako iturriak emaiten ditu, intrigari egiatasun ematen diotenak. Istorioaren koropiloa hau da: Nafarroako mendietan 3 hilotz deskubritzen dituzte; gorpu bakoitza zutarri bati lotua. Nortzuk dira? Zergatik izan ziren erailak? Zergatik manera hortaz ? … Inkesta koropilatsua , tinko, koherente, Asiain polizia buruak ongi kudeatzen duena. Haria ondo jarraitzen da. Nornahi ez da bat-batean polizia-eleberriaren idazle bilakatzen. Ainitz saiatzen dira, askok porrot egin dute. Alberto Ladron ARANAk desafioa atxiki du eta obra biziki ona idatzi du.

Azkoitia 76.1

Ondo dago baina korapiloa gehiegi korapilatu duela iruditzen zait.

Ane Garcia

Albertoren aurreko liburuak bezala, irentsi egin dut azken hau ere, hasi eta buka. Nobela beltzaren ezaugarriez gozatzeko aukera eskaintzen digu, trama, erritmoa, idazkera erraza bezain zorrotza, mataza berera doazen hariak, ustekabeko sorpresak, bukaerako kolpea…

Nobela beltza maisuki menperatzen duela frogatu digu beste behin Albertok, eta bere zaleok hurrengo liburuaren zain gelditzen gara.

Bilbo 54.3

Alberto Ladronen zale sutsuak garenontzat pozgarria da liburu berriak argitaratzea. Eta orain ere ez du hutsik egin liburu berriak.
Beti bezala, istorioa izugarri ondo harilkatuta dago eta amaiera, eleberri beltzen generoak eskatzen duenez, guztiz ustekabea izan da, baina istorioa biribildu egin du, hari solterik utzi gabe.
Egun batean irentsi dut liburua eta ezin izan dut utzi amaitu arte, nahiz eta mardultxoa izan, baina orri bat ere ez dago soberan.
Idazkera erraza eta jasoa, aldi berean, izan da eta erritmo bizikoa, istorioak eskatzen duen bezala.
Ondorioz, biziki gomendatzen dut Alberto Ladronen azken liburua, aurreko guztiak gomendatu ditudan bezala, Albertok berarengandik espero duguna baino gehiago ematen digulako beti.

Roberto

Nobela hau gomendatu zidaten, nobela beltzaren maitale sutsua naizela jakinda. Egia esan, ez nuen uste euskaraz honelako istorioak modu duinean egiten zirenik (badakit…)
Sorpresa handia hartu dut! Nobela hau nazioarteko onenen parean dago! Begiak apartatu ezinik ibili naiz. Eta, amaieran… sorpresa itzelezkoa, ahoa zabalik uzten zaituenetakoa!
Erraz baino errazago irakurri, bihotza estuturik, euskaraz ikasten dutenentzako ere aproposa.
Euskaldunoi gutxiagotasun konplexua kentzen digun nobela bat, zinez! Banoa Ladron Aranaren beste nobelen bila!