Izenburua: Gizaki bakartiak
Idazlea: Beatrice Urruspil
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2010
Liburu honetan, bakardadearen hainbat aurpegi hamahiru ipuinetan kontatuak zaizkigu. Arkaitz, Katixa, Leila, Firula, Markotx, Gabriel, Luana… Pertsonaia guziak bakardadean bizi dira, gizarte gupidagabean. Bakartasuna hautua izan daiteke; baina, anitzetan, sufrikarioa da, batez ere besteengandik desberdinak baldin badira, eta horregatik baztertuak. Ez eritzeko, ez erotzeko, ez hiltzeko, abereengana hurbiltzen dira maiz; horrela, une batez, beste gizakiekin ez direla bizi ahanzten dute. Batzuetan, berantegi izan baino lehen, norbaitek eskua luzatzen die; eta, orduan, bizi berria has dezakete…
Liburu bikaina!!! Idazlearen mundua oso aberatsa eta originala iruditu zait. Estiloari dagokionez, esan nezake sintetikoa eta minimalista dela, atsegina irakurtzeko.
Duela zenbait hilabete, ipuin liburu hau erosi nuen Iparraldean egiten den literatura ezagutzeko asmoz. Hasiberria den autoreak estiloa gehiago zaindu zezakeela pentsatzen badut ere, uste dut puntu interesgarriak agertzen direla liburu honetan. Lehenik, esan daiteke bakardadeak izan ditzakeen kausa-efektuak ondo erakutsiak direla. Liburu sakona da, idazleak protagonisten psikologia zehazki aztertzen du, hasieratik giro intimista batean murgiltzen gaituelarik. Zenbait narrazio asko gustatu zaizkit, hala nola “Arrakatako azken hartza”, “VII. kongresu psikiatridilikoa”, “Ispiluak”, “Basamamua” eta batez ere “aspertua naiz hiltzeaz”. Azken honetan umore beltza nagusitzen da, agertzen diren sorpresek suspense giro bat sortzen dute. Hainbait narraziok fantastiko kutsu bat dute, protagonista gehienak oso bereziak dira, hala nola bigarren ipuineko ” Lola Lupotsoa”, harreman sexual bat baizik bizi izan duen sexologia ikertzailea. Beste narrazio batzuk, adibidez “Luana”, konbentzionalagoak iruditu zaizkit ( adibidez “Luana” izeneko ipuinak neska tzigana baztertu baten bizia kontzatzen digu). Lehen liburu honetan akatsak baldin badira ere, uste dut pena merezi duela autore berriaren unibertso berezia ezagutzea, bigarren liburuaren zain nago…
Gazteluma beka Iparraldeko idazle hasiberrei laguntzeko sortu zen, eta batzutan, kasu honetan bezala, asko nabaritzen da idazlea hasiberria dela. Hamahiru narrazio edo ipun ditu liburu honek eta gehienak oso ahulak dira. Irakurketa, hala ere, erosoa da, ipuinak laburrak baitira, baina ez gozagarria. Dena den, hobeto bigarren liburuari itxarotea jakiteko Beatrice Urruspilek arrakasta izango duen euskal literaturan.