Izenburua: Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian
Idazlea: Edurne Elizondo
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2011
1990eko hamarkadan zehar, milaka euskal gaztek ezezko borobila eman zieten armada espainol eta frantsesari. Ezezko erradikal horrek belaunaldi oso bat goitik behera markatzeaz gain, euskal gizarte osoa zeharkatu zuen, soldaduskarekin amaitzeko gai izan zen mugimendu horrek ejertzitoetara deituak izan ziren gazteak gainditu eta herritar multzo guztiz zabala borrokara biltzeko gaitasuna izan baitzuen. Mugimendu anitz horrengana hurbiltzeko arrazoiak ugariak izan ziren: antimilitarismoa, abertzaletasuna, bakezaletasuna… Liburu honek intsumisioaren baitako ahots eta ikuspegi guzti horiek bildu nahi izan ditu, irakurleak bere ondorio propioak atera ditzan, protagonisten hitzetan ezinbesteko ariketa izango baita hori oraingo eta etorkizuneko borrokei ekiteko.
Soldadutzaren aurkako borroka, intsumisoek eta kontzientzia eragozleek eta euskal gizarteak eginiko borroka latza armadaren aurka, hori dokumentatu nahi izan du Edurne Elizondok. Dokumentazio lan itzela.
Borrokan aritutako aunitzei eta anitzei eman die hitza, bat banaka, protagonista sentiaraziz. Izenak eta erranak, iritziak eta jarrerak, ixtorioak eta historia. Materiala dago liburu honetan, baina zoritxarrez dena nahas-mahas, mazakote: harri tzar eta harri koxkor eta harrixka eta porlana eta hondarra, dena bildu, eta guzti horrekin pareta/horma publikoa egin du, murala, panela. ìHaratx, ikus bezateî. Baina, erakarriko du jendearen begirada?. Iritsiko da mezua?… Honela emana, ez dakit ba.
Edurne: hau bera bertze modu batera azaltzerik ez al zegoen?.
Niri behintzat pisuegia egin zait irakurketa, halako datu pila dena parrastan, tarrapatan. Aspergarria kontatzeko modua, monotonoa, mezuak errepikatzen dira, zaila da bereiztea, eta batez ere zaila da atseginez irakurtzea.
Liburutik gehien gustatu zaidana ahots polisemia da. Ahots asko intsumisioari buruz berbetan, ahots asko askotariko borrokak batu zituen intsumisioari buruz. Baina niri laburra egin zait liburua, garaia bizi nuen eta datu gehiago nahi nituen, eztabaidetan sakontzea, horietan berriro ere murgiltzea, garaiko giroaz berriro zipriztintzea. Akaso nostalgikoa naizelako …