Gezurra odoletan

2

Izenburua: Gezurra odoletan
Idazlea: Asel Luzarraga
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2011

Internet bidez ezagutu duen Vero gaztearekin elkartzera joan da Jon Euskal Herritik Temukora. Oharkabean ia, neskaren lagun anarkisten bidez, maputxeek beren lurraren alde daramaten borrokan nahasten joango da eta, xalotasunez, blog batean idatziko ditu bere zalantza, irudipen eta kezka guztiak. Ez da konturatzen Txileko botereak bere inguruan anbizioaren eta errepresioaren amarauna josten daudela eta, erortzean, haren gezurrak ere jausiko direla.
Asel Luzarragak 2009an Txilen pairatu zuen polizia-muntaiaren arrasto nabaria dauka nobela honek, mamian eta azalean. Orduan pairatu zituen gezurrek bultzatu dute idazlea pertsonaia hauen egia idaztera.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Las Karreras

Sarreran Bakuninn eta Ghandiren hitzek dioten bezalaxe, ezer ez dela galtzen erakutsiz, Luzarragak bere ekarpen interesgarria egin du Maputxe herriak Txilen duen borroka latza islatzerakoan. Jazarpena, nola ez, demokraziaren izenean egiten da. Txileko gobernuak garatzen duen amaraunean gatibu geratuko da protagonista idazlea eta kazetaria, bere lagun maputxeekin.
Liburuan ahots narratibo desberdinak entzuten dira, oso ondo kokatuak liburuan barna. Berezietako bat, fiskalarena. Gizon horrek militante herritarren aurka edozein gehiegikeria egin dezakeen bitartean,behin eta berriz saiatzen da bere semearen iritziak zuzentzen, bere aurrean lotsagarri ez geratzeko. Ez du lortuko. Semeak, azkenean, gorrotoaren bidea hartuko du.
Ziurtasunaren aitzakiarekin oso garbi dakusagu estatuarentzat denak balio duela. Zalantza barik, horretarako ohikoa denez, prestatutako satorrak (liburuan “sapoak”) segada errepresibora eramango ditu militante gazteak. Baina kasu honetan kalte izugarriak eginez harrapakaria bera harrapatuta geratuko da.
Liburu gomendagarri honetan, amodioak ere bere leku garrantzitsua du. Hasieratik bertatik islatuko du idazleak neurtzen ez dakigun fenomeno horrek zer nolako garrantzia duen bizitzan.

Bilbo 54.3

Gero ta sarriago agertzen ari da Asel Luzarraga euskal literaturara. Orain ekarri digun liburuak idazleak Txilen jasandakoa du iturburu. Izan ere, Aselek poliziaren muntai bat jasan behar izan zuen, eta hortik abiatuta maputxeen borroka ere kontatzen digu. Hala ere, idazkera ez da batere erraza izan. Narratzaile askoren bidez kontatzen da istorioa eta horrek asko zailtzen du irakurketa. Baita txiletarrek eta maputxeek erabiltzen dituzten esamoldeak erabiltzea ere. Asko kostatu zait liburuak ni harrapatzea, baina eleberriaren erditik aurrera guztiz harrapatu nau. Aspergarria iruditzen ari zitzaidana, labur egin zait amaieran. Beraz, gomendatzekoa da liburu hau, baina atentzio osoa eskatzen du, bestela ezin da gozatu irakurketaz.