Izenburua: Gaur zortzi
Idazlea: Carmen Gisasola
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2012
Andoni preso dago Kordobako espetxean. Gaur, beste hainbat gutunekin batera, ezezagunen batek bidalitako gutun luze bat jaso du. Emakume batek sinatuta dator. Gaur zortzi, gutuna idazten duen emakume horren alabak ihes egin du organizazio armatu batean militatzeko. Andreak luze kontatzen dio gutunean zehar organizazio horretan militatzen duen preso horri beraren eta alabaren arteko harremana, konpromiso politikoari konpromiso pertsonala aurrez aurre jarririk.
Lehenengo idazlana izateko, ez dago txarto. Agian, estiloa ez dauka oso landuta, baina ezin da ukatu nahiko aberatsa dela baliabideetan eta esamoldeetan. Etxetik alde egin duen alabak utzi dion hutsune lazgarria kontatzen dio ama batek kartzelan dagoen preso bati modu sinesgarri batean. Borroka armatua dago istorioaren erdigunean, baina batez ere maitasuna, amorrua eta etsipena dira idazleak islatzen dituenak ama horren bitartez, gehien maite duena bat-batean desagertu delako.
Carmen Gisasolaren lehen idazlana heldu zaigu eta ez zait guztiz ase. Nahiz eta laburra izan, asko kostatu zait liburua amaitzea eta, une batzuetan, aspertu ere aspertu naiz. Ustekabea amaiera izan da; oso ona izan dela onartu behar dut eta horrek adierazten dit Gisasola izan daitekeela jarraitu behar diodan idazlea. Beraz, adi egoteko Carmen Gisasolarekin, nahiz eta bere lehen liburua ez gomendatu irakurle askori.