Itzalen distira

2

Izenburua: Itzalen distira
Idazlea: Arrate Egaña
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2022

Oroitzapen gogaikarri bat atzean uzteko beharra duen preso ohia. Aitaren hileta-elizkizuna fede-krisi betean dagoen apaizaren esku utzi nahi duen andre ateoa. Leihotik ikusten duen neskatxa batenganako obsesioak jotako atsoa. Ehiztariek utzitako hondakinak garbitzeko ardura hartu duen neska parea. Iktus bat izan ostean azkenekoa izan litekeen bidaia aspergarria abiatu duen emakumea. Irakasle ohi batekin topo egitean nerabezaroko maitasun-istorio bat berpizten zaion gaztea. Fikzio-adikzioak pasadizo ero batean murgildu duen emakumea. Ezusteko albiste ilun batek argira daramatzan hiru andre.
Ipuinen protagonistek, harrapatuta dauzkaten egoera tragikomikoetatik abiatuta, aurre egin beharko diete obsesioari, ihes egiten dien denborari, heriotzari edota sakrifizioari. Arrotza zaiguna ulertzeko aukera emango digu Arrate Egañaren bilduma honek.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Oso liburu ona Arrate Egañaren azkena. Zortzi ipuinek osatzen dute liburua eta den-denak oso onak dira. Asko gozatu dut irakurketarekin eta ez dut nahi izan bi ipuin baino gehiago irakurri egunero, ondo hausnartu ahal izateko ipuin bakoitzari buruz, horiek irakurri eta gero.

Oso ondo idatzita dago liburua eta, horregatik, irrikan nengoen eguneko ipuina irakurtzeko. Hori eginda, zapore onarekin geratu naiz beti.

Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau.

Gasteiz 9.5

Zortzi ipuinek osatzen dute Arrate Agañaren azken liburua. Denak oso desberdinak dira, ez baitago haien artean hari eroalerik. Gehien gustatu zaizkidanak azken hirurak dira. Gutxien gustatu zaidana ‘Marquez’ izenekoa izan da, ez bainaiz haren esentzia atzematera iritsi. Agian pertsonaia gehiegi zeuden.

‘Ordezkoaren teoria’ bigarren ipuina gustuko izan dut bere ukitu misteriotsuagatik. Hirugarrena, ‘Norena da ohe hau?’ atsegin izan dut elizako diruarekin gustua duela salatzen duelako. Eta 41. orrialdean emakumeak parrokietan bizi duen egoera salatzen da: “Emakumeak eliza garbitzen, mezatako abestiak entseatzen edo katekesiak ematen baizik ez zituzten ikusten”. Laugarrenean, ‘Nigan bizi den beste hori’ izenekoan, adineko pertsonentzat antolatutako bidaiak kritikatzen ditu idazleak, deinosauroak deitzen dienak, eta gizonezko batzuen jarrera, Gustaborena kasu, emakumeei lezioak ematen saiatzearren, haiek askoz gehiago dakitelako.

Nire gustukoena ‘Lolitaren ama’ da, ipuin horretan ezer ez baita dirudiena. Aireportuan hasi eta amaitzen da bikote homosexual bat Turkiara doan hegazkin bat hartzera doanean. Pertsonaia nagusiak Marina Kintana bere antzinako literatura irakaslearekin topo egiten du. Hori erabiltzen du idazleak flashback teknikaren bidez institutuan gertatutakoa Kintanari, Oierri eta Larouxi, bere maitasun platonikoari, kontatzeko.

Aldi berean, ‘Destino Final’ ere nabarmenduko nuke, non idazleak adikzio batekin nola amaitu kontatzeko ia paragrafo bakoitzean film edo telesail baten izenburua edo pertsonaia nagusiak erabiltzen dituen. Bere kultura zinematografikoa miresten dut, nahiz eta Ingman Berman, Lars Von Triar eta Dave Lynch-ekiko zaketasunarekin soilik bat etorri. Azkenik, harritu egin naute ‘Mercy eman’ ipuinaren tonu ironikoak eta ezusteko amaierak.

Oso erraz irakurtzen den testua da; izan ere, Errenteriako egileak oso hizkera erraza eta batere konplexuak ez diren egiturak erabiltzen ditu. Mota guztietako irakurleentzat da gomendagarria, batez ere zinemazale eta bibliofiloentzat.