Eskuetan mapak

6

Izenburua: Eskuetan mapak
Idazlea: Asier Serrano
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2007

Roka ero putak aitaren eskopetarekin bere buruari tiroa eman zionean hasi zen dena”. Hitz horiexekin ekiten dio egileak liburu honen korapiloari, izan ere, liburuaren protagonista nagusi den Aitorren eskuetako mapetan suz markatuta geratuko den gertakizuna da Roka lagunaren suizidioa. Hortik aurrera, Aitor eta haren lagunek osatuko duten Zuloan musika taldeko ibilbide kolektibo eta pertsonalaren bidezidorrak etengabe gurutzatuko dira 90. hamarkada osoan zehar. Aitorri gertatu bezala, taldeko kide bakoitzaren mapa markatuta geratuko da laguntasuna, amodioa zein drogagatik. Hala, bada, zulo batetik bestera ibiliko dira, ihesean, guztiek desiratzen duten zoriontasuna lortzen lagunduko liekeen maparen bila.

Subscribe
Notify of
guest

6 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Gasteiz 9.11

Liburu interesgarria iruditu zait. Freskoa, duela pare bat hamarkada zegoen giroa kontatzen duena. Baliabide ezberdinak erabiltzen ditu puzzlearen piezak osatzeko: kontaketa kronologikoa, beste letra mota batean orainaldia, azken kapituluan agertzen diren eskutitzak (falta ziren detaile batzuk argitzen dituztenak), eta abar. Jeloskortasuna eta maitasuna uztartzen ditu liburuan zehar. Gustura irakurtzen da. Hala ere, edo nik zerbait galdu dut irakurketan edo piezak ez dira ondo egokitzen: Aitorren istripua Keparen hiletaren ostean gertatzen da, baina Kepa besteekin batera agertzen da liburu amaieran, dagoeneko Aitor elbarri dagoelarik.

Bilbo 54.1

90eko hamarkada islatzen du oraina eta iragana nahasten dituen liburu honek. Asier Serranok erabiltzen duen estilo zuzenak eta errealistak benetako biografia dela pentsarazten digu. Garai hartako giroa, aipatzen diren musika taldeak, egoera politikoa…, ezagutu ditugunok geure burua identifikatuta ikus dezakegu liburuan. Zulo batean bizi dira, ‘Zuloan’ du euren musika taldeak eta zulotik ateratzeko irtenbide baten bila dabiltza.

Oñati 45.1

Oso ona iruditzen zait, fashback-ak (historioa saltoka kontatzea) ondo uztartzen dituelako. Badakit ez dela oso originala, baina liburu batean ondo egitea eta gauza ugari kontatzea idatzita egon gabe asmatzea nahiko zaila da. Eta kasu honetan Asierrek abilezia handia erakutsi du. Kasu hauetan beti gelditzen dira ari mutur batzuk airean, eta hori sahiestearren, nobelaren bukaeran gutun mordoxka bat sartzen du. Era berean, 90eko hamarkadari errepaso polita ematen dio. Urte haietan benetan pasa ziren istorioak, denok dakizkigunak, asmatutako pasarteekin uztartzen ditu . Arlo honetan gehientsuenean nire ustetan ongi nahasiak daude historia balizko zentzu bat emanez. Salvador Puch Antic sartzen duen arte. Bertan kao utzi ninduen. Bertan sortzen den korapiloa Puch Antic-en, familia eta lagunena, nire gusturako oso fantastikoa da.

Arantza 13.1

Nobelazalea naiz eta istorio hau ere gustatu zait, irakurtzeko arina da. 90. hamarkadako gizartearen zati bateko momentuak biltzen ditu, Rokaren suizidiotik abiatuta. Maitasuna, laguntasuna, droga, inbidia, gazte izatearen kontuak, musika, kontraesanak, kontu zikinak… Alor aunitz lantzen ditu liburuak. Naturaltasuna eta arintasuna dira liburutik azpimarratuko nituzkeen bi ezaugarri, naturaltasuna gauza aunitz azaltzerako orduan, eta arintasuna, irakurtzerako momentuan batez ere. Europan barna egiten duten ibilbidean herriz-herri egiten da kontakizuna, urtez urte banatuta gainera, zenbaitetan egunez egun, letra tipo desberdinak eta azken aldera, eskutitzak heldu direnez, horrek azkartasuna ematen dio liburuari irakurtzerakoan.

Amasa-Villabona 1.2

“Zuloan” rock taldearen historia kontatzen da honakoan; berau osatzen duten lau gazte eibartarren historia hain zuzen. Drogak dira, neurri handi batean behintzat, gazte hauen bizitzen oinarrian dagoena. Ez zait gehiegi gustatu. Tarteka gustura irakurtzen nuen bezala, bestetan istorioa(k) behartua(k) bezala somatzen n(it)uen.

Irun 67.1

Ez neukan Asier Serranoren libururik irakurrita (bere musikari lana bai ezagutzen nuen) eta agian hasierako garai horiek oroimen politak ekarri dizkidatelako gustura irakurri dut, nahiz eta tristea izan.