Izenburua: Arkeologia haragitan
Idazlea: Beñat Arruti
Argitaletxea: Balea Zuria
Urtea: 2024
Arkeologia haragitan poema-liburuak jaso du aurtengo DK Poesia Saria. Aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator, eta trebeki uztartzen du gogoeta eta hizkuntzaren distira. Berezko erritmo eta musika darie poemei, aisa irristatzen dira irakurlearen begietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik. Leku-ez leku kontzeptua lantzen du hainbat poematan, gainbehera eta maitasuna, poesiari eta hizkuntzari buruzko kezkak… Askotariko paisai eta giroak uztartzen doa, barnekoak zein kanpokoak, naturaren ingurukoak zein urbanoak. Hizkera hanpaturik gabe egiten du aurrera, leun baina zorrotz, argitasunez, eta, aldi berean, alde ilunen arrakalak bilatuz. Honela dio liburuaren sarreran: “Arkeologo bat haragitan bailitzan, ahapez galdetzen dio poetak odol-izerdizko narru zahar bati, lur leunari ordez, ea zer ostentzen duen bere aurrizko azpietan. Hala, arrakala hertsi batetik abaildu eta begiak zarratzean datorzkio barrenean habitatzen dituenak, mintz malkar baten geroko ondasunak. Zer bilatu ez dakienaren ahalkeaz harramazkatzen ditu aintzina hondoratu baten haragizko gomutak”. Beñat Arruti Zarautzen jaio zen 1999an. EHUn burutu zituen Psikologia ikasketak, Bartzelonara “Ikerketa eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterra egitera joan aurretik. Egun, adimen urritasuna duten pertsonekin dihardu lanean, Zarauzko eguneko zentro batean. Hauxe da argitaratzen duen lehen sormen-lana.