Baginen

2

Izenburua: Baginen
Idazlea: Cira Crespo
Ilustratzailea: Elena Ziordia
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2020

Izan ginela badakigunez, nor izan ginen eta zer egin genuen galdetu behar. Horiei erantzun nahian, artxibo lan zorrotza egin dute Cira Crespo historialariak eta Elena Ciordia ilustratzaileak kutsu literarioko azterlan hau eraikitzeko. Historiaurretik abiatu eta gure garaira arte, berrogeita hamar emakume baino gehiago aurkezten dizkigute, norbanakoak eta taldeak, betiere bizirik ez daudenak, bizi direnak beren historia idazten ari baitira oraindik. Helburua, argia: zenbait emakumeren bizitza ezagutarazte hutsetik harago, historia kolektibo bat eraikitzeko oinarriak jartzea, hots, Euskal Herriko iruditeria zimenduetatik eraberritzea.

Norbanakoen eta kolektiboen izenen bitartez, historiari identifikazio bat jartzen zaio, eta horrek irakurleari lagunduko dio harekiko posizio bat hartzen; ilustrazioak, berriz, tresna historiko aparta dira emakumeon presentzia gorpuztuaren kontzientzia hartzeko eta garai jakin batekin lotzeko. Horrela, ordena kronologikoan aurkezten zaizkigu baronesak, hiltzaileak, bertsolariak, eraikuntzako langileak, inprimatzaileak, kontrabandistak, medikuak, tabernariak, artistak, bai eta senide, alaba, alargun eta amak ere. Dibulgaziozko lan ilustratu hau historia birpentsatzeko oinarri ezinbestekoa da, ahalik eta kontaketa osoenaren bidean.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Getxo 50.1

Ez naiz historia liburuak irakurtzeko zalea, baina harrapatu nau. Cira Cresporen testuek eta Elena Ciordiaren ilustrazioekin batera, Euskal Herriko historia emakumeen bidez ezagutzeko aukera izan dut. Testu eta ilustrazio ezin hobeak, engantxatzen zaituen liburua.

Ezezagunak ziren emakume asko ezagutu ditut, edo hobe esanda, ezkutatuta izan dituzten emakume askoren historia ezagutu dugu. Era berean, gure herriko historia osatu duten emakumeak.

Erabat gomendagarria gure historia emakumeen bidez ezagutzeko.

Gasteiz 9.5

Orain arte ez nuen Euskal Herriko historiaren gainean ezer irakurri emakumeen bidez. Horregatik testu hau ezberdina eta nahitaezkoa iruditu zait.Liburu honi esker ikasi dugu Erdi Aroan emakumeek katedralen eraikuntzan parte hartu zutela, baina beti bezala lanik txarrenak eta gutxien ordaintzen zirenak eginez. Euren beharra zaborra kentzean, hondakinak garbitzean eta ura ekartzean zetzan.
Halaber, XV. mendean “Minduriak” deiturikoak zeudela ere jasota dago, euren senideen gorpuaren aurrean abesten eta errezitatzen zuten emakumeak. Gaur egun “plañideras” dei genitzakeenak. Emeki-emeki galdu da mindurien ohitura.
Geroago, XVI. mendean, Errenazimentu garaian, modu autonomoan bizi ziren emakumeak zeuden, ez zeuden ezkonduta, eta ez ziren mojak. “Serorak” esaten zieten. “Maria Berastegikoa ez zen ezkondua ezta moja izateko; botorik ere ez zuen egin, beste zerbait baizik: horma artean sartuta” . 33.orrialdean
XVII. mendean jada baziren etxetik kanpo bizitza propioa zuten emakumeak. XVIII. mendean ere bai. Adibidez, Gasteizko kale berrian emakumeen solasaldi bat zegoen. Teresa Furrundarena arduraduna zen. Hori guztia Artxibo dokumentu batean agertzen da.
XIX. mendean lehenengo bertsolariak agertu ziren; horien artean, Hondarribiko Joxepa eta Maria Luisa Petrirena nabarmendu ziren.
Emakume asko geratu zaizkit izendatu gabe, baina ez nuke erreseina hau amaitu nahi mundu guztiak ezagutzen dituenak aipatu gabe. Dolores Ibarruri, “La pasionaria”, Mikaela Portilla gasteiztarra, maisu eta historialaria, Vicenta Mogel eta bereziki Elbira Zipitria, frankismo betean klandestinitatetik haurrei euskaraz irakasten aritu zena.
Ez dut liburuan aipatzen diren aitzindarien herenik ere aipatu, oso aspergarria izango bailitzateke. Espero dut irakurleak motibatuta sentituko direla iruzkin honekin eta azkar irakurriko dutela liburu hau. Cira Crespo eta Elena Ziordiaren lanari esker ikusezinak ziren emakume guztiak ikusgarri bihurtu dira.