Bihotz handiegia

4

Izenburua: Bihotz handiegia
Idazlea: Eider Rodriguez
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2017

Arroztasun sentipena dute Eider Rodriguezen sei ipuinetako pertsonaiek: nolakoa izaten ari da bikote bizitza hau, zein desio ote ditu auzokide perfektuak, nor bihurtu gara sute ikaragarriaren ondoren, ginekologoak erakutsiko al dit nolakoa naizen barrutik, zer espero zuten izango nintzela, norenak dira esku hauek.
Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei aurre egiten beti.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Eibar 101.1

Idazle moderno baten aurrean gaude. Egiazkoak izan zitezkeen istorioek egoera eta giro thrillertsuak sortzen dute, nahiz eta amaiera edo amaiera hobea falta zaien. Euskadi Saria eman diote eta bai, uste dut merezi duela. Estilo berri bat da eta gustatu zait.

Antxeta

Irakurri berri dut Rodriguezen kontakizun-bilduma, eta, labur-labur bi alderdi nabarmendu nahi nituzke:

– Egileak maisutasunez islatzen ditu eguneroko bizitza arrunteko giroak, gutariko edozeinenak izan litezkeenak. Irakurlea erakarri egiten du giro ilun horietara, errealismoa baliatuta. Hala lortu du nire kasuan, behintzat.
– Idazkera aldetik, badauka zer hobeturik: arazo latzak ditu erlatiboekin. Zenbait esaldi ulergaitz gertatzen dira atzerakargaren ondorioz. Alde batera utzi beharko lituzke hainbestetan baliatzen dituen erdarazko moldeak, irakurlea behartzen baitu esaldiak bizpahiru aldiz irakurtzera, behar bezala ulertuko baditu.

Gainerakoan, lehen eta azken ipuinak dira interesgarrienak, niri iritziz.

Bilbo 54.3

Liburu interesgarria Eider Rodriguezen azkena. Sei ipuinez osatuta dago eta bat ere ez zait txarra iruditu. Lehenengoa luzeena eta onena iruditu zait, baina besteak ere interesez irakurri ditut. Bikoteei eta guraso eta seme-alabei buruzko ipuinak dira eta Eiderrek erakutsi du giza harremanetan aditua dela.
Idazkera oso txukuna da eta gustora irakurtzen da alde horretatik.
Beraz, gomendagarria da liburu hau.

Azkoitia 76.1

Sei ipuin baino ez ditu Eider Rodriguezen ipuin liburu honek. Lehena, luzeena izateaz gain, hoberena iruditu zait. Liburuari izena ematen dion ipuin horrek eleberri baterako ere ematen duelakoan nago. Banatutako familia batean egoera oso egoki jorratzen du. Beraz, lehen inpresio on horren ondoren gogoz ekin nion hurrengoak irakurtzeari, baina hurrengoek ez naute asebete.
Ipuin liburu gehienetako joera, egoera xelebre edo arraroak jorratzekoa alegia, gehiegizkoa dela iruditzen zait, eta ‘Bihotz handiegia’ joera horren beste adibide bat da.
Laburbiltzeko: lehen ipuina bikaina, besteak arraroak.