Afrikanerrak

4

Izenburua: Afrikanerrak
Idazlea: Eneko Barberena
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2019

Gerra, apenas nabari den Arrasateko kaleetan. Hori da akaso atzeguardiaren berezitasuna, frontetik urrun bizitzak aurrera egiten duela, kontzientzia-erruduntasunaren eta eguneroko errutinaren arteko nahasketa arinean bada ere. Hona odol zipriztinak urardoturik iristen zaizkigu. Telebistan bai, han hitz egiten digute gerraz, hitz larri eta pisutsuz. Batik bat Europar Batzordeak legez behartu zuenetik komunikabide publiko guztien albistegiek hasiera komuna izan behar zutela: europarra. Etorkizun hurbil batean, Europar Batasuneko tropek Afrikako iparraldea hartu dute, migrazio ilegala kontrolatzeko asmoz. Armadan izena emateko nahiko gazterik ez, eta zozketa bidez hornitu beharko dira Magreben gure zibilizazioaren balioak zainduko dituzten euskal konpainiak. Handik aski urrun, lanaren eta ezkonbizitzaren errutinan katigaturik bizi dira Eider eta Aitor: herriko liburutegiko langilea da bata, Gasteizen eskola publiko bateko zuzendaria bestea, biak ere funtzionarioak eta seme txiki baten gurasoak. Distopien tradizio luzea geure alearekin aberastuz, geroaren deskribaketa aseptikoaren itxurapean egungo gizarteari zuzentzen dio Barberenak begirada zorrotza, sarritan umoretsu eta beste askotan gupidagabea, prospektiba-ariketa burutsu bezain kitzikagarrian hainbat gai eta arlo maiseatuz: kultura, komunikabideak, industria, aisia, kontsumoa, eskola, politika, migrazioa, aberria, gerra…

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Kureiski

Eneko Barberenaren lehen eleberri hau aparta iruditu zait. Hasieratik narrazioak hartzen duen “vueloa”k laguntzen du kontatu nahi duen horri pisua ematen: “Non dago Omar?” galderaren oihartzunak narrazioaren sakontasunean murgiltzen zaitu. Faulkner gogora ekartzen duen trinkotasun eta dotoreziaz planteatzen zaigu distopia hurbil bat, gertuko bezain urruna.

Badauzka liburuak esaldi memorable ugari, bat aipatzearren:”Abertzaletasunak bere adiera sanoenean baditu milaka aurpegi, eta hau da nik munduari erakutsi nahi diodana, ez gutxiago ez gehiago: badela hemen herri bat oraindik mahaian esertzen dena eskuak garbitu ostean, ez eskuak garbitu aurretik”.

Protagonisten arteko harremanak funtzionatzen du eta haren endekatzean gizarte osoaren endekatzeak duen oihartzuna primeran funtzionatuarazten du liburua.

Azkenik, Barberenak lortu du narrazioan sakabanatuta dauden hainbat eta hainbat elementu sinbolismoz kargatzen eta esangura sakon edo polisemikoekin hornitzen (liburuak, bailarako industria…).

Arrastoa utziko duen eta ahaztuko ez den liburu bat da Afrikanerrak, etorkizunean bisitatuko duguna eta berriro interrogatuaraziko gaituena.

Bilbo 54.3

Oso eleberri gatzgabea iruditu zait Eneko Barberenaren lehenengoa. Genero distopikoa omen da, baina Afrikan egiten den gerra kenduta ez dut alde handirik topatu gure gizartearen eta liburukoaren artean.
Afrikako gerraz gain, senar-emazte protagonisten elkarbizitza eta pentsakizunak dira argumentuaren hariak, baina istorioa oso astiro doa eta idazleak nahi duenean moztu egin da, ez argumentuak berak eskatu duenean.
Bestalde, liburuaren antolaketak ez dio mesede handirik egin istorioari. Izan ere, bikotekideak (eta ez bikoteak, idazleak etengabe idatzi duen bezala) txandakatzen dira eurena kontatzen eta zaila da batzuetan jakitea nor ari den hitz egiten. Gerratik egiten diren laburpenek ere gehiago eteten dute berez motela den istorioa.
Beraz, aspertu egin naiz liburu honekin, genero distopikoko liburu handienetatik oso urrun dagoen liburu honekin
Ondorioz, ezin dut gomendatu. Ea hurrengoa!

