Bidasoan gora

1

Izenburua: Bidasoan gora
Idazlea: Eneko Aizpurua
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2020

Urak egiten duen ibiliaren kontra, ibaian gora abiatu da Eneko Aizpurua: Txingudiko badiako paduretan hasi eta Xorroxingo iturrian amaitu arte, bazterrik bazter ibiliko ditu Bidasoko urak eta lurrak, paisaiari eta pasaiariei beha. Bidaiariaren gogotik eta begietatik igaroko dira aspaldiko kontrabando-istorioak eta migratzaileen trafikoarenak, Barojaren eta Aitzolen estualdiak gerra zibilean, naziengandik ihesi ibilitako juduen eta aire-pilotuen gorabeherak, Zabalzaren eta Lopezen fin gaiztoa Endarlatsan, mugalariak, baserritarrak, eruditoak, filantropoak, faxistak… Begirada amultsu eta aldi berean zorrotza elkartzen ditu egileak, bizitakoaren lekukotasun zuzena eta irakurketa ugariek emandako jakituria, pasadizo xeheak eta gogoeta sakonak, guztiak egoki nahasturik liburu atsegin eta mamitsua osatzeko, berezi bezain gogoangarria.

Subscribe
Notify of
guest
1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Kureiski

Eneko Aizpururen Bidasoan gora liburuari buruz iritzi positibo asko entzun eta irakurri nituen baina argi eta garbi esan behar dut: liburua ez zait zipitzik gustatu, are, era nahiko integralean ez zait gustatu. 
Hasieratik hastearren: Enekok proposatzen duen ariketa bera ez dago liburuan. Ustez bidaia egin du hainbat egunetan baina, eguna egin eta etxera itzuli da lotara? Nonbait lo egin du? Non bazkaldu du? Liburuaren ardatz beharko lukeen bidaia ez dago, ez da existitzen liburuan. Egileak, egin duen moduan egin duela, ez du transmititzen jakin.
Gauza bera gertatzen da paisaiekin. Txingudiko badia, Endarlatsa edo Xorroxin ezagutzen ditugun irakurleok ez ditugu ikusten, ez daude orriotan. Haiei buruz hitz egiten da baina ez dira agertzen, ez dira deskribatzen, ez dira hitz eta datuetan besterik agertzen. 
Eta datuei buruz asko hitz egitea badago, zoritxarrez. Datu eta aipu ugariz ezkutatutako wikipediako konpendio bat da historia eta literatura pixka bat maite duen edonorentzat  eta kezkagarria da ze osagabea den. Zuzenak eta okerrak diren datuak eskutik doaz eta, okerrena dena, pixkat irakurria den edozein euskaldunentzat guztiz onartezina den iturrien ezkutatze oso itsusi batekin.
Gure herriaren historiari egiten zaion ekarpena ere tristea iruditu zait. Bidasoa salbazio eta kondenazio muga mitikoa izan da euskaldunontzat, eta zenbat euskaldun falta diren. Guardia Zibilak zenbat euskaldun tirokatu eta erail ditu Enekoren liburuko parajeetan: Manuel Garmendia Korta Berako hilerri parean, Txirrita Etxalarren tiroz odolustuta… bi aipatzearren. 
Planteamendu horrekin ez da harritzekoa Mikel Zabalzari ematen dion trataera eskasa. Interneten gertatutakoari buruzko datu bilketa hala-moduzkoa egin eta Eduardo Lopez hildako poliziarekin batera ematen zaigu: “Horrorea Endarlatsako tunelean, horrorea Bidasoa ibaiaren ertzean. Udaberri goiz batez, Eduardo Lopez Bidasoa ibaira joan zen arrantzan egitera. Udazken goiz batez, Mikel Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaiko uretan agertu zen. Bata zain bestea ez dira sekula itzuliko etxera. Aberriaren izenean erail zituzten”.
To, dena da berdina da… baldin eta leku berean legez kanpo hildako hainbeste eta hainbeste herritar aipatzen ez baditu idazleak (eta horiek ez agertzeaz ez dakit zer zatekeen grabeagoa, hilketa horien ezjakintasunagatik ez agertzea edo ezkutatze interesatuagatik). 
Baina, Enekorentzat berdinak dira Mikel Zabalza eta Eduardo Lopez hildakoak baldin eta kasu honetan nahita ezkutatzen badu Eduardo Lopezek baduela aitortza instituzionala, domina, kalte-ordain ekonomikoak eta, oro har, aitortza judizalak eta ekonomikoak ematen dituen babes guztiak eta Mikel Zabalzak, aldiz, horietariko bat bera ere ez. Eta, okerragoa dena, Mikel Zabalzaren hilketan parte hartutakoak zeintzuk izan ziren jakin arren inolako prozedura judizialik ez dagoela eta ustez Eduardo Lopezen hilketaren arduradunen kasuan bai egon zela, eta atxiloketak, eta atxilotuak kartzelara sartu zituztela, eta frogarik ez zutenez askatu zutela hilketaz akusatu zuten Iratxe Sorzabal, gero berriz atxilotu zutena, basatiki torturatzeko.
Beraz, Mikel Zabalza torturaren bidez erail zutenen inpunitatea guztiok ikusi genuen Iratxe Sorzabalen gorpu torturatuan (hemen, kasu: https://www.berria.eus/paperekoa/1736/007/001/2017-09-28/iratxe-sorzabal-euskal-presoaren-tortura-salaketa-ikertuko-du-frantziak.htm).
Baina horretaz hitz bat bera ere ez dago Bidasoan gora liburuan. “Honezkero geratzen ote da benetako egiarik benetako gezur handi bat ez denik?” esaten digu Enekok eta bistan dago bere liburuan ez dela geratzen. 
Eta honaino helduta pentsatzen dut gutxienekoa dela eta seguru asko orain arte aipatu ditudan liburuko itsuskeria hauen guztien ondorio zuzena dela, baina ez zait batere gustatu Enekok liburuan darabilen estilo anpuloso eta behartua. Geratu zaidan sentsazioa izan da liburu “serio” bat egiteko erabakia hartu zuela eta aurreko liburuetan zerabilen euskara nahi bada apalago baina normalagoa alboratu duela, nire ustez argi eta garbi handiegi geratzen zaion estilo bortxatu baten alde (baina erdarakada eta zabarkeria batzuk baztertu gabe). Hitz zail baina desegokiak, esaldi hanpatuak baina, batez ere, hasieran oso ondo ematen ez duten baina azkenerako irakurlea aspertzen eta gogaitzen duten naturaren onomatopeia kutre omnipresenteak, triki-traka-triki-traka, wi-nni-peg-wi-nni-peg, ttippi-ttapa ttipi-ttapa, kris-kras kris-kras, tik-tak tik-tak tik-tak, plisti-plasta plisti-plasta, ai-oi-ei ai-oi-ei…

