Etxeko hautsa

13

Izenburua: Etxeko hautsa
Idazlea: Anjel Lertxundi
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2011

Franco hil aurreko azken urteetako giroarekin hasten da liburua eta orduan narratzaileak bizi izandako gertaera batekin: ETAko bi kide eraman behar izan zituen, arratsalde sargori batean, bere autoan herri batetik bestera. Hogei urte geroago ari da narratzailea orduko giroa eta giroari buruzko hausnarketa idatzia idazten zerga iraultzailea eskatu dioten aitari, buruko gaixotasun baten eraginez ahanzturaren eremuan bizitzen hasita dagoen aitari. Era horretan, aita-semeen arteko harremanaren aztertzea ere bada liburua. Nolabaiteko aitortze mingarri bat.
Narratzailearen memoriako hariz hasten da gertakarien oroimen inperfektua agertzen, esandako gauzak eta isildutakoak, behin eta berriz Franco hil aurreko arratsalde sargori hartara eramaten dutenak.
Narratzaileak bere aitari egiten dion aitorpenak gure historiaren azken urteak hartzen ditu aintzat, bere ilungune eta miseriekin, galderak sortzen dira irakurri ahala, eta galdera horiek guretzat dira.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
13 Iruzkin
Berrienak
Zaharrenak Bozkatuenak
Inline Feedbacks
View all comments
Irakurle

Hasiera motela baina bukaera ezustekoa, Anjel Lertxundiren eleberrietan gertatzen zait gehienetan. Errealitate bera adinagatik modu desberdinean bizitakoaren kondaira ikusten dut nik nahiz eta fikziozkoa izan. Pertsonaien izenen erabilpenaren jokoa asko gustatzen zait, bere izena azkenarte ez azaltzea eta irakurri arte ez konturatu izana ez dela lehen azaldu. Kondaira desberdinak ondo lotuak: bere egoera pertsonala eta harremanak, aita-semearen harremana, egoera politikoak. Asko asko gustatu zait, berriro ere Anjel Lertxundik gozatzen lagundu dit.

Urnieta 49.2

Bere apalean maisulana idatzi du Lertxundik, Òabarduraz betea, non azken 40 urteetako gatazkaren giltzarri psikologiko ugari azaldu dituen, hiruzpalau pertsonaietan txertaturik. Ederrena hori du eleberriak, aita-semearen arteko harremanen egunerokotasunaren kontakizunak, Neskaren nortasun ezaugarriek, komandokieenek primeran islatzen dute euskal gizartean nagusi izan den jokabide psiko-soziala. Hanpakeriatan ibili gabe harribitxia idatzi du Lertxundik, literaturazaleentzat opari aparta.

Bilbo 54.7

Betiko legez, oso ondo idatzia, ondo harilkatua, ondo eramana hasieratik amaierara. Baina, hala ere, luze egin zait, oso luze. Anekdota batetik istorio osoa egin nahi izan du, eta asko luzatu izan du, nire ustez.
Edukiari dagokionez, gure historia hurbila ulertzeko gakoak eman nahi ditu. Baina ez nau asebete guztiz, ez dut oso sinesgarri ikusi.

Andoain 25.4

Euskal Herriko konfrontazio armatua da eszenatokia, Alhzeimer gaitza ere atzeko planoan presente dagoela.
Gehien gustatu zaidana protagonistak bere pentsaera eta portaeraren zergatia aurkitu nahian egiten duen hausnarketa ahalegin sakona da; aitaren zenbait jokabideren ulertu nahia; horretarako haurtzaroko egoeretara joan-etorria…
Idazleak barne gogoeta horiek guztiak adierazteko hizkuntza nola menperatzen duen erakusten digu liburu honetan, beste behin ere.
Gaurkotasun handiko eleberria, azken urtetako gure historiari buruzko ulertze ariketa egin nahi duenarentzat, noski.

