Izenburua: Gari eta goroldiozko
Idazlea: Anari Alberdi Santesteban
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2022
Goiz jaikia zen eta bidea ere luzetxo egiten hasia zitzaion. Erreta zituen begiak, eta izan daitekeen auto-erretratuaren definizio zehatzenean, erretrobisorean, betaurreko beltzen atzean, denborak begi ertzetan egindako zartadurak zizelkatzeari jarraitzen zion. Nekatua zegoen. Nekatzen hasia beti.
Garizkoak eta goroldiozkoak, bi paisaiek egiten dute bat lehen pertsonan emandako kontakizun honetan. 50 urteak bete eta aspaldi aita baino zaharrago dela jabetu den emakume bat ageri da, astearte iluntze batez, zinematik etxeranzko bidean; asteazken goizez, berriz, auto bidaia bateko denboraren eta espazioaren tolesturetan. Semaforoan bi galgo, bidearen errebueltetan ilaje kizkurdun emakume beltzaran bat, itsasoa gainezka, kontainerrak, fetuak, olibondoak, heskai artifiziala eta matematikaren poetika.
Orainaren gogoa eta oroimenaren galdera Anari Alberdi Santestebanen lehen liburuan.
Asko aspertu naiz Anari Alberdiren lehen liburua irakurtzen. Ez diot aurkitu fundamenturik, eta batzuetan interesik gabe eta beste batzuetan kasu piska bat egiten irakurtzen ari nintzenari, lortu egin dut amaitzea.
Zaila da ulertzen hainbeste plano-aldaketarekin eta tartekatutako hainbeste pentsamendurekin. Ondorioz, ahalegin handia egin behar izan dut idazlearen uhina harrapatzeko, eta askotan harrapatu gabe geratu naiz.
Beraz, ezin dut liburu hau gomendatu, oso aspergarria izan delako niretzat. Ea hurrengoa!
Liburu hau oso laburra bada ere –110 orrialde baino ez ditu– ez da irakurtzeko erraza, ez baita nobela bat, ezta saiakera bat ere; egileak egiten dituen hausnarketa batzuk dira. Nik prosa poetiko gisa definituko nuke, nabari baita Anari Alberdi Santestebanek ibilbide oparoa duela abestien egile gisa.
Nahiz eta modu konbentzionalean hasi, narratzailea zinema batetik irtenda, berehala konturatzen gara garrantzitsuena ez dela gertatzen dena, kontatzen duen pertsonaren pentsamenduak baizik. 16. orrialderako idazleak gaia aldatu du eta pisua jaurtitzeko teknikaren jatorria planteatu du. Berak bi teknika bereizten ditu: jaurtiketa zuzena eta errotaziozkoa. Hori liburu osoan zehar egingo du, horregatik batzuetan zaila da argumentuaren haria mantentzea.
Izan ere, oso liburu anitza da, bertan gai asko aipatzen dira. Batzuk pertsonalak izan daitezke, hala nola aitari, amari edo anaiari buruz idazten duenean. Beste batzuk unibertsalagoak dira, 45. orrialdean autobusean doan jendea deskribatzen duenean bezala. Hiztegi zabal eta aberatsarekin deskribatzen dira guztiak. Horregatik gomendatzen diot mundu guztiari liburu hau. Merezi du ahalegin txiki bat egitea hain testu originala irakurtzeko.