Izenburua: Herensuge gorriaren urtea
Idazlea: Eneko Aizpurua
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2013
Lapurretak, iruzurrak eta erasoak nabarmen ugaritu dira azkenaldi honetan eskualdean eta horrek haserrea eragin du herritarren artean. Dirua ebasteko asmoarekin egin den gazte baten bahiketa izan da edalontzia gainezka eginarazi duen ur tanta.
Herritarrak kalera atera dira segurtasun ezagatik protestaka. Hori gutxi balitz, badirudi baten batzuk hitzetatik ekintzetara pasatu eta justizia beren kabuz egin nahian hasi direla. Beasaingo errumaniar ijito baten etxeari su eman diote, eta gaztea leku ezezagunean dago harrezkero. Gertaeren tokian pintada arrazistak agertu dira, “Benetako Euskaldunak” izeneko talde misteriotsu batek sinatuta.
Ikerketa-lanak ezustekoz eta arriskuz betetako eremu ilun eta labainkor batean barneraraziko du Mikel Egileor, egunkaritik kaleratu zutenetik, freelance moduan lanean ari dena bizimodua ozta-ozta atera beharrez.
Eneko Aizpuruaren lehenengo liburuaren (“Errauts”) kritika idaztean zera idatzi nuen: “Ea Eneko Aizpuruaren bigarren liburua hobea den!” Ba bigarren liburua irakurtzen bukatu dut eta lehenengoa baino txarragoa dela esan behar dut. Istorioa astuna eta aspergarria iruditu zait eta kostatu zait amaitzea berez laburra den liburu hau. Pertsonaiak ere oso gutxi landu ditu idazleak, nahiz eta gehienak lehen liburuan ageri. Baina orain motelagoak ematen dute. Mikel Egileor protagonistak ere indarra galdu du liburu honetan, kontrakoa gertatzea normalagoa izan arren. Eta protagonistak indarra galtzen badu, liburuak jai du.
Ondorioz, ezin dut gomendatu liburu hau.