Izenburua: Ahazten ez diren gauzak
Idazlea: Aritz Gorrotxategi
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2018
Galdera da: nork aukeratzen ditu gogora ekarri nahi ditugun memoria puskak? Zergatik pilatzen dira pasarte batzuk eta gainerakoak galdu? Pentsatzen jarrita, dibertigarria da gure memoria kudeatzen duen gorputz burokratiko oso bat irudikatzea, bere mezulari eta kontseilari propioekin, galeriaz galeria denak, oroitzapen bihurri baten bila.
Badirudi, ordea, memoria kontuetan ezer ez dela menturaz gertatzen. Beraz, gu geu gara gogoratzen dugunaren eta ez dugunaren erantzule. Bitxia da onartzea: geu gara gure memoriaren arduradun bakarrak.
Balekoa da Aritz Gorrotxategiren azken liburu hau. Bederatzi ipuinek osatzen dute liburua eta denak irakurgarriak dira. Haietako bi, “Guztiok anaiak gara” eta “Gorroto haut”, alegia, oso onak iruditu zaizkit.
Azkar eta erraz irakurtzen da liburua eta zapore ona uzten du amaierak. Ezin da artelantzat hartu, hori ez delako, baina balekoa da une onak pasatzeko irakurtzen.
Beraz, gomendagarria da liburu hau.
Egia esan, ez nuen ezagutzen Aritz Gorrotxategiren obra, eta ipuin liburu hau ezusteko atsegina izan da niretzat. Ongi aukeratutako ipuin selekzio bat da, horietako batzuk sarituak izan direnak. Denetan sentsibilitate berezi batek gidatzen du kontakizuna, bereziki “Senza te” emozionalean. Badira bi ipuin politikoagoak EH-ko berunezko urteak dotoreziaz ukitzen dituztenak, eta bada azkena, “Bada hor norbait”, amaiera oso potentea duena. Dena den, beharbada narrazio osatuena, egilearen bertute guztiak erakusten dituena, liburuari izena ematen diona litzateke. Orokorrean, deskubrimendu bat.