Izenburua: Zer egingo dugu orain opariekin?
Idazlea: Aritz Gorrotxategi
Argitaletxea: Algaida
Urtea: 2017
Krisi ekonomikoa, langabezia, ustelkeria, kontzientzia arazoak, giza harremanen krisia, denboraren herdoila edota belaunaldien arteko etena dituzte ardatz bilduma honetako ipuinek. Irakurleak begien aurrean ikusiko duen errealitatea grisa da, ziztrina, batzuetan itxura onekoa, baina ia beti doilorra. Gure errealitatea, hemengoa eta oraingoa. Egileak idazkera argi, minimalista, ironiko eta kritikoaren aldeko apustua egin du, eta, kontraesana dirudien arren, ipuinak “pesimismo irribarretsu” halako batez blaituak daude. Festa zapuztu eta argiak itzaltzen direnean, opariak pinuaren oinean geratuko dira, eta guk gezur bati hauspoa ematen jarrai dezakegu. Akaso, galdera ez da hainbeste norengatik edo zerengatik egiten dugun, gure erabakien ondorioak jasateko adina indar izango ote dugun baizik.
Gaur egungo jendearen egoera errealak, edo pentsamenduak, aurkitzen ditugu bederatzi ipuinez osatutako liburuan. Bai egoerak bai pentsamenduak batzuetan muturrera eramaten dira. Inoiz esan liteke paranoiadun eldarnioa sufritzen dutela pertsonaiek. Eta beste aldi batzuetan, norbera ikusten da bai zuzenki zein lerroen artean islaturik. Bere erroen, kontsumo-gizartearen eta erlijioaren biktima bihurtu den Olentzero; bere pertsonaiek bere apetara zerabilten gidoilaria eta efektu bumeranagatik bere nagusientzat txotxongilo itzultzen dena; non jartzen dugu gurasoen gehiegizko babesa aitona-amonei dagokienez bere seme-alabei buruz banantzen duen lerroa? Eta alderantziz denean? Sentitzen duena edo audientziaren belarriek entzun nahi dutena esateko tesituraren aurrean aurkitzen den bertsolaria; ezpataren eta hormaren artean jartzen duten andereñoa … irakurketa errazeko ipuinak denak. Irakurleak nahi badu, opariak aurki ditzake kontaketa guztietan. Halako perspektibarekin begiratzea da kontua. Olentzerorenak, krisia, txakurraren haginkada, umeak (bikiak badira, bikoitza), bertsoak, puta-seme jaiotzea, bizitza, azterketa bat gainditzea… nondik edo handik, guztiak opariak dira. Opari hauek kudeatzeko modua da desberdin egiten gaituena.