Mesedez, idazle batek errekurtso literarioak erabiltzen jakin behar du edertasuna lortzeko, eta ez ariketa gimnastiko absurdu bat egin irakurlea epatatu asmoz azkenean gogaitu egiten duena! 
Liburu honen estiloa ez da ona, eta ona dela esaten dugu itsututa gaudelako eta ohitu egin garelako hiztegian arrantzan egiten duten idazle exhibizionistak txalotzera. Txori bat agertu beharrean, ager daitezela orrialde bakarrean hogei txori. Horrela hogei izen jarriko ditu idazleak. 

(Ea, goazen bird centerera: “abijoi, ainhara beltz, apeztxori, arrantxori, artxilloi, belentzario, beltxijoi, bentzajo, brintzaio, elai beltz, elizelai, enara beltz, enara handi, erlai, ermitario, hegabera beltz, irrigo, kañabra, kanpantxori, kataka, krrillo, krriskillo, krrizkarro, kriku, martin, mitxigu, txenara beltz [hau bistan dago aurretik esandako enara beltza dela, baina… bat gehiago!], txio, txirri, txirribirri, txirrin, txirriño, txirrio, txirritxaldo, xoribeltz, zirringilo edo zirrizkilo”. SIC)

Zortzi lore, edo zortzi mendi, berdin dio. Barkatu, baina izenak bata bestearen atzetik jartzea ez dut uste denik ondo idaztea. Idazleak desberdintzen ditu txori horiek, lore horiek? Ezin da jakin, deskribapenak egiten dituenan egiten dituenak ez direlako deskribapenak, gauzen izenak seinalatzen ditu. 

(Eta landare exotiko eta ez hain exotikoei buruzko hiztegi laburra ere bada: “likidanbarrak, haginak, hibak, Louisianako nekosta, zefalotexoa, sekuoiak, zedroak, ginkoak, limoiondoak, kameliak, azaleak, hortentsiak, glizinak, banbuak eta abar”. SIC)
(Ea, goazen burdinola hiztegiarekin amaitu aitzin: “azenia, antapara, artaka, karraka, erregu, gaitzeru, xirrindola, kanaleta, kajetin, maratila, maiz, pikor, erreten, terteri, almute, peskante, zetabe…”. SIC)

Hori da ondo idaztea? Txorien izenak jartzen dituenean ez zait irudi ezagutzen dituenik ere. Eta ezagutzen baditu ez ditu ikusteko moduan idazten. 
Tira, horixe, ideia izugarri ona zirudien liburu hau aukera galdu hutsa baino gehiago iruditu zaidala zoritxarrez, aukera endekatu bat.