Izenburua: Berriro igo nauzu. Hamaika poetika labur
Idazleak: Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso eta Pello Otxoteko
Argitaletxea: Balea Zuria
Urtea: 2022
2008ko azaroan egin ziren Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak lehenengoz, eta, horrekin batera, lau poeta antolatzaileek manifestu bat plazaratu zuten poesia eta pentsamendua gaiak ardatz hartuta. Geroztik, hamar manifestu gehiago kaleratu zituzten jardunaldien harira, hamaikara heldu arte. Zifra borobila euskaraz. Hamaika. Manifestu bakoitzarentzat Imanol Larrinaga margolari durangarrak margo bat egin zuen, eta jardunaldien kartelen irudiak ere berarenak dira. Jardunaldien 15. urteurrena baliatuz, oroigarri modura, liburu batean bildu dituzte manifestu guztiak elebitan, euskaraz zein gazteleraz. Testu horietan hainbat kezka eta gogoeta daude, unibertsalak zein gaurkoagoak, baina erdigune nagusi bat dute: poesia. Poesia hitzen bitartez gorpuzten da, eta hitzek, beren bidea eginez, berarekin daramate poesia, erreka erdiko harkaitzak joz, baina, era berean, haiek bigunduz eta moldatuz. Poesia mundua moldatzen duen ura da, edo munduan bizi direnen azal eta hazpegiak itxuratzen dituen esku irekia, geure baitako iluntasuna arakatzen laguntzen digun zentzumena.