Zoaz infernura, laztana

10

Izenburua: Zoaz infernura, laztana
Idazlea: Anjel Lertxundi
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2008

Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena 2008

Bikote harremanak aztertzen ditu Lertxundik eleberri honetan. Gehienetan, botere harreman bihurtzen dira harreman horiek, eta gaur egungo edozein egunkari hartzea nahikoa da ikusteko ez dela gutxitan gertatzen boteretsuenak bere boterea baliatzea ahulena umiliatzeko eta tratu txarren bidez otzantzeko.
“Galdetzen dut: hitzekin —nire hitzekin, alegia— jaso dezaket emakumearen izaeraren isla bat, ez dakit zehatza, baina zehaztasunera hurbilduko dena?”. Honela aipatzen du eleberri honetako narratzaileak bere kezka, Rosaren barruan sartzeko gai izango den edo ez azaltzeko unean. Eta esan behar da maisutasun handiz lortzen duela eleberri honetako pertsonaia nagusiaren barne azpilduretan sartzea. Izan ere, generoko elementuak erabiltzeaz gainera –nobela beltzaren elementuak, intrigarenak…–, gaur gaurko kontakizun bat eraiki du Lertxundik, hizkera bizkor batean, eta gardentasun hotz bizi batez.

Subscribe
Notify of
guest

10 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Lesaka 30.1

“Vete al infierno, cariño” erderaz argitaratu omen dute, eta hara, horren berri izan dudanean, dezepzio punttua sentitu dut nire barrenean. Ez galdegin zergatik. Neuk ere ez dakit. Baina, hori da sumatu dudana. Egoismoa? Txobinismoa? Ez dut ezetz esanen.
Gauza da, Zoaz infernura, laztana aspalditxo irakurri nuela, eta bai: berari eman nion botoa saridun izateko. Gustagarria egin zitzaidan; Anjel Lertxundi idazle ederra eta zorrotza da, baina liburu hontan sendimendu munduan sartzen da, eta finezia haundiz sartu ere. Bortxa fisikoa eta bortxa psikologikoa, sare emozionala senar-emazte eta familia guztietan eman ohi dena, hartu-eman eta txantaiak barne. Aski delikatua gaia, eta egoki kontatua, nere idurikoz, txukun, goxo, franko sakon.
Orain erderaz ere. Eta beste hark zionari jarraiki: orain erdera ederrean baldin badago, zertarako (irakurri) euskarazkoa?. Ez du merexi la pena.

Andoain 25.4

Gustura eta erraz irakurri dut. Bukaeran suspensea ondo lortzen du, nahiz eta bitartekoa batzutan errepikagarria ere suertatzen den. Asko gustatu zait kontakizun zati baten azken hitzak nola kateatu dituen narratzaile berriaren hurrengo pasartearekin. Amaiera, hala ere etsigarria egin zait. haibeste maite duen maitale berriak ere bortizkeria erabili behar du Rosarekin??

Gasteiz 9.11

Tratu txarrei buruzko liburua. Rosa izeneko neska (emakume) bat senarrarekin bizi da. Ezkondu eta urte gutxi batzuetara lehen jipoia hartzen du; lehenengoaren ostean, gehiago etorriko dira, damurako tarte gero eta txikiagoak utziz. Inazio ezagutuko du gero, oso bestelako portaera duena, atseginagoa, begirunezkoa. Amaginarrebari egiten dizkion bisitez baliatuta, maitasun istorio bat sortzen da bien artean eta senarra hiltzea erabakitzen dute. Hil egiten dute, baina poliziak harrapatzen ditu. Tratu txarrak gordin aurkezten ditu, bere ohiko trebetasunez. Hiru bidetik jorratzen du istorioa. Alde batetik, ohiko narratzailearena agertzen da; bestetik, Rosak epaileari egiten dion aitorpena; eta, azkenik, sikologoak Rosarekin eginiko egonaldiak biltzen dituena. Puzzle osoa eraiki arte. Nobela beltzaren ukituak ditu (hilketa bat dago tartean), baina kontakizunari erritmoa falta zaio arlo horretakotzat hartua izateko. Egia esanda, une batzuetan, aspergarri samarra egin zait istorioa eta ‘akzioa’ azken orrialdeetan bakarrik kontatzen da. Ez dut uste Lertxundiren maisulana denik.

Oñati 45.2

Oso nobela ona. Gai polemiko bat, nahiko ondo tratatua eta irakurterraza. Barruraino iristen da.
Agian, ikuspegi bakar batetik idatzi izana bota dut faltan, kasu honetan emakumearen ikuspegitik, baina oso nobela osoa da. Ez du elipsirik egiten irakurlearen aurreiritziak nagusitzeko. Ez du pentsatzeko astirik ematen baina bai hausnartzeko eta, garrantzitsuagoa dena, kapitulu bat amaitzen denean hurrengo irakurtzeko irrikitan jartzen zaitu. Hasieran xuabe hasten da eta momenturik gorenera nobela garatzen doan heinean iristen da.
Postariak bi aldiz deitzen du beti liburuaren antzekoa iruditu zait, batez ere azken zatia.

