Izenburua: Etxeak eta hilobiak
Idazlea: Bernardo Atxaga
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2019
Errealitatearen labirintoan sartu eta barrutik hitz egitea da idazlearen lana Bernardo Atxagaren ustez: “sentimentuak harrapatu eta egiak azalerazi”. Etxeak eta hilobiak sekula idatzi duen nobelarik konplexuena dela dio. Irakurleak, berriz, jauzia nozitu gabe egingo du errealismotik surrealismora, bihotza uzkurtu eta irribarre. Atxagaren azken eleberria da hau izatez baina baita desioz ere. Beste leku (literario) batzuk bisitatu nahi ditu aurrerantzean; txikiagoak neurriz baina ez sendotasunez.
Ados nago liburu honi buruzko beste zenbait iruzkinetan esaten denarekin. Berriz ere erakutsi digu Atxagak zein dohain duen kontalari moduan. Hizkuntz maila aberatsa eta poetikoa erabiliz, istorioak harilkatzen eta lotzen maisu paregabea. Lehen zatia da niri gehien gustatu zaidana, Ugarte herriko pertsonen, eta bereziki Elíasen, gora-beherak kontatzen dituena. Erdiko 2-3 zatiak ez ditut halako atseginez irakurri. Soldaduzkako bizipenak eta pertsonaia batzuen amets antzeko burutazioak ez dira nire interesekoak izan. Gogoetara naramaten eta emozioak pizten dizkidaten liburuak ditut gogoko, baina honetan, oro har, ez dut bigarren ezaugarri hori aurkitu. Laburbilduz, irakurtzeko gomendagarria den liburua, baina ni bete ez nauena.
Benetan bikaina da Atxagaren idazkera, bere poetika hori, idazten duen testu orotan apaltasunez bezainbat bikaintasunez, tolesdurarik gabe, azaltzen duena. Etxeak eta hilobiak bikaintasun horren beste adibide bat da. Irakurtze hutsak gogoaren hodei arteko lasaialdi edo astiroaldi moduko batera eramaten zaitu. Behin eta berriro irakur litezke bere liburuak errepikagarri gertatu gabe, behin eta berriro nabarmentzen baitira bere estiloaren ñabardurak.
Euskal literaturak inoiz bizi izan duen Urrezko Aroa bizi dugu azken 30 urte hauetan, besteak beste Atxagari esker, ahaztu gabe erraz aipa litekeen beste dozena pasatxo idazle. Beraz, bere azken obra hau ororen eskuetara iritsi beharrekoa da.
Esanak esan, irakurri oso gustora irakurri dut, baina, egia esateko, ez nau harrapatu, oso hasiera indartsua du baina erdiparetik aurrera atseginez baina irakur-irrikarik gabe neureganatu dut.
Horrrek, esandakoagatik, ez dio zipitzik kentzen irrakurtzeko premiari. Eleberrigintzan atseden hartuta ere, Atxagak asko eman dezake beste jakintza arlo batzuetan ere.
Gasteizko 9.5 akademiakideari ez bezala, askoz gogokoago gertatu zitzaidan Zazpi etxe Frantzian.
Liburu honen irakurketa gozamena da. Egun bateko irakurketa bukatuta, hurrengo egunean zail da atzera ez ekitea. Atxagak esana du azken nobela izango duela eta ematen du ‘lan klasiko’ bat egin nahi izan duela, bere kontagintzaren ezaugarri nagusiak biltzen dituena. Ezaugarri pare bat: pertsonaien trinkotasuna eta atmosferen indarra, hori dena ondo korritzen duen idazkera baten bidez. Errejistro desberdinak dituen idazkera, azken batean kontakizunak garai oso desberdin batzuk islatzen baititu. Garai desberdinak, saltoak atzera eta aurrera, ondo enkajatutako puzlea da ‘Etxeak eta hilobiak’.
Bernardo Atxagak bi motatako liburuak ditu: Obaban gertatzen diren istorio herrikoiagoak (‘Obabakoak’, ‘Soinujolearen semea’) eta kanpora bidaiatzen dutenak (‘Gizona bere bakardadean’, ‘Zazpi etxe Frantzian’, ‘Nevadako egunak’), eta honako liburu hau Obabako munduari dagokio. Niri pertsonalki kanpokoak gustatzen zaizkit, batez ere ‘Zazpi etxe Frantzian’ bikaina, eta irakurle askori gustatu ez zitzaiena. Ai, baina euskal literatura guztia ezin da Euskal Herriko zilborrera begira bizi eta gerra zibila, frankismoa edo ETAz haratago idatz daiteke literatura unibertsala.
