Odolekoak

3

Izenburua: Odolekoak
Idazlea: Antxiñe Mendizabal
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2020

1941ean hasi eta oraintsu arte, Iruñeko familia baten historia kontatzen digu nobelak, hiru belaunalditan zehar, hiru emakumeren bitartez: Matilde, Teresa eta Amaia, nor bere ama bilatzen eta ukatzen duten hiru matrioxka.
Unean uneko modak, gertakariak eta bizimoduak pasatzen dira ispilu ibiltari baten aurretik; gizartearen tenkak, borrokak eta aldaketak ageri dira kronika bizi honetan. Historia handiaren gainetik, ordea, hainbat jenderen istorioak ezagutuko ditugu: Echalucetarrenak, baina baita haien ahaide, neskame, lagun eta etsaienak ere.
Baina, batez ere, ama-alaba harremanei buruzko kontakizun sakon, gogor eta hunkigarria da esku artean duzuna: lotura zail, konplexu eta mingarria, sentimendu kontrajarriz osatua, edari bizi batzuen antzera, sartzean eztarria erre eta barrena luzaroan berotuko dizuna.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Urnieta 49.2

Antxiñe Mendizabali irakurtzen diodan lehenengo idazlana da eta, egia esan, gustora irakurri dut. Ondo idatzita, ondo egituratuta, hasieran eskaintzen duen izen-zerrenda ez dakit ba oso baliagarri gertatu ote zaidan. Pertsonaia asko dago eleberrian baina ez da seinale ona izaten halako makulu lagungarririk txertatu behar izatea. Pertsonaia nagusiak (Matilde, esate baterako) psikologikoki ondo landuta daude, ezagutu izanaren ustea niregan uzteraino.
Oroimen historikoaren ikuspegitik, fikzio estandar bat eskaintzeko bada ere, oso lan egokia da, oso sinesgarria, baina aitortu behar dut luze ibilia naizela oroimen historikoko gaietan eta, ade horretatik, berritasun gutxikoa gertatu zain. Hori ez da, baina, obraren arazoa…
Belaunaldi eta izaeren arteko talka hori oso modu sinesgarrian azaltzen du, irakurketa asegarria eginez.

Ea 83.1

        Dena bertigo abiaduran doan garai honetan, deigarria da 300 orrialdetik gorako liburu batekin topo egitea, eta are gehiago liburu hori euskaraz idatzita badago.
        Egileak bi zutabe erabili ditu: Batean, hemeroteka lan izugarri batekin, Iruñeko historia kontatzen du, funtsean, gerra zibiletik hasi eta orain artekoa. Bestean, hiri horretan eta urte horietan bertan sortutako eta garatutako familia baten istorioa kontatzen du. Dataren arabera sailkatzen ditu obra zatitzen duten kapituluak, eta benetako gertakarien data horietara egokitzen ditu familia-gertaerak. Batzuetan, familia-gorabeherak benetako gertaerekin gurutzatzen dira, familia-izaera horren benetakotasunaren balioa handituz. Bere belaunaldien erritmoan, pixkanaka, aldatzen ari den eskuineko familia baten gainbeheraren argazkia erakusten digu.
        Kontzentrazio-lan handia eskatzen digu, bertatik desfilatzen duten pertsonaien kopuru handia dela eta.
        Baliteke azken kapituluan jartzen duenetik asko soberan egotea, irakurleak ondorioztatu beharreko estimazioak baitira, nire ustez.
        Memoria kolektiboa freskatzen digu eta, aldi berean, kidetasun jakin batzuk nolakoak izan behar ez duten iradoki ere bai.

Bilbo 54.3

Liburu erraldoi batekin agertu da Antxiñe Mendizabal editorea helduentzako euskal narratibagintzara. Iruñeko familia baten historia kontatzen digu Gerra Zibiletik hasita, baita euren inguru zabalekoen historia ere, emakumeak erdigunean agerraraziz. Matilde ama eta Teresa alaba dira protagonista nagusiak, leku txiki bat utzita liburuan Amaia bilobarentzat.

Oso azkar irakurtzen da eleberri hau eta inoiz ez da itzaltzen interesa. Aitztik, etengabe igotzen ari da. Arazo bakarra, niretzat, hainbeste pertsonaia liburuan agertzea izan da. Izan ere, askotan jo behar izan dut hasierako orrietako direktoriora gogoratzeko zein zen aipatzen ari zen pertsonaia hori.

Hizkuntzaren aldetik, oso euskara ederrean idatzita dagoela esan behar dut, erderismorik gabe. Hala ere, gaztelaniazko pasarte batzuk tartekatu dira istorioan (egunkarietako berriak, etab.), Iparraldeko irakurleak zokoratuz, beste euskal liburu batzuetan gertatu izan den bezala. Ordainean, frantsesezko pasarteren bat ere txertatu du Antxiñek, eta nire haragian sentitu dut haiek sentitu behar dutena gaztelaniazko pasarteekin topatzean.

Gauza horiek kenduta, biziki gomendatu behar dut liburu hau, 2020ko izarretakoa dena, zalantzarik gabe. Eta Antxiñek argi eta garbi jakinarazi digu jarraitu beharreko idazlea dela. Ondorioz, bere bigarren liburua irakurtzeko irrikan nago.