Zortzigarren Hiria

1

Izenburua: Zortzigarren Hiria
Idazlea: Asel Luzarraga
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2024

Zortzigarren Hiria aintzat hartzen hasi da Eleder, eta horrek ez dauka atzera bueltarik, onerako zein txarrerako. Baina, nor ote Eleder hura? Historiak ahaztu duen berba aldakorren poeta, kobazulo mistikoko ziberprofeta, hiriaren bihotzaren irakurle eta interpretea, ondoriorik gabeko iraultza txikien itsasargia, pazientzia handiaren jazarlea, zazpi goseteen garailea, Barrio Altoko parkeko zuhaitzik zabalenaren gerizpeko predikaria… Finean, bere hitzaren bidez argikundea hedatu nahi duen abere hutsa. Bitartean, auzo ahaztuan zerbait prestatzeari ekin diote: auzokide berriak iritsi dira, geratzeko asmoz eta auzoari bizia emateko borondate osoz, eta ez Zortzigarren Hiriko denen gusturako.

Eleberri hau Simun Palsu fikziozko idazlearen trilogiako pieza bat da, gure eskuetara iristen den bigarrena, Esan gabe doa eleberriaren atzetik. Asel Luzarragak ohi duen umorea inoiz baino gehiago zukutuz, Sakau herrialdean iraultza piztu aurreko garaira garamatza, elkartzera kondenatuta dauden bi istorio tartekatuz.

Subscribe
Notify of
guest

1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Gasteiz 9.5

Asel Luzarragaren eleberri hau irakurtzea dezente kostatu zait, hasieran batez ere. Hau ez zitzaidan gertatu bere aurreko liburuekin, tirada batez irakurri bainituen, bereziki ‘Bahiketa’, ‘Esan gabe doa’, ‘Lurrean hasiak’ edo ‘Utopiaren itzalak’. Agian, oso zaila egiten zitzaidalako protagonistarekin identifikatzea, Eleder profeta mistikoaren. Baina orrialdeak pasatu ahala, bere historian sartzen joan nintzen.

Gehien gustatu zaidana liburuaren tonu errebindikatibo eta solidarioa da, idazle honen testu guztietan gertatu ohi den bezala. Bankuei egiten dizkien kritikak azpimarratuko nituzke, espekulatzaileak direlako, eta farmazia industriari, eragiten duen kalteagatik. Eta, jakina, sare sozialei buruz duen iritzia. Pertsonaia nagusiaren irakurketak ere harritu nau: Herman Hesseren ‘Siddharta’ eta Nietzscheren ‘Honela mintzatu zen Zaratrusta.

Gainera, Bilboko egilea irakaslea izan dela nabari da, irakasleek gurasoekin dituzten bilerak eta irakasleen aurka batzuetan egiten diren bidegabekeriak ezin hobeto deskribatzen baititu.

Estiloari dagokionez, esan liteke ez dela konplikatua, nahiz eta hiztegi zehatza erabiltzen duen.

Azken batean, liburuaren alderdi positiboa eta negatiboa kontuan hartuta, Zortzigarren Hirira denbora batez bizitzera joateko gai izango nintzatekeela uste dut.