Eibar 101.1

Afrikanerrak azken urteetako euskarazko liburu originalena eta sortzaileena iruditu zait. Egungo mundu egoeratik eta tendentzietatik abiatuta, etorkizun hurbileko mundu baten distopia eratzen du, non Europa Afrikaren aurka gudan dabilen, migrazioarekin bukatzeko asmoz. Arrasaten bikote harremanen egunerokotasunak berdin darrai, eta testuinguru horretatik Eneko Barberenak bere kritika soziala egiten du egungo hainbat ideia eta geroko berrirekin, eta ez da ez inor eta ez ezer salbatzen.
Hiru kontu kritiko. Bat: hitzaurrean distopien artean ‘Farenheit 451’ liburuaren aipamena ez egitea, ‘Afrikanerrak’ honetan liburutegien etorkizunak hain toki berezia duenean. Bi: protagonistak Eider eta Aitor bikotea dira, eta bi ahotsek hitz egiten dute istorioan txandaka, baina hizkera eta letra tipo antzekoegia darabilte eta idazleari emakumezkoaren rolean aritzea kosta egiten zaionez, irakurleak ere zailtasunak izan ditzake noren txanda den identifikatzeko. Hiru: horrelako imajinazio ariketa egin ondoren, istorioak amaiera hobea merezi zuen (Zer gertatzen da Andoni eta gerrako zozketarekin?) Pena, hirugarren aditu baten azken berrikusketa izan balu, liburu puntakoa eta enblematikoa bihurtuko zatekeen.
Finean, liburu guztiz gomendagarria, eta gure gizarte honen akatsen hausnarketarako lagungarria.

Gasteiz 9.5

Oso originala da testu hau. Izan ere, distopia bat da, Arrasaten gertatzen den historia 2031ean. Niretzat, euskaraz irakurri dudan mota honetako lehen eleberria izan da. Urrun geratu dira “Bai mundu berri” eta “1984”. Nobela galdera batekin hasi da.”Non dago Omar?”.

Liburuzaina da protagonista, eta liburu anonimo bateko pasarte bat ausaz irakurtzea asko gustatzen zaio. Bibliotekomia masterra on line egin eta gero zazpi urtez lanean jada liburutegian. Liburuzaina izan denez, egile batzuri omenaldiak egiten dizkie, hala nola Albert Camusi, Dostoevskyri, Virginia Woolfi; batez ere Harkaitz Canori. Horrela 100.orrialdean idatzi du: “Disimuluan sartu du poltsan Fakirraren ahotsa, urteekin ondo zahartutako obra”

Bitartean, Europar Batasuneko tropek Afrikako iparraldea hartu dute, migrazio ilegala kontrolatzeko asmoz, baina gerra apenas nabari da Arrasateko kaleetan. Alemana lingua franka da brexita eta gero. Hori dela eta, diskurtsoak euskaraz azpititulatuta egon arren, alemanez entzuten dira.

Geroago, pertsonaia nagusiak bertan behera utzi du biblioteka eta irakasle bihurtu da. Orain, bere kezkak pedagogikoak dira, hain zuzen ere unitate didaktikoei buruzkoak: Martxoaren 8koa, Hondarribiko alardea, Indarkeriaren biktimak…

Irakaslearen dilema ere aipatzen du. Bereziki haurrekin dabilenarena. Non hasten da pertsona eta non pedagogoa. Galdera hauek bere buruari egiten dizkio Federico Baraibarrek institutuko zuzendari kargua onartu zuenetik.

Barberena, nahiz eta Arrasatekoa den, kritikoegia da bere herriarekin. Hau irakur daiteke 62.orrialdean : “Arrasate herri labinista da… Arrasatek ez du sortzailerik ematen, inportatu egiten ditu.”

Bi aipu burutsurekin bukatu nahiko nuke. Bata bakardadearen gainean: “Lehen bezain bakarrik gaude. Lehen baino bakarrago”, 82. orrialdea. Eta bestea gizonei buruzkoa .”Gizon ez du egiten, Simone, gizonak desegin egiten du” 113. orrialdean.