Izenburua: Azken etxea
Idazlea: Arantxa Urretabizkaia
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2022
Azken etxearen bila dabil protagonista, bizitzaren azken arnasaldiaren bila, azken babes-lekuaren bila. Hendaia aldeko etxe bat begiz jo, eta harekin tematu da. Ez du bizimodu arrunta izan, eta ez dira arruntak izango azken etxe hori lortzeko egingo dituen ahaleginak. Tema horretan iraganeko mamuak, adiskideak eta hautuak orainaldikoekin korapilatuko dira, elkar zelatatuko duten auzokideen giroan. «Bukatu dute zopa kaskamotzak esaten duenean ez duela ulertzen bizitza luzatzeko irrika hori, irautea helburu bakar izatea. Beste isilune bat dator segidan. Kaskagorriak esaten dio irautea bizitzea dela, iraun nahi duenak bizi nahi duela eta horrek ez duela ezer txarrik, berak luzaroan bizi nahi duela. Beltzez jantzitako emakumeak zertarako galdetzen dionean, ordea, ez du erantzunik. Eten luze baten ondoren, ahotsa harroturik erantzuten du. Bizitzeko, besterik gabe, bizitzeko.»
Aldizkariaren azken zenbakian “miraria” deritzo Arantxa Urretabizkaiak Euskarazko irakurleak sortu eta ugaritu izanari. Euskalduntzeko erabakia oso gazte hartu nuen nik eta irakurri nuen lehenengoetariko liburua “Zergatik Panpox” izan zen (Hordago 1979). Miraria deritzot neuk ere euskal idazle eta itzultzaileek egindako sormen lan izugarriari urte hauetan. Irakurleoi mundua eta fantasia zabaldu egin dizkigute eta ezinezkoa bilakatu zaigu argitaratzen den guztia irakurtzea. Neure esker ona luzatu nahi diet.
Arantxa Urretabizkaiarengandik bada gauza bat beti oso gogoko izan dudana: zein emakume zentzuduna den; alegia, herri honen bataz besteko zentzuaren zein gainetik dagoen; maiz pentsatu izan dut, bereziki elkarrizketetan entzunda, baita bere literaturan ere. ‘Azken etxea’diodan zentzutasun horren adibide ere bada, protagonistak bizitzarekiko duen jarreragatik. Adinean aurrera joan ahala ez du etsipenik azaltzen, ez behintzat ezerezean jartzen gaituen etsipenik; bizialdi berri bati heldu nahi dio, bere inguruabar berrietara egokitutakoa. Eta etsipen horretan amildu diren edo amiltzear diren gainerako protagonistak atzean utziko ditu; amarruz eta mozorroz bada ere aurrera egingo du bere estrategian, azala eta nortasuna aldatu, bere burua amaieraren etsipenaldi horretara amiltzen utzi gabe. Bizialdi berrirako bere etxea prestatuko du, oroiminez agurtuko ditu bere aurreko bizialdiak. Adinaren eta iragandako bizitzaren gorabeherak egokituz gure buruaren jabe garen bitartean bizi, senez, zentzuz, kontzientziaz, bizitzak bihotzean utzi dizkion koskak ahaztu gabe, bizialdi berriak dakarzkion arrisku berriei erne, beti ere erne…
Goza ezazue lerroz lerro, inspektoreak bezala etxeko leihotik begira…
Zahartzaroaren urteei buruzko eleberri bat da Arantxa Urretabizkaiak aurkezten diguna. Hasmenta-hasmentatik azaltzen ditu oinarrizko pertsonaiak eta protagonista. Baina narrazioa aitzina joan ahala, idazleak zenbait errezel, bata bertzearen ondotik, biltzen ditu eta ezusteko ikuspena agerian uzten du, irakurlearen jakin mina bizturik eustea erdietsiz, protagonistaren inguruan misterio gandu bat hedatuz eta haren jomuga azalduz. Eleberriak ez du elkarrizketarik, baina horrek ez du trabarik egiten narrazioaz gozatzeko, Arantxaren maisutasunari esker. Dena narratzaile orojakile batek kontatzen du. Zenbait pertsonaietan iduritu zait ikustea Lucio Urtubiaren edo William Irishen Rear Window eleberriko protagonistaren bizipenen zantzuak. Beraz eleberri interesgarria da, irakurterraza, agian akabaila indartsuago bat merezi lukeena, baina erabat gomendagarria.
Oso interesgarria da Arantxa Urretabizkaiaren azken liburua.
Hego Amerikan eta Parisen denbora luzean bizi ondoren, azken etxea erostea erabaki du emakume batek Hendaian. Etxea erosi eta konpondu arte gertatzen zaiona da eleberriaren argumentua, iraganeko oroitzapen ugarirekin tartekatuta.
Eleberriaren erritmoa nahiko motela da, eta batzuetan orriz aldatzeko gogoa izan dut, istorioan zer gertatuko zen jakiteko irrikan. Hala ere, argumentua, oro har, oso interesgarria iruditu zait.
Arantxak erabiltzen duen euskara, beti bezala, bikaina da, liburuaz gozatzeko beste motibo bat.
Beraz, oso liburu gomendagarria da Arantza Urretabizkaiaren hau, bere beste guztiak bezala.
Ez da irakurtzen dudan Arantxa Urretabizkaiaren lehen liburua. ‘Zergatik Panpox?’ izenekoarekin deskubritu nuen, emakume bat protagonista duen euskaraz idatzitako lehen liburua. Gero ‘Saturno’ ‘Koaderno gorria’ eta ‘3 Maria’ etorri ziren. Bere idazkera sinple eta lasaia eta metafora askorik gabeko estilo sinplea gustatzen zaizkit.
Arantxa Urretabizkaiak emakumeei protagonismoa emateko tradizioarekin jarraitzen du ‘Azken etxea’ lanean. Ezaguna da emakumeekin duen engaiamendua: “Ni feminista naiz. Agian bizitza osoan izango nintzen, baina kontzienteki 50 urtez behintzat bai.” (111 Aldizkaria 18 ZBK)Izenburua gorabehera, testu hau ez da zahartzaroari buruzko liburua. Berak elkarrizketa batean esan duen bezala, “zahar guztiak ez dira berdinak, gazte guztiak berdinak ez diren bezalaxe”.
Protagonistari Hendaiako etxe bat gustatzen zaio, eta harekin tematzen da. Esan bezala, hor eman nahi du bere bizitzaren azken arnasaldia, baina etxea lortzeko ahaleginak ez dira arruntak izango.
Harritu egin nau, eta adinekoen egoitzei buruz egiten duen deskribapenarekin identifikatzen naiz. “Ez da tristura, ezereza baizik. Besterik gabe, ahaztu egi zaie nortzuk diren, ez ordea, nortzuk ziren”, 96. orrialdean.
Argentina, Bordele, Paris eta Hendaia artean gertatzen den istorio hau entretenigarria da, batzuetan dibertigarria eta oso ondo kontatuta dago. Hondarribiko idazleak ez du inoiz hutsik egiten.