Orexa 64.1

Maisu lana, benetan. Zein ederki erabiltzen duen fikzioa gure azken urteetako errealitatea esplikatzeko. Kontakizuna aurrera daraman bitartean, mota guztietako erreflexioak tartektatzen ditu autoreak, istorioa bera bezain erakargarriak. Hemendik denboraldi batera berriz irakurtzea pentsatzen ari naiz…

Gasteiz 9.5

Guztiok dakigunez, Andu Lertxundi eleberrigilea ez ezik,kazetaria ere bada. Hori dela eta eleberriak ez ezik saiakerak ere argitaratu dit; besteak beste, Letrak kalekantoitik, Gaurko literatura, Gogoa zubiÖ Etxeko hautsa nobela bat da. Aitarentzako gutuna deitu liteke, protagonistak bere bizitzaren gertakari batzuk aitari kontatzen dizkio-eta. Nahiz eta hikaz idatzita dagoen, oso erraz irakurtzen da. Nahiz eta hiztegia konplexu samarra den,ez da zaila argudioa ulertzea. Estiloari dagokionez honako hau aipatzekoa da: lehenik eta behin, ìbrastakoanî hitza behin baino gehiagotan aipu egin du. Bigarrenik, hitzak errepikatzeak gogoko du; horrela irakur daitezke ìzabar-zabarî 95.orrialdean, aldian-aldian 101.an, argal-argala 107.an eta abarÖ Hirugarrenik eta azkenik, îÖ-ko ba.. bezalaî egitura gehiegi errepikatzen du: horrelako 30 esaldi baino gehiago aurkitu ditut. Adibidez: ìtabernaria ogitartekoarekin itzultzen da herrenka eginez, eta ni kosk hasten naizelarik, begira-begira geratzen zait, nire aurpegia ezaguna egingo balitzaio bezalaî 153.orrialdean. Bestalde, idazle eta zinegileei buruzko zitak nabamentzekoak dira. Hala Tabucci, Agota Kristof (hil berria, Henrich Bˆll, Sthendal, Neruda, Aresti Jesus Maigal, Bertolucci Woody AllenetaCosta Gavras agertzen dira eleberri honetan. Hala eta guztiz ere, liburu honek ez nau hartu, zeren eta ez zait orijinala iruditzen. Nire ustez ìdÈj‡ luî da, beste eleberri batzuetan antzeko ideia ikusi dut. Gauza bera gertatu zitzaidan îZoaz infernura, laztanaî-rekin. Horregatik nahiago ditut ìBerrianî idazten dituen artikuluak eta bere saiakerak.

Larraul 39.1

Hasiera motel xamarrarekin ekin dio liburuari baina berehala harrapatzen zaitu, bukaera arte, gainera. Amaiera erabat ustekabekoa du liburuak. Era berean, oso jolas polita egiten du eta beste norbaitek idatzitako kapituluarekin ematen dio amaiera. Gustura irakurri dut, eta modu errazean, Anjel Lertxundiren beste zenbait liburu ez bezala. Gai asko lantzen ditu:aita-semeen arteko harremana, Alhzeimerra, taberna eta poteo giroan sortzen den harremana eta Euskal Herriko historiaren parte den borroka armatua; Anjelek berak elkarrizketa batean zioen bezala, bere barrua hustuz.

Lesaka 30.1

“Zuk, aita, eroso egin duzu, ia hanka puntetan, zure mundualdia…Ez zenuen nabarmendu nahi, eraman onekoa zinen, hariak jostorratza baino luzeagoa behar duela esanez zuritzen zenuen zure jarrera askotan abulikoa”.

“Nik, ordea, bizitza arrunta sublimatzeko irrika sentitzen nuen…Ikaro gisa, arruntasunaren nukleotik irten nahi nuen, heroitasunaren nukleora hurbiltzeko. Jainko baten bila, alegia”.

Ederra iduritu zait Etxeko hautsa. Batik bat bakarrizketaren bigarren zatia. Oso gomendagarria, ados izan edo ez ados protagonistaren jarrerarekin.

Gozoa eta landua da hemen ere Lertxundiren kontaera, bere prosa, joskera, errateko eta biribiltzeko eta txirikordatzeko hizkera, bere euskara. Landua, eta aldi berean xamurra, zuzen kontatua eta zuzen iristen dena, klasikoa eta aldi berean pittin bat behartuz, bihurrituz, sortuz. Horregatik bakarrik balitz ere, merezi izan dit liburuan murgiltzeak.

Mamia ere…eder, sakon, mamitsu. Bizitzaz ari da hatsangaka; barreneko herrak eta harrak, bizi xerrak eta xerlak, amets gozo eta amets gaizto eta frustrazio (a ze lanak ematen dizkigun Neskak, zorioneko Neska horrek, kontzienteki edo inkontzienteki). Matizez beteriko hizketaldiak, aldiz kontrajarriak, maiz hausnar-bide.

