Garen hori

1

Izenburua: Garen hori
Idazlea: Ana Urkiza
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2021

Zein dira euskal balioak, halakorik baldin badago? Zerk egiten gaitu Gu, eta nola uztartzen da izate kolektibo hori gutako bakoitzarekin? Ba al dugu euskal nortasunik eta nortasun horri dagokion markarik, irudirik? Eta zein leku du horretan kulturak? Zein da sortzaileen eta komunikatzaileen eragina nortasun horren eraikuntzan?

Galdera horien eta antzekoen inguruan dantzan jarri ditu Ana Urkizak hainbat sortzaile, nor bere alorretik eta esperientziatik berbetan: Irati Jimenez idazlea, Carmelo Ortiz de Elguea pintorea, Jon Maya Sein dantzaria, Xabier Barrutieta arkitektoa, Dora Salazar eskultorea, Jon Garaño zinemagilea, Juan Carlos Perez musikaria eta Xabier Paya bertsolaria.

Elkarrizketa horiek osatzen dute liburuaren zati nagusia, eta horiei gehitzen zaizkie lehen lerroko komunikatzaileak diren beste hainbat adituren gogoetak: Josu Bergara (publizitatea), Eduardo Apodaka (filosofia), Elixabete Garmendia (kazetaritza), Olatz Legarda (kirola), Ximun Fuchs (antzerkia), Iraia Oiartzabal (moda), Elena Arzak (sukaldaritza) eta Iñigo Ucin (enpresa). Denen artean mosaiko zabal eta ñabar bat eraikiko dute, gure herriaren isla izan litekeena, tradizioaren eta etorkizunaren artean.

Subscribe
Notify of
guest
1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Azkoitia 76.1

Normalean eleberria irakurtzen dudan arren, interesgarria iruditu zait saiakera hau: euskal balioak zeintzuk diren zehazteko ahalegina.
Helburua oso interesgarria izan arren, plantemenduari dagokionez ezin berdina esan. Artearen azpi arlo ezberdinetako (literatura, pintura, dantza, arkitektura, eskultura, zinema, musika eta bertsolaritza) pertsona bana, gehi beste hainbat arlotako pertsonei (komunikazio agentziako zuendaria, irakasle eta filosofoa, kazetaria, kirol kudeatzailea, antzerkilaria, moda disenatzailea, sukaldaria, kooperatibako presidentea) egiten dizkie galderak Ana Urkizak.
Anari berari galderak egiteko gogoa sortu zait: zergatik 7 arte arlo horiek? Hortik atera daiteke ondorio orokorrik? Zergatik antzerkigintza ez du sartu lehen atalean?…
Gainera “euskal balioak” zehazterako orduan euskarari ematen diote gehienek zentraltasuna, baina denen gainetik pertsona bat nabarmentzen dute gehienek: Jorge Oteiza, eta berak ez zuen euskaraz egiten.
Bere planteamenduarekin bat egin ez arren, irakurri beharreko liburua. Galderak egiteko balioko dizu behintzat.