Axola ez duenean

3

Izenburua: Axola ez duenean
Idazlea: Aritz Gorrotxategi
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2009

Irenek helduleku gutxi dauzka: lan egiten duen liburu-denda, oroitzapenak eta animaliekin dituen ametsak. Eta pertsonaia-galeria berezi eta erakargarria osatzen duten bere lagunak: Claudio, literatur ortodoxoa; Bruno, isiltasunaren abarora bildu nahi duen idazlea; eta Morasán, ibaiko hondakinak biltzen dituen filosofo heraklitoarra. Gutxiago da, ordea, Kronskyri buruz dakiguna.

Demagun Ana Kareninak Vronsky kondea bezainbeste maite zaituztela. Eta zuk ezagutzen duzu Kronsky izeneko agure bakarti bat, zure etxebizitza berean bizi dena. Errusiatik etorri omen zen gerra amaitzean, eta inork irakurtzen ez dituen botila mezudunak jaurtitzen ditu ibaira. Irenek beldurra die trenei, eta senarra galdu duenetik, hauskor antzean dabil. Tolstoiren eskutik, hain zuzen, harreman bitxia sortuko da Irene eta Kronskyren artean, bien bakardadea eta zauriak leuntzen lagungarri izango dena.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Burlata 17.1

Epel utzi nau. Liburu honetan, literaturaz mintzatzeaz gain (autore asko eta aipamen literario pila bat agertzen baitira) filosofiaz, metafisikaz eta musikaz ere mintzatzen da. Bistan dago Aritz Gorrotxategik lan gogorra egin duela liburu hau idazteko. Hau esan eta gero, nire buruan sortutako inpresioei buruz idatziko dut.
Irakurterraza da, kontatzen duena ulertzen da baina liburu grisa iruditu zait, nolabait esateko: gorabehera barik. Ireneren istorioa gutako edozeinena da eta bere zulotik ateratzeko egiten dituen saiakerak edozein lagunek egiten dituenen berdinak dira. Kontakizun oso arrunta, emoziorik gabe agertzen da nire begien aurrean. edo emoziorik baldin badago (nik ez dut sumatu) ez dira barruraino iristen. Irenerekin batera, pertsonaia gehiago (eta gehiegi nire ustez) agertzen dira, oso azaletik ikusiak; haietako bat edo bi kenduta, beste guztiak gailentasunik gabeko pertsonaiak dira.
Zertarako irakurtzen dugu? Zer bilatzen dugu eleberri bat irakurtzen dugunean?
Gure harmena ez da beti berdina. Agian ez dut liburu hau nire unerik egokienean irakurri. Auskalo!

Lesaka 30.1

Ikaragarri gustatu zait Aritz Gorrotxategi.
Haria: Irene da protagonista nagusia: alargundu berria, oroitzapenen zamapean itoa, nora ez dakiela. Bere baitan bizi duen bakar-dantza hori kontatu nahi digu autoreak, nahiz eta ez den emakumearen bihotzeraino iristen, nire irudikoz. Baina, plaza horretan, (tangoa eta erdarazko leku izenen artean) bertzelako ‘dantzari’ franko ere ageri da, bakoitza bera bere egunerokora dantzan: Kronsky agurea, bizitzak gogor egurtutakoa, halere benetakoaren bila dabilena: “mina zatitzen saiatzen gara, nork bere arrazoietan heldulekua topatzeko”. Claudio ere protagonista da, eskola zaharreko liburu-dendaria hau, denbora geldiarazi nahirik, ezin, haserre, eta literatura eta liburuaren artekoa bereizi asmotan. Eta Morasan, Heraklito filosofoaren jarraitzaile zintzoa, “dena da mugitzen eta ezerk ez du irauten”; ipurterre ederra da Morasan bera ere…
Irene protagonista eta bertzeak, denak dira protagonistak tramaren korapiloan.
Istorioak berak ez du emozio handirik. Isil isilik doa, kasik anonimatoan, egunerokotasun ‘tristean’ hankak errestan. Txikia da eszenatokia eta txikiak protagonistak, ez da espektakulurik, ez gertaera harrigarririk, pasioz betetako maitasunik ere ez da.
Agian horregatik edo? Harrapatu egin nau, lasai eta gustura sentiarazi, eta identifikatua sentitu naiz ni neu, gizon-emakume hezur-mamidunen artean, neure gisakoak, distirarik gabeak, grisak, kontraesankorrak, ‘egunerokoak’.
Tramak ez du dramarik. Baina bai hainbat apunte literario eta filosofiko, guztiz aberatsak eta aberasgarriak, hausnarketarako gonbite umilak: Heraklito eta bere Panta rei, Eskiloa eta dortoka, eta Tolstoiren zitak, Kronsky-Vronsky-Ana Karenina, eta Espindola (egiazkoa? nik zer dakit, “Superviviré en una tierra afuera” dioela), eta Onetti eta tangoen letrak “viejo fueye desinflado” (Gardel) eta bandoneoi soinua…
Hizketa, Euskara: Erabiltzen duen hizketa erritmoa egokia iruditu zait. Filosofia eta literatura, aipamen eta zitak sartzen ditu, baina ez zaitu hitz jariotan itoko, ez. Tarteka marteka sartzen ditu zitak, kontatu nahi duen hari nagusiari ongi datorkionean, ilarrak arto-tartean, keinuak, eta aipamenak ere laburrak, zitak, zirtak, han-hemenka.
Eta aipamen hori, pentsamendua, hausnarketa txit hori, bere hitz propioz azalduko dizu, baserritar batek bertze bati kontatuko liokeen modura, patxadaz, bere hitzetan, berak ber-elaboratuak (bir-sortuak, sormen lana ikuten dut hor, bir-sortzean), eta ezpal ederreko euskaran. Edo hala iruditu zait. “Panta rei, hartu eta utzi, datorren bezala”. Pentsamendu aberatsak, zehatz helaraziak, giro egokian eta hitz propioz. Guttitan.
(Nahiz eta tarteka, oso tarteka bada ere, agerian den erdarak erabat estaltzen gaituela eta kolonizatzen: “ez da egon zorterik”, “jarri ninduen pistaren gainean”…).
Nire sentsazioa ari naiz kontatzen. Nik ere ez dakit bereizten literaturaren eta edozein libururen arteko aldea. Sentsazioak dira, usteak.
Bertze bat, bertze bat!!

Zarautz

Aurreneko aldiz irakurri dut Gorrotxategiren liburu bat eta sorpresa ederra hartu dut. Liluragarria da Ireneren istorioa eta idazleak abildade ikaragarria dauka pertsonaiaren barru-barruan sartzeko. Nobela psikologotik ere badu, eta oso ondo adierazten ditu emakumearen sentimenduak, bere zalantza eta minak. Eta Irenerekin batera, sekulako pertsoania galeria oparoa dago, bakoitza bere istorio bereziarekin. Denak ere literatura lagun. Nobela bikain lotua dago, eta keinuz betea: Tolstoi, Onetti… Literaturaren pasioa transmitizen dakien nobela da. Eta gozatu egin dut horrekin. Baita darabilen prosarekin. Elegantea, distiratsua eta freskoa, begietatik irristatzen da errazkerian eta lehorkerian erori gabe. Dudarik gabe, sorpresa handia izan da libru hau. Kontamolde propioa du Gorrotxatetik eta gutxitan irakurri ditut horrelako nobelak gurean, guztiz kateatu nau. Eta egia esan, gose ere geratu naiz. Gustura jarriatuko nukeen La Torreko kontuekin. Espero dezagun jarraipena izan dezala.