(Ez dut ulertu nondik/zertaz atera duen istorioaren bukaera hori. Matizez beteriko pelikulari, haratx, zuri-beltzez eman nahi izan dio bukaera. Eta ez zuen horren beharrik…edo bai?).

Aia 97.2

Lertxundiren aurreko lanak, Eskarmentuaren paperak saiakerak, Espainiako Literatur Sari Nazionala izan zuen. Era horretako sari batek zaildu egiten dio idazle bati hurrengo lanari ekitea, langa oso goian jarrita daukalako. Anjelek baina, ongi gainditu du erronka. Eleberriaren gaia Gaia da, Euskal Herriko azken ia berrogeita hamar urteotako Gaia, horregatik etxeko eta horregatik hautsa. Baina Gaiaz aparte, Lertxundik bestelako kontu batzuk ere ekarri ditu, osagai, bere liburura: aita-semeen harreman gatazkatsua, Altzeimer gaitz krudelak dakarren ahanztura, zenbait komunikabidek Gaiaz egin ohi duten erabilera interesatu gaiztoa…
Anjelek harremanen gainean, indarkeriaz, bizitzaz… egiten duen hausnarketa interesgarria da, oso. Eta gogoeta horretarako erabili duen idazkeran, irakurlearentzako ariketa errazteko lan zailean, berriro ere aurrerapauso bat eman duelakoan nago. Etxeko hautsa garbitzen hari garen honetan, beste pauso bat da liburu hau bide horretan, eta haren irakurketa, ariketa osasungarria.

Gasteiz 9.11

Hitzik gabe geratu naiz liburua amaitutakoan. Kostatu zait kontakizunean sartzea, hasiera deserosoa eta zehaztu gabea egin zaidalako. Idazleak istorioa planteatzeko orduan behar zituen atalak modu desordenatu eta gogor batean aurkezten dituelako. Hala ere, lehenengo flash hori gaindituta, liburuak bete-betean harrapatu nau. Hari ezberdinez josten dut liburua: atzean geratzen ari den gatazka, aitaren eta semearen arteko harremanak eta zahartzaroak dakarren narriduraren deskribapen junkigarria, beste batzuen artean. Semeak aitari, bakarrizketan, kontatzen eta aurpegiratzen dizkionak belaunaldi baten kritika egiteko erabiltzen ditu.
Ez zaitu gorputzaldi oso ona gelditzen liburua amaitzerakoan. Eta ez dakit irakurtzeko gomendatuko nukeen, baina seguru nago irakurriz gero irakurleri ez zaiola denbora galdu duenaren sentsaziorik geratuko.

Irun 67.1

Zaila egin zait. Ez dakit zergatik, azala ez zait batere gustatu, irudi hori buruan sartuta izan dut eta ezin izan dut burutik kendu liburua irakurtzen nuen bitartean. Gainontzean, idazteko modua, zoragarria, oso ondo eramaten zaitu eta oso aberatsa da. Baina azalaren erruz trabatuta gelditu zait.

Bilbo 54.3

Liburu bikaina Anjel Lertxundik ekarri berri diguna. Hala ere, astuna iruditu zait hasieran, ezin izan diot hariari behar bezala jarraitu. Baina, lehen herena pasa eta gero, liburuak abiada bizia hartu du eta ia-ia irakurraldi batean amaitu dut. Amaiera, benetan, txundigarria da eta ez zait burutik joan egun oso batean.

Lertxundiren azken liburuen artean hauxe da benetan hunkitu nauena, gure herriaren historia beltza maisuki azaldu digulako. Beraz guztiz gomendagarria, nahiz eta jakin inor ez dela pozik geratuko liburua amaitzerakoan.

Donostia 47.17

Gustura irakurri dut liburua, harrapatu nau ia hasieratik eta uste dut oso ongi islatzen dituela garai hartako gertaerak eta portaerak. Baina bukaera gogorra du benetan eta sentsazio txarra utzi dit, liburua kuestionatzera eraman nau eta honelako galderak sortu zaizkit: zergatik ez du izenik neskak? Zergatik azaltzen da pertsonaia nagusia hain bakarti eta zergatik dakigu hain gutxi bere gaur egungo bizitzaz eta harremanetaz?