Harira joanda, ez da Atxagaren libururik onena eta istorioen maila eta erakargarritasuna irregularrak dira. Halere, batzutan jenio bat dela azalarazten du, eta nahiz eta xehetasunetan luzatu, geroago ikusiko da istorioan kontatzen duen orok garrantzia duela. Elkarrizketak noizbehinka luzeegiak dira, pertsonaia poetikoagoak sortzeko agian.
Orohar, liburu egokia, azken kapituluak kenduta hobea litzatekeena.
Liburu mardula eta bikaina Bernardo Atxagaren azkena. Sei atal ditu, bakoitza besteetatik inependentea teorikoki, baina praktikan lotuta daude denak, agertzen diren pertsonaiek lotuta, hain zuzen. Izan ere, lehen atalean agertzen direnak (Luis, Martin, Elias, Eliseo, Donato, Miguel, Marta) beste atal batzuetan ere agertzen dira, eta euren bizitzen gorabeherak osatu egiten dira era horretan.
Zaila da atal bat aukeratzea, denak, bosgarrena izan ezik, bikainak direlako. Bosgarren hori “Daisy telebistan” izenburukoa lekuz kanpo dagoela iruditu zait. Ematen du Atxagak atsedena hartu behar izan duela seigarren eta azken atalari ekin baino lehen.
Bikain dago idatzita liburua, nola ez, eta arrapaladan amaitu dut irakurketa, eleberria utzi ezinik. Idazketako akatsen bat aipatzearren, erdal toponimoak erabiltzearena aipatuko nuke. Ez dakit zergatik Adour, Nive eta Dax idatzi dituen Atxagak, eta ez Aturri, Errobi eta Akize. Zeozergatik izango da, baina niri oso arraroa egin zait horiek ikustea.
Ondorioz guztiz gomendagarria da liburu hau irakurtzea eta espero dezagun Atxagak esan duena egia ez izatea, liburu hau fikziozko azkena ez izatea.
Bere liburuak irakurtzen gozatzen jarraituko ahal dugu!!!
“Soinujolearen semea” (2003) idatzi zuenetik, hau da Atxagaren eleberririk onena, nire aburuz. “Zazpi etxe Frantzian” (2009) ez zitzaidan asko gustatu eta “Nevadako egunak” ez zen nobela bat, Renon igarotako urteko egunkari bat baizik.
Testua sei atalez osatuta dago. Istorioak ezberdinak diren arren eta gertaera desberdinak jazo, pertsonaiak nagusienak -Elias, Martin eta Luis- errepikatzen dira. Begizta fin batek lotzen ditu kapitulu guztiak.
Izan ere, oso liburu borobila izkiriatu du Asteasuko idazleak. Lehenengo atala Eliasekin hasten da. 14 urteko mutila da eta mutu bihurtu da Frantzian hilabete bat pasatu eta gero, Pauen hain zuzen ere, Beau frêne ikastetxean. Dirudienez, abusu sexualak pairatu zituelako. Haren osabaren etxera joaten da bi lehengusurekin, Martin eta Luis denbora pasatzera.
Azken atalburuan, Elias, jada heldua, Tejasen bizi da. Luis Euskadiranz abiatu da bere iloba, Martinen alaba, Garazi bisitatzera, peritonitisak jota dela eta. Tejasera itzultzerakoan Eliasekin, bikiarekin elkartzen da mutil bati, Andoniri, eta familiari laguntzeko.
Bitartean, pertsonaia ezberdinak leku ezberdinetatik paseatzen dira. Hala, bigarrenean Pardoko basoan gertatzen da istorioa, eta protagonistak soldaduska egiten ari dira. Aldiz, hirugarrena eta laugarrena Iparralden. Bosgarrena Eliasek Tejasen egindako telebista saio bat da. Guztietan Atxagaren unibertsoa agertzen da: tximeletak, soinujolea, txoriak… Batzuek, bigarrenak bezala, errealismo magiko ukitua dute. Guztiak Verlaine, Bertold Brecht, eta antzeko idazleen esaldiekin apainduak.
Baina Atxaga ez da bakarrik idazle ona, baita bere garaiarekin konprometitutako pertsona ere; izan ere, testu honetan tortura bezalako egoera latzak salatzen ditu, Euskadin jazotako gertakari lazgarriak, era guztietako ikuskizuna egiten duen gizarte kapitalista eta abusu sexualak.
Atxagak, Jean-Paul Sartrek Nobel sariari uko egin zion bezala,Letren Sari Nazionala onartu ez izana nahiago nukeen, baina inor ez da perfektua. Dena dela, nobela luze gehiago ez idazteko egin duen promesa ez betetzea espero dut, horrek eleberri eder eta sakon horiek irakurtzearen plazera saihestuko ligukeelako.