Izenburua: Zendabalitz
Idazlea: Erika Elizari
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2020
Enara, Malox, Sukaina… Eleberri koral bat sortu du Erika Elizarik Igartza sariari esker idatzitako bere estreinaldi honetan: nobela labur, fresko eta dibertigarria, gizon-emakumeen baitako kontraesanekin eta gizartearen estereotipoekin jolas egiten duena; itxuragatik aurreko pertsonari suposatzen diogun errealitatea ez baita beti bere barruko egiarekin ezkontzen, ezta norberak bere buruaz uste duena eta gero benetan egiten duena ere. Zatoz zu ere hegazkinera, eta hasi kuxkuxean aulkiz aulki, bidaiarien maletetan eta kontzientzietan arakatzen, ziur ez zarela aspertuko.
Hasierako ideia ona zen eta lanaren borondatea ere, baina zailegia da une bakoitzean zein pertsonaiaren txanda den berehalakoan harrapatzea, ziur aski pertsonaiak ere ez direlako oso interesgarriak, eta ni batek ere ez ninduen erakartzen. Alde horretatik pertsonaia indartsuagoak aukeratu behar zituen idazleak, arrastoa uzten dutenak, edo bestela irakurleari errazago jarri istorioaren jarraipena.
Oso testu originala idatzi du Hernaniko idazleak. Istorioa hegazkin batean gertatzen da eta pertsonaia bakoitzak gertatzen zaiona kontatzen du, bere oroitzapenak eta inpresioak. Aitortzen dut hasieran argumentuak ez ninduela harrapatzen, istorioa oso nahasia iruditzen baitzitzaidan eta irakurtzeari uztekotan egon bainintzen. Baina 19. orrialdetik aurrera protagonista bakoitzari zer gertatzen zitzaion idazten hasi nintzen, ez galtzeko. Eta horri esker, istorioari gustua hartzen joan nintzaion, hiru egunetan amaitu nuen arte.
Izan ere, zortzi pertsonaia dira, Xabier Agirre izan ezik, hegazkineko komandantea delako. Batzuek Parisen hainbat egun igaro dituzte. Horregatik, Argiaren Hiriari buruzko erreferentziak agertzen dira. Adibidez, Belleville auzoa, Notre Dame katedrala, Marché sux Puces delako merkatua eta Champs Élysées.
Bitartean, Erikak bere protagonisten pasadizo batzuk kontatzen dizkigu: pilotua zorabiatu egiten da, konortea galtzen du eta amesgaizto batzuk ditu. Malox, hau da, Maria Dolores, medikua da eta laguntzera doa. Paule, haurdun dagoena, komunean giltzapetuta geratzen da, Enara komunera joan eta galdutako eraztuna aurkitzen duen arte.
Pixkanaka pixkana, protagonistek elkar ezagutzen dute. Batzuen artean adiskidetasuna sortzen da, beste batzuk isilik geratzen dira oroitzapenak hausnartzen, bidaia amaitzen den arte, eta guk, irakurleok, oso une dibertigarri eta entretenigarria igaro dugu. Horregatik merezi du liburu hau irakurtzea.
Baleko liburua Erika Elizariren lehenengoa. Igartza saria irabazi zuen eta horri esker agertu zaigu euskal narratibagintzan.
Hegazkin batean dauden bidaiari batzuen eta pilotuaren pentsamenduak eta portaerak azaltzen ditu Erikak, tartekatuta eta ordenarik gabe. Horrek irakurketa zailtzen du, askotan zaila baita gogoratzen nor den nor, eta etengabe egin behar dut atzera irakurketan zalantza argitzearren
Hori kenduta, erraz irakurtzen da liburua eta ez du zapore txarrik uzten amaieran. Baina hurrengo liburuari itxaron beharko zaio jakiteko zer nolako ibilbidea izango duen Erika Elizarik euskal literaturan.
Ondorioz, gomendagarria da liburu hau.