Aia 97.2

Aspaldi irakurri dudan nobelarik onena da Anjelen azkena. Olentzerok egin zidan oparia eta urtea amaitu aurretik irakurria nuen osorik. Seinale ona, nire kasuan, jeneralean denbora gehiago behar izaten dut-eta nik liburua hasi eta bukatzeko.
Gizartean gaur egun indar handia du Anjelek nobelarako aukeratu duen gaiak, familiaren barruko tratu txarrak; eta Anjelek modu sinesgarrian eraman du literaturara, irakurlea hasieratik harrapatzen duen istorio interesgarria txirikordatuz, hizkuntza maisuki erabilita. Liburua ez litzateke gidoi txarra zuzendari on batek hartuta pelikula on bat egiteko.

Gasteiz

Liburu hau ezin izan dut bukatu. Testuan narratzaileetako batek darabilen aditz aspektuak testua zeharo itsusten duela iruditu zait, akzioa bukatu gabe dagoelako sentsazioa emanaz bukatuta dagoenean, eta horrek niri behintzat irakurtzeko zailtasun asko eman dizkit. Liburua erosi aurretik ondo-ondo begiratzea gomendatuko nuke, batzuk liburu ona dela dioten arren, niri idazlearen apustu horrek liburua bertan lagarazi baitit.

Ordizia 72.1

Gomendatzeko modukoa da Lertxundiren azken lana. Euskara dotore, jaso eta, era berean, arina darabil idazleak. Genero beltzeko teknika batzuk ere erabili ditu eta Rosaren bizileku eta lanleku den gasolindegia itogarria bezain iradokorra gertatu zait.
Gainera- Lertxundi maisua da horretan- Rosaren azalean jarri eta zer gertatu zaion ulertzea erraztu digu, tratu txarren ezkutuko bide luze eta gordea ezin hobeto plazaratu baitigu. Horretarako hiru narratzaileek nork bere ikuspuntua eman digute.
Nobelan ere beste hiruko batek eusten dio ekintzari, nahiz eta pertsonaia gehiago ere badiren, senarraren ama esaterko, . Bukaeran hiruko horrekin nolabaiteko ezustekoren bat egon ote zitekeen ere pentsatu nuen irakurtzen ari nintzela, une batean iradokitzen ditu bigarren lagunaren aldetikako tratu txarrak.
Bukaera izan da hotz samar utzi nauena. Ez zait batere sinesgarria iruditu. Pentsatu dut, agian, apropos egin duela idazleak horrela, egoeraren gogorra erakusteko. Hala izanik ere, oso liburu egokia, interesgarria eta ederra bezain gogorra iruditu zait.

Burlata 17.1

Anjel Lertxundiren liburuak, lehenengo orritik harrapatu nau.
Gai delikatua, nolabait esateko, aukeratu du idazleak bere azken lana idazteko. Egia da aktualitateko gaia dela, zoritxarrez, eta egunero zerbait irakurtzen edo entzuten dugula gai honi buruz. Baina morboan erori gabe hain egoki tratatzea zaila izan behar dela iruditzen zait; Lertxundik hori lortzen du: liburura lasai eta gustura irakurtzea.
Autoreak hiru narratzaile erabiltzen ditu Rosaren istorioa garatzeko: Rosa bera, protagonista nagusia dena; kartzelako psikologoa eta, hirugarrena narratzaile xume bat.
Gaia hiru ikuspuntu ezberdinetatik eta horiek tartekatuta lantzeak aritasuna ematen dio narrazioari.
Rosaren bizitzan murgiltzen gaituzte narratzaileek eta ikusten dugu Rosak tratu txarrak etsipenez onartzeaz gain, egiten dizkioten mespretxuak ere ontzat hartzen dituela; gaizki tratatua izatea konstante bat da Rosaren bizitzan, gurasoek abandonatzea, amodio falta, sexu-abusuak eta irainak agertzen baitira bere oroitzapenetan.
Irakurterraza da liburua nahiz eta euskara maila altua izan.
Oso ona.

Galdakao 55.1

Muturreko egoeran dagoen emakumearen sufrimenduaren berri emateko ahalegin zintzoa da liburua”. Horrela definitu zuen Anjel Lertxundik bere azken liburua elkarrizketa batean. Eta, nire ustez, bere helburua lortu du zalantzarik gabe. Euskara freskoan, narrazioak lehen orrialdetik harrapatu nau. Lertxundik eleberriari emandako erritmoak laguntzen du oso. Rosa protagonistak kartzelan ezagutu zuen gizarte langile erabiltzen du idazleak narratzaile bezala eta Rosa bera ere bai. Erritmoa eta distantzia aldatzen ditu horrela. Zoritxarrez, gaurkotasuna duen gaia dugu emakumeen kontrako gehiegikeriena eta bere gordintasunean, maisuki kontatzen digu idazleak nola sufritzen ditu Rosak etengabeko jipoi eta irainak. Liburuaren amaiera hasieratik argi zegoen arren, agian hilketaren pasartea pixka bat ahul geratu zaio eta sinesgarritasuna zalantza sotilean jarri du. Dena den hilketa ez da inportanteena narrazioan eta mezu hunkigarria gardentasun osoz utzi digu Lertxundik. Balorazioa: Oso Ona

Bilbo 54.3

Anjel Lertxundi beste maisulan batekin itzuli da. Primeran azaltzen du nola sufritzen duen emakume batek etengabe tratu txarrak ematen dizkion senar batekin. Bukaerak antz handia du Postariak bi aldiz deitzen du liburuarenarekin. Istorioa hiru narratzailek kontatzen dute: narratzaile orojakileak, kartzelako psikologoak eta protagonista berak sumarioan azaldutakoarekin. Hiruren artean istorioa borobiltzen dute. Beraz, guztiz gomendagarria da